Berriak Herri Administrazioa eta Justizia

Euskadiko auzitegiek 2014an zigor-erantzukizuneko delituak direla-eta ezarritako neurriak 541 adingabek bete zituzten. (2015-06-09(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015-06-09

LABURPENA

Neurri judizial gehienak mutilei ezarri zitzaizkien, indarkeriazko nahiz indarbidezko lapurretei lotutako delituak direla-eta. Gehienak Euskadin jaiotakoak dira, eta barneratuak izan gabe betetzen dituzte zigorrak, erregimen irekian.
Euskadik 1985 urtetik kudeatzen du Gazte Justizia. Gazte arau-hausleak birgizarteratzeari dagokionez, Estatuaren abangoardian gaude: delitu bat egin izanagatik justiziarekin kontaktua duten gazteen % 80,4k ez du berriz hausten legea.
Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro inbertitzen ditu, urtero, gazte justiziako ikastetxeen sarean, non 211 profesional baitihardu lanean.

Iaz, adingabeen auzitegiek 810 neurri helarazi zizkioten Eusko Jaurlaritzako Gazte Justiziako zerbitzuari: Euskadin bizi ziren 541 gazteri ezarri zitzaizkien, zigor-erantzukizuneko delitu-motaren bat egin izanagatik. Ezarritako neurri gehien-gehienak (% 93) irmoak izan ziren; gainerako % 7a besterik ez zen kautelakoa.

753 neurri irmo horietatik, gehienak mutilei ezarri zitzaizkien: 621 (% 82,5), neskei ezarritako 132 (% 17,5) neurri irmoren aldean. Iaz neurri irmoak aplikatu zitzaizkien pertsonen nazionalitateari bagagozkio, % 67,5 Euskadin edo Estatuko beste autonomia-erkidego batzutan jaiotakoak ziren, eta % 32,5 atzerrian.

Hauek izan dira gazte horiek egindako delitu ohikoenak: indarbidezko edo indarkeriazko lapurreta (% 31), lesioak (% 16,2) eta ebasketak (% 13,5). Neurri ohikoenak, berriz, honako hauek izan ziren: zaintzapeko askatasuna (% 30), komunitatearen onurarako prestazioak (% 23,5), zeregin sozioedukatiboak (% 16,9) eta barneratzeak (% 14,8). Azken horietatik, % 92,6 urtebetez baino gutxiagoz barneratu ohi dute zentro batean.

BARNERATZE-NEURRI IRMOEN IRAUPENA 2014

0 eta 3 hilabete artean 3 eta 6 hilabete artean 6 eta 9 hilabete artean 9 eta 12 hilabete artean Urtebete baino gehiago
Mutilak 14 39 27 11 8
Neskak 1 5 2 2 0
GUZTIRA 15 (% 13,76) 44 (% 40,36) 29 (% 26,60) 13 (% 11,92) 8 (% 7,33)

2014an ezarritako kautelako 57 neurriei erreparatuz gero, ikus dezakegu gehienak mutilei ezarritakoak direla halaber (% 80,7). Neurri motari gagozkiola, hauek izan ziren ohikoenak: barneratzeak (% 50,87), zaintzapeko askatasuna (% 42,10) eta elkarbizitza (% 7). Nazionalitateari dagokionez, neurrion % 65 Euskadin edo Estatuko beste autonomia-erkidegoetan jaiotako adingabeei ezarri zitzaizkion; beste % 35a, herritartasun atzerritarra duten adingabeei.

PROFIL OROKORRA
Delituren bat egin ondoren Euskadin neurriak betetzera zigortutako adingabearen profil orokorra hau da: mutila, 14 eta 18 urte artekoa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoan jaiotakoa, indarkeriaz, larderiaz edo indar bidez lapurreta bat egin ondoren, neurri irmoa ezarri zaio eta erregimen irekian betetzen du. Hau da: bere familia-eremuan geratzen da, baina eguneko zentroetara joanda; tratamendu anbulatorioa jasotzen, zaintzapeko askatasun erregimenean eta zeregin sozioedukatiboekin; komunitatearen aldeko lanak egiten; asteburuan etxean izaten geratu beharrean eta abar.

Eusko Jaurlaritzak 1985 urtean jaso zuen auzitegiek zigor-erantzukizuneko adingabeei ezarritako neurriak betearazteko eskumena; hain zuzen, Gazte Justizia izenez ezagutzen denaa. Urtean, 13 milioi bat euro inbertitzen dira eskumen horretan. Zehazki, 2015ean, 12.966.130 euroko aurrekontua esleitu zaio.

GAZTE JUSTIZIAREN EUSKAL EREDUA

Adingabe arau-hausleen gizarteratzeari dagokionez, Euskadi Estatuko abangoardian dago. Delituak berriz egiten dituztenen tasa ez baita % 20ra iristen. Hau da: delitu bat egin izanagatik justiziarekin harremana izan duten adingabeen % 80,4k ez du beste deliturik egiten berriz.

Gainera, Euskadi nagusi da adingabeekin bitartekaritza judizialeko prozesuetan, % 88,1eko arrakastaz. Beste era batera esanda, delitu bat egin duten gazteen ia % 90ak onartu egiten du, egindako kalteaz jabetzen da eta biktimak erreparatzen ditu, neurri judizialen ordezko eta alderdien artean hitzartutako ekintzen bidez.

GAZTE JUSTIZIAKO HEZKUNTZA ZENTROAK EUSKADIN
Gobernuak Gazte Justiziako 12 hezkuntza-zentro ditu; horietan, 211 profesional dihardu lanean -haur-hezkuntzako, hezkuntza bereziko, gizarte-laneko, irakaskuntzako, psikologiako eta abarreko espezialistak-, neurri irmoren bat edo kautela-neurriren bat bete behar duten gazteak hartzeko, berrezteko eta birgizarteratzeko. Hamabi zentro horietatik, erdiak eguneko egoitza-zentroak dira; beste seiak barneratze-araubidekoak dira, hiru maila hauetako batean:

I. Maila: eskubideak gehien murrizten dituzten neurriak, eta iraupen luzeenekoak, betetzen dira halakoetan (Ibaiondo).
II. Maila: erregimen erdi-irekiko eta irekiko neurriak, eta iraupen motzeko erregimen itxikoak, betetzen dira horietan (Uribarri, Urgozo, Andoiu/Gorbeia eta Txema Fínez).
III. Maila: autonomia-egoitzak dira, halakoetan, erregimen irekiko eta erdi-irekiko barneratzeen azken faseak betetzen dira.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko