
Lehendakaria zerbitzu-egintzetan hildako ertzainak omentzeko eta polizia-lana saritzeko dominak emateko ekitaldiaren buru izango da
Jendarme bat omendu dute
Orotara, hamabi ertzain saritu dituzte, bakoitza bere modalitatean. Horrez gainera, aurten, beste polizia-talde bateko kide bat batuko zaie lehen aldiz; hain zuzen, Frantziako Jendarmeriako koronela, Manuel Montull, zeinak bereizgarri urdineko domina jasoko baitu, laguntza garrantzitsua eman baitzuen Irungo herritar baten erailketa argitzen (2014ko martxoa), bai eta ondoren ere, ustezko hiltzailea Frantzian atxilotzen.
Bereizgarri gorridun domina
Bi agentek jaso dute polizia-lana aitortzeko bereizgarri gorriko domina, Ertzaintzan jaso daitekeen kondekorazio gorena. Arabako Murgia udalerrian, armak erabiliz banku batean egindako lapurreta bat galarazi zuen batak, 2011ko maiatzean: lapurrari aurre egin zion eta han bahitutako pertsonak kalterik gabe alde egitea lortu zuen. Beste ertzainak ere banku bateko lapurreta galarazi zuen; oraingoan, 2012 uztailean, Donostiako banku batean. Sabelean zauritu zuten tiro batez, baina lapurreta bahituen askapenarekin amaitu zen, bai eta lapur baten atxiloketarekin ere. Beste lapurra tiro batez hil zen, poliziari aurre egin zionean.
Bereizgarri berdedun domina
Beste sei agentek bereizgarri berdedun domina jaso dute. Horietako bik, arrisku larrian zegoen emakume bat salbatzea lortu zuten, 2014ko martxoan, hura ekaitz gogor baten mende zegoenean Kontxako eta Ondarretako hondartzen artean. Beste batek gizonezko bat zazpigarren pisutik jauzi eta bere buruaz beste egitea galarazi zuen, 2013 urrian, Bilbon. Laugarren batek, zerbitzuz kanpo zegoela, Bilboko metroko zaindari bati erasoa galarazi zuen, 2013ko abenduan. Bereizgarri berdeko dominarekin omendutako bosgarren agenteak N-121ean (Irun parean) ibilgailuaren kontrola galdutako emakume bat salbatu eta babestu zuen, 2014ko uztailean. Seigarrenak aita bat eta haren alaba hil berri zituen norbait menderatu eta geldiarazi zuen, 2014ko abuztuan, Kantabriako Laredo udalerrian oporretan zegoela.
Diplomak
Beste lau agente saritu dituzte, diploma bana emanda, beste hainbeste merezimenduko egintzatan parte hartzeagatik. Haietako bi, emakume bat salbatzeagatik Arenako hondartzan (Bizkaian), 2012ko urrian; beste biak, txanodun-talde batek Bilboko auzitegien egoitzari eraso egitea galarazteagatik, 2012 martxoan, greba orokorraren testuinguruan.
Aurtengo ekitaldian, izan da beste berritasunik ere; hain zuzen, jendaurrean irakurri dira azken urtean zerbitzuan egintza aipagarrietan protagonista izan diren ertzainen izenak (haien espediente pertsonalean ere gehitu dira, ohar moduan). Guztira, hogeita bat agente aipatu dira aurten.
Hildakoei omenaldia eta lehendakariaren hitzak
Gaur Oiartzunen egindako ekitaldian, lehendakariak eta sailburuak eskaintza bat egin dute 1982tik gaur egun bitartean zerbitzuan hildako ertzain guztien oroimenez –ETAk hildakoak barne– eta, amaieran, dantzari batek ohorezko aurresku bat dantzatu du. Jarraian, lehendakariak hitz batzuk zuzendu dizkie han zeudenei.
(*) Ertzaintzaren kondekorazioen araubidea
202/2012 dekretuak, urriaren 16koak, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzekoak, xedatzen du gaur egungo araubidea.
Kondekorazio eta aintzatespenei dagokienez, Dekretuak hiru domina sortzen ditu polizia-lana saritzeko, bereizgarri gorriduna, bereizgarri berdeduna eta bereizgarri zuriduna, hain zuzen, eta bi diploma-mota: bereizgarri gorriduna eta bereizgarri zuriduna.
Bereizgarri gorridun dominak ertzainaren bizia arriskuan jarri izandako ekintzak eta bestelako aparteko ekintzak saritzen ditu; bereizgarri berdedunak, bizia arriskuan jarri gabeko aparteko ekintzak, eta bereizgarri zuridunak, azkenik, polizia-betebeharrak nabarmen ondo betetzen dituztenak eta Ertzaintzaren ospea hobetzeko ondorioa dakarten azterketa zientifikoak egiten dituztenak saritzen ditu. Bada laugarren domina bat ere, bereizgarri urdina duena, Ertzaintzaren helburuei lotutako merituzko zereginak egiteagatik beste polizia-gorpuz, larrialdietako zerbitzu nahiz segurtasun pribatuko erakundeetako kideak saritzeko.
Diplomek, bestalde, ertzainen bizitza profesional osoa aintzatesten dute. Bereizgarri zurikoa hogei zerbitzu-urte diziplina-faltarik gabe betetzean ematen da, eta bereizgarri gorriduna, berriz, zerbitzuan hogeita hamar urte betetzean.
-
2015-06-08
Comentario de Twitter:
El Lehendakari preside el acto anual de entrega de condecoraciones y de recuerdo a los ertzainas fallecidos http://t.co/XUMM5q7jEv