Berriak Osasuna
Eu

Osakidetzak pazientearen segurtasun klinikoa hobetzeko eta indartzeko bi ekintza abiarazi ditu

2015.eko ekainak 10

Pazientearen Segurtasunaren 2013-2016 Estrategiaren helburuen barruan

Informatzeko eta kontzientziatzeko ekimen bat, aitzindari Estatuan, pazienteak beren segurtasunean engaiatzeko helburua duena

 Identifikatzeko eskumuturreko modelo berri eta bakarra Osakidetzako ospitale guztietan

Osasun Sailak eta Osakidetzak bi ekimen abiarazi dituzte, Pazientearen Segurtasunaren 2013-2016 Estrategiaren baitan, Osakidetzako erakunde guztietan hobetzeko eta indartzeko pazientearen segurtasuna.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek, Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko programen koordinatzaile Enrique Peiró zuela lagun, honako hau adierazi du gaur goizean Bilbon: «Osakidetzak urteak daramatza segurtasunaren alorrean lanean; horri esker, aintzatespen maila altua lortu dugu ematen dugun osasun-laguntzaren kalitatea eta segurtasuna dela medio. Horregatik, orain garrantzitsua da aurrera egiten jarraitzea, paziente guztiei segurtasun-maila handiena eskaintzea lortu arte, edozein dela ere haiek artatzen dituen Osakidetzako erakundea. Horra hor gure helburua, eta, bi ekimenokin, bi aurrerapauso eman ditugu xede hori betetzeko bidean».

Jon Darpónek esan duenez, Osasun Sailarentzat eta Osakidetzarentzat, lehentasuna du pazienteei ematen dioten arretaren segurtasuna; horregatik, Pazientearen Segurtasunaren 2013-2016 Estrategia ezarri du Osakidetzak: hau da, modu koordinatuan lan egiteko, jardunbide egokiak partekatzeko eta abiarazi berri diren proiektuen gisakoak garatzeko tresna bat.

Hala, Pazientearen Segurtasunaren Estrategian aurreikusitako jarduera-ildoak dira, batetik, pertsonak beren segurtasunean engaiatzea eta, bestetik, pazientea identifikatzeko sistemak homogeneizatzea eta hobetzea.

 

Pazientea engaiatzea

Informatzeko eta kontzientziatzeko ekimena, aitzindari Estatuan eta berritzailea alor horretan, lehen lan-ildoa garatuz sortu da. Ekimenaren helburua da pazienteek ohartzea zeregin garrantzitsua bete dezaketela beren segurtasun klinikoa indartzeko, eta aktiboki jardutea berau hobetzen.

 

Osakidetzako Lehen Mailako Arretako erakundeetako segurtasuneko erreferenteek prestatu dute ekimena eta hiru arrisku-esparru hartu dituzte ardatz gisa: pazienteen identifikazioa, informazioaren transmisioa eta farmakologiako tratamendua. Ekimenari aholku erraz eta praktikoen bidez heldu zaio.

Hala, asmoa da, eskuko hatz bakoitzean aholku xinple, oinarrizko eta oroiterraz bat irudikaturik, pazienteek aintzat hartzea bost aholkuok, eta Osakidetzarekin harremanetan horiek betetzea: horrenbestez, pazienteen segurtasuna hobetuko da, ekimenaren azken helburua gauzatuz.

 

Zure segurtasuna zaintzen dugu, lagun iezaguzu. Zuk ere baduzu zeresana zeure segurtasunean

Bat:  IDENTIFIKA ZAITEZ

Bi:  EZAGUTU ZURE TRATAMENDUA

Hiru: EGIAZTATU EMATEN DIZUTEN DOKUMENTAZIO GUZTIA

Lau:  ALERGIKOA BAZARA, BETI JAKINARAZI HORI

Bost: EZ IZAN ZALANTZARIK

Hala, lehen aholkuak adierazten du pazienteek beti eraman behar dutela identifikazio-agiriren bat gainean –NANa edo Pasaportea– bai eta Osasun Txartela ere, Osakidetzarekin dituzten harreman guztietan.

Bigarren aholkuaren bitartez gogorarazten da gaixoek beren medikamentuak ezagutu behar dituztela: zer ari diren hartzen, bai eta nola, noiz eta zertarako ere. Aholkatzen du informazio hori guztia jasoko duen zerrenda bat eskatzea, eta eskura izatea zerrenda hori osasun-etxera edo ospitalera joaten den bakoitzean. Zerrendan sartu behar dira, halaber, errezetarik gabeko sendagaiak: bitaminak, sendabelarrak, etab.

Hirugarren aholkuaren gomendioa zera da: egiaztatzea zuzen identifikatu direla (izen eta abizenez) pazienteari eman zaizkion dokumentu guztiak (txostenak, errezetak, txartelak edo bestelako agiriak).

Laugarrenak gomendatzen du pazienteak beti jakinarazi behar dizkiela alergia eragiten dizkioten produktu nahiz sendagaiak hura artatzen duten profesionalei.

Eta, azkenik, gomendatzen da norberaren osasun-arazoekin eta tratamendu-planarekin zerikusia izan lezaketen zalantza guztiak kontsultatzea, ezinbesteko kontua nork bere burua egoki zaintzeko.

Mezu horiek jendarteratzeko, triptikoak eta kartelak erabili dira eta Osakidetzako erakundeetan eta farmazia-bulegoetan banatu. Horrez gainera, informazio hori guztiori eskuragarri jarri da Osakidetzako webgunean ere.

Identifikazio-sistema bakarra

Bigarren jarduera-ildoak identifikazio-sistemak homogeneizatzeari eta hobetzeari egiten dio erreferentzia: sare osorako baliagarria den sistema berri eta bakarra da emaitza.  Osakidetzak dagoeneko badu identifikatzeko eskumuturreko modelo bakarra ospitale guztietan; arian-arian, eta erakunde bakoitzean aurretik erabilitako modeloaren stocka bukatzen joan ahala, modelo berria ezartzen joango da guztietan.

Osasuneko sailburuak nabarmendu duen moduan: «Osakidetzako sare guztiak identifikazio-sistema bakarra edukitzeak segurtasun handiagoa ekarriko du; izan ere, funtsezko neurria da osasun-zentroetan pazientea zuzen identifikatzea ematen den arretan akatsak saihesteko».

Espero da aurtengo urte amaierarako izatea identifikazio-eskumuturreko bera Osakidetzako ospitale guztietan.

 

2015eko ekainak 10

 

 

6 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2015.eko ekainak 12

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza pone en marcha dos acciones para mejorar y reforzar la seguridad clínica del paciente http://t.co/hgJgxPf7Bx

  • @biocrucesHRI
    2015.eko ekainak 11

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza pone en marcha dos acciones para mejorar y reforzar la seguridad clínica del paciente
    http://t.co/69TGhdl9Ia

  • @IosuBJ
    2015.eko ekainak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @lurubeta: Osakidetzak pazientearen segurtasun klinikoa hobetzeko eta indartzeko bi ekintza abiarazi ditu http://t.co/dPARFOgSSd

  • @lurubeta
    2015.eko ekainak 10

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza pone en marcha dos acciones para mejorar y reforzar la seguridad clínica del paciente http://t.co/2tnTyg5VzW

  • @lurubeta
    2015.eko ekainak 10

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzak pazientearen segurtasun klinikoa hobetzeko eta indartzeko bi ekintza abiarazi ditu http://t.co/dPARFOgSSd

  • @lgauna64
    2015.eko ekainak 10

    Comentario de Twitter:
    RT @HUAospitalea: Osakidetza pone en marcha dos acciones para mejorar y reforzar la seguridad clínica del paciente http://t.co/jqvhv1J5nE

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Peiró, Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko programen koordinatzailea