Berriak Lehendakaritza
Eu

Euskadik ordezkatu du lankidetza deszentralizatuari buruzko jardunaldietan

2015.eko ekainak 08

2015 “Garapenaren Europar Urtea” da, Milurteko Garapenaren Helburuen amaiera dakar, eta aukera bikaina eskaintzen du garapenari buruzko agenda berri bat adosteko datozen 15 urteetarako. Testuinguru horretan, Eskualdeetako eta Tokiko Agintaritzak elkartu egin ziren Eskualdeen Batzordean, 2015eko ekainaren 1 eta 2an, Lankidetza Deszentralizatuari buruzko Jardunaldien 4. edizioan.

PIEKen Kanpo Lankidetzarako Lan Taldeak -haren ordezkaria eta lan taldearen burua Euskadi da- bere ekarpena eskaini zuen eztabaidarako, Eusko Jaurlaritzaren Lankidetza Agentziaren Zuzendari Paul Ortegarekin, zeren parte hartu baitzuen bai Osoko Bilkuran eta bai 2015aren osteko agenda: Unibertsaltasuna eta Garapenari buruzko Lurralde Ikuspegia”  izeneko mahai-inguruan.

Mahai-inguru horretan, parte-hartzaileek zenbait mezu azpimarratu zituzten, gai hauen inguruan: Tokiko eta Eskualdeetako Agintaritzen osoko inplikazioa 2015aren osteko agendan; EBko eskualde-garapenaren eredua nazioarteko lankidetza-prozesura esportatzea; eta lankidetza deszentralizatuaren lurralde-dimentsioa, 2015aren osteko Agendak maila unibertsalean sustatu nahi dituen printzipio batzuk barne sartuta, hala nola horizontaltasuna, berdinen arteko lana eta elkarrengandiko ikaskuntza.

 “Hizpide duguna ez da lankidetza deszentralizatua soilik, baizik eta harago doan eta interes-talde eta gobernantza maila  desberdinak biltzen dituen lankidetza ere”, adierazi zuen Paul Ortegak; azpimarratu zuen, halaber, “lurralde-dimentsioa eta lurralde–ikuspegia lankidetza deszentralizatuaren aliantza berriaren muinean daudela”.

Nazio Batuen Garapen Programako (NBGP) ART ekimenaren ordezkaria Johannes Krassnitzer izan zen, eta hauxe azpimarratu zuen: “lankidetza deszentralizatua ekintza eremu berri bat da, ezaugarri nagusitzat duena eragile sozialen eta tokiko instituzioen arteko kontsultarako formak bilatzea. Laborategi gisa funtzionatzen du, zeren bidea ematen baitu erantzun berritzaileak emateko garapen-politiken muinean etengabe egoten diren arazoei. Adibidez, gobernuaren barneko eta gobernuz kanpoko jardueren arteko lotura, gobernu zentralaren eta nazio mailatik beherako gobernuen artekoa, merkatuko arauen eta elkartasun sozialerako eskarien artekoa”.

Erakundeko kide diren nazioak ordezkatuz, Guillermo Herrera Villareal Ekuadorko Carchi Probintziako Prefetak ”helburu unibertsalak bilatzen dituen maila anitzeko gobernantza”  aldarrikatu zuen, “gizarte zibil osoa azkeneko erabakiak hartzeko prozesuan inplikatzeak”  duen garrantzia azpimarratu zuen, eta nabarmendu zuen “lurralde-garapenak muga nazionaletatik harago joan beharko lukeela, batez ere mugaz gaindiko eskualdeetan”.

Europako Parlamentuaren ordezkaria 2015aren osteko agendarako txostengilea izan zen, hots, Davor Ivo Stier parlamentaria. Bere esanetan, “gustatuko litzaioke Tokiko eta Eskualdeetako Agintaritzak inplikatuta ikustea lankidetza deszentralizatuaren inplementazioan ez ezik, lankidetza horren prozesuaren hasieran ere. Era horretan, prozesu osoa inklusiboago izango litzateke eta emaitza gehiago ekar litzake.

 

Euskadi da PIEKen (CPMR) Kanpo Lankidetzarako Taldearen burua

2014ko uztailaz geroztik, Eusko Jaurlaritza (Lankidetzaren Euskal Agentzia eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritza) da PIEKen Kanpo Lankidetzarako Lan Taldearen burua. Haren helburu nagusia da lurralde-dimentsioaren printzipioa sustatzea, eta, ildo beretik, lankidetza deszentralizatuaren eraginkortasuna eta inpaktua behatzea eta baloratzea, bai EBko agendari dagokionez eta bai nazio mailako eta nazioarteko agendei dagokienez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)