Berriak
Eu

Emakundek sektore pribatuan eman daitezkeen diskriminazio kasuen defentsa zerbitzua indartu du

2015.eko ekainak 08

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak Diskriminazio egoeren aurreko Defentsa Zerbitzua indartu egin du. Zerbitzu honek hiritarrak eremu pribatuan sexuagatiko diskriminazio egoeren aurrean defendatzea eta emakume eta gizonen berdintasunerako oinarrizko eskubidea babestea du helburu. Aurrerantzean Emakundek aurrez aurreko arreta emateko aukera izango du Gasteizen, Bilbon eta Donostian, beti ere hitzordua hartuz gero 945016550 telefonoan. Zerbitzua telefonoz ere ematen da eta baita ere posta elektronikoaren bitartez (emakunde.defensoria@euskadi.eus)

Eskaintzen diren zerbitzuen hedapen handiagoa egiteko Emakundek argitaratu duen liburuxkan azaltzen denez, zerbitzu honek aholkularitza eta ikerketa lanak egiten ditu sektore pribatuan gertatzen diren ustezko sexuagatiko diskriminazio egoeren aurrean. Honekin batera, diskriminazio- egoerak eta jokaerak desagerrarazteko gomendioak ematen ditu eta sexu-jazarpeneko kasuak konpontzeko bidea errazten du.

Orokorrean sektore pribatuan ematen diren sexuagatiko edozein diskriminazioren aurrean jo daiteke zerbitzu honetara, batez ere lan arloan ematen direnen kasuan, adibidez: lanpostu bateko deialdiaren baldintzetan sexu bereizkeriak egiten badira; hautatze elkarrizketetan, promozioan, soldatan; lan-bizitza, familia-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeari buruzko eskubideak direla eta; haurdun dauden langileen kaleratzeak; sexu-jazarpena… Baita beste arlo batzuetan ematen diren diskriminazioak direla eta, hala nola, kirol arloan, elkarteetan…

Azken urteetan jasotako kontsulten herena baino gehiago (%38) lan mundukoak izan dira, amatasuna eta kontziliazioaren ingurukoak gehienak. Kasu gehienetan informazio eskaerak dira kexkak baino askoz gehiago. Gehienetan amatasun baja batetik datozen emakumeen egoerari buruzkoak izaten dira. Euren lanetara bueltatzean beraien lan egoeran aldaketak ematen direnean, eta aldaketa hauek beraien lan egoera zailtzen dutela ulertzen dutenean.

Bestetik, azken urteotan asko igo da komunikazio eta publizitate sexistaren inguruko kexa kopurua, %31era helduz. Igoera honek zerikusia du Begira komunikazio eta publizitate ez sexista baterako aholkularitza batzordearen berrindartzearekin.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)