Berriak Lehendakaritza
Eu

Jaurlaritzak 2015ean eta 2016ean euskal ekonomia % 2,5 haztea aurreikusten du

2015.eko ekainak 09

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantzetako sailburuak azaldu duenez, 2015ean eta 2016an Euskadiko barne produktu gordina % 2,5 haztea aurreikusten du Jaurlaritzak. Horri esker, 2015ean % 1,6 haziko litzateke enplegu maila, eta, 2016ean, % 1,7. Gaurko Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Eusko Jaurlaritzak 2016ko EAEko aurrekontu orokorrak egiteko onartu dituen jarraibide orokorren berri ere eman du sailburuak. 

Gatzagaetxebarriak azaldu duenez, hurrengo urteko aurrekontuak bizi dugun testuinguru ekonomikoarekin «koherenteak» izango dira. Horrez gain, aurrekontuek bi helburu nagusiri erantzun beharko diete: herritarren oinarrizko beharrak bermatzea osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuak zutabe izanik, eta hazkunde ekonomikoko eta enplegu sorrerako palanka gisa jardutea. Bigarren helburu horri lotuta, Gatzagaetxebarriak nazioartekotzea, berrikuntza eta industria aipatu ditu suspertze ekonomikoaren motor gisa. Hori bai, Eusko Jaurlaritzak betebehar hirukoitz bati aurre egin beharra duela ere gogoratu nahi izan du sailburuak: defizit, zor publiko eta gastu helburuak betetzea. Horrek ezinbestean aurrekontuetan isla izango duela onartu du Gatzagaetxebarriak.  

Ertzaintzaren lan eskaintza publikoa

Bestalde, legegintzaldi honetan bigarren aldiz, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzak abiatutako enplegu deialdi publikoaren kontrako helegiterik ez jartzeko eskatu dio gaurkoan Espainiako Gobernuari. Gogoratu behar denez, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioren menpeko Aurrekontu eta Gastuetako Estatuko Idazkaritzak Ertzaintzaren lan deialdia bertan behera uzteko errekerimendu bat helarazi dio Eusko Jaurlaritzari, Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren 70. artikulua betetzen ez duela argudiatuta. 

Hori horrela, Ertzaintzaren aurrekontu-hornidurak, langile kopurua eta finantzazioa Segurtasun Batzordean bilateralki adosten direla gogoratu nahi izan du Eusko Jaurlaritzak Josu Erkoreka bozeramailearen ahotik, betiere Gernikako Estatutuak eta Espainiako Konstituzioak berak babestutako foru erregimen berezi baten baitan. Eusko Legebiltzarrak, PPren ekimenez, Ertzaintzako langile kopurua Segurtasun Batzordean bilateralki adostutako baldintzetara egokitzen zela bermatzeko agindu bat onartu zuela ere gogoratu nahi izan du Erkorekak. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak aurreko helegitearekin egin bezala bere asmoak bertan behera utzi eta Administrazioarekiko Auzien Salara ez jotzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.

Justizia 

Azkenik, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak Gazte Justiziako Euskal Zerbitzuaren berri ere eman du.  Azaldu duenez, iaz adingabeen auzitegiek Euskadin bizi diren 541 gazteri ezarritako 810 neurri helarazi zituzten Eusko Jaurlaritzaren menpeko zerbitzura. Kasu guztietan, zigor-erantzukizuneko delituren bat egina zuten gazteek. Neurri judizial gehienak mutilei ezarri zitzaizkien, indarkeriazko nahiz indarbidezko lapurretei lotutako delituak direla-eta. Gehienak Euskadin jaiotako gazteak dira eta zigorrok erregimen irekian betetzen dituzte, zentroetan sartu beharrik gabe. Erkorekak nabarmendu duenez, Eusko Jaurlaritzak 13 milioi euro inbertitzen ditu urtero gazte justiziako heziketa zentroen sarean; uneotan, 211 profesionalek egiten dute lan sarean.  

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.06.09)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)