Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak errepide bidezko garraioa hobetzeko beste diru-laguntza deialdi bat egin du

2015.eko ekainak 09
  • Kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketa sistemak; teknologia berriak eta segurtasuna; profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntza eta jarduera uzteko laguntza
  • Ana Oregi: «Salgaien eta bidaiarien garraio publikoko enpresetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeak segurtasun, gardentasun eta azkartasun handiagoak ekarriko dizkio zerbitzuari»

 

Eusko Jaurlaritzak garraiorako diru-laguntza sorta baterako deialdia egin du, salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate-kudeaketa eta ingurumen-kudeaketako sistemak ezartzeko; teknologia berriak eta segurtasun neurriak ezartzeko; profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntzeko eta jarduera uzten laguntzeko. Lau xedapen ekonomikoren bitartez, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, 2015ean, 314.000 euro baino gehiago bideratuko ditu errepide bidezko garraioaren sektorea laguntzera.

 

Ana Oregi sailburuak honako hau zehaztu du: «Salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko garraiolari urtetsuek lanbidea uztea sustatzeko laguntzen programak 2000. urtean hasitako zereginari jarraipena emango dio. Diru-zenbatekoa 150.000,00 eurokoa da eta hartzaileak salgaiak eta bidaiariak daramatzaten 63 eta 64 urteko emakume eta gizon garraiolariak dira».

 

Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoan teknologia berriak eta segurtasuneko sistemak ezartzen laguntzeko programari dagokionez, «honen bidez, garraiorako ibilgailuetan floten edo antzekoen kudeaketa-, lokalizazio- eta kontrol-sistemak eta segurtasun elementuak ezartzea bultzatu nahi dugu –azaldu du Oregik–, zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzeko». Hornidura 40.000,00 eurokoa da eta onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoan bizita salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio, zirkulazio eta mugimenduaren sektorean diharduten pertsona fisiko eta juridikoak izango dira.

 

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak elkartegintza sustatzeko programa bat finkatu du, 2015ean salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektoreko profesionalen eta enpresarien elkarteei laguntzeko, eta horren zenbatekoa 100.000,00 eurokoa izango da. Euskal Autonomia Erkidegoko errepide bidezko garraioaren sektoreko eta jarduera osagarrietako profesionalen eta enpresarien elkarteei zuzenduta dago, baita beren federazio eta konfederazioei eta kooperatiben federazio eta konfederazioei ere.

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, era berean, salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoaren sektorean kalitate- eta ingurumen-kudeaketa sistemak ezartzeko diru-laguntza programa bat ezarri du, zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzeko helburuarekin. Laguntzak 24.000,00 eurokoak izango dira orotara.

 

«Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepide bidezko garraio publikoan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzearen helburua zerbitzu-ematean segurtasun, kalitate, gardentasun eta azkartasun handiagoak lortzea da. Alde batetik, garraio-enpresentzat positiboa da, beren egitura zaharberrituko dutelako, zerbitzuak kalitatez kudeatu eta ematea eta bide batez bezeroak gogobetetzea ahalbidetuko dien sistema baten bidez; eta bestetik, erabiltzaileei begira onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoko zerbitzua lortuko dutelako», adierazi du Ana Oregi sailburuak.

Ingurumen-kudeaketako sistemak ezartzearen helburua berbera da: enpresei «ingurunea zaintzearen aldeko beren konpromisoa islatzen duen sistema eraginkor bat edukitzea ahalbidetuko die, baita ingurumenean eragin negatiboa izan dezaketen jarduerak, produktuak edo zerbitzuak kontrolatzeko mekanismoak edukitzea eta ingurumen arloko lege-baldintzak betetzea ere, eta hala, garraio-sistema jasangarri bat lortzen lagunduko dute».

«Diru-laguntzen programa hau Euskadiko Garraio Jasangarriaren Gidaplanean garraio jasangarria lortzeko eta garraioaren zaharberritzea sustatzeko jasotako helburu, estrategia eta jarduera-ildoekin bat dator. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioak salgaien eta bidaiarien garraio publikoaren zaharberritzea sustatzeko dauzkan helburuen barruan sartzen da. Horretarako, garraioaren sektorean erabiltzaileei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta bai kalitate-ziurtagirien bai ingurumen-ziurtagirien lorpena sustatzea aurreikusten da», zehaztu du Oregik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)