Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzainorren esku-hartzeen % 60 baino gehiago droga-aurkako operazioak dira

2015.eko ekainak 04

Ertzaintzaren Unitateak berak 8 txakur hezi zituen Berrozin 2014an

2014an, Ertzainorreko agenteek substantzia estupefazienteen trafikoari loturiko 111 operaziotan hartu zuten parte EAEn: parte hartutako jarduera guztien % 66, hain zuzen ere. Desagertutako edo istripuren bat izandako pertsonen erreskateak dira bigarren eragiketa nagusia eta lehergailuen bilaketari loturiko jarduerek azken urteetako beheranzko joerari eutsi diote.  Bestalde, iragan ekitaldian, zortzi txakur hezi ziren, hain juxtu, gidarien eta txakurren prestakuntzaz arduratzen den unitatearen hogeigarren urteurrenean.

Iaz, Ertzainorreko agenteek, txakurrak lagun, 166 jarduera intzidentaletan esku hartu zuten; alegia, delitu-egintzen aurrean agenteak mugiaraztea eskatzen duten planifikatutako edo berehalako zerbitzuetan.  Nagusiki, droga, lehergailuak eta legezko erabilerako billeteak bilatzen dihardute, baina baita desagertutako pertsonak edo gorpuak bilatzen ere. Kopuru horretatik 111 jarduera drogaren aurkako operazioen ondoriozkoak izan ziren; substantzia estupefazienteak bilatzea higiezinetan, nagusiki, etxebizitzetan, lonjetan eta ostalaritzako establezimendutan, ibilgailuak miatzeaz gainera. Desagertutako edo istripuren bat izandako pertsonen erreskateak, gehienetan landa-gunean edo mendialdean, 36 izan ziren; jarduera guztien % 22.

Ertzaintzaren artezilariak laguntzeko jarduerak, urtetan Ertzainorren egiteko nagusia izan denak, nabarmen murriztu ziren iaz, 17 esku-hartze zenbatu baitziren. Jarduera-kopuruak beheranzko joerari eusten dio nabarmen; 2004an, 136 esku-hartze erregistratu ziren arlo horretan. Estatistikan jasotako gainerako datuak segurtasun arloko esku-hartzeei dagozkie.

Lurraldeka, Bizkaian eta Gipuzkoan esku-hartze kopuru berdina egin da; 67. Araban, berriz, 32 jarduera gauzatu ziren.

Unitateko jardueren balantzea osatzeko, prebentzio-jarduerak aipatu behar dira; ekitaldi publikoen edo eraikin ofizialen segurtasuna bermatzea, kirol-ekitaldien edo jende-kopuru handiak bilduko diren instalazioak miatzea, polizia-etxeen, espetxeen, aireportuen, etab., perimetroa zelatatzea edo ikuskatzea kasu. Mota horretako planifikatutako esku-hartzeak milatik gora dira; esku-hartze intzidentalak eta horiek batuta, unitateak 1.400 esku-hartze inguru egin ditu urte horretan.

Hogei urte hezitzaileak eta txakurrak prestatzen

1994az geroztik, unitateak berak ematen ditu prestakuntza-ikastaroak, eta gidariak zein txakurrak trebatzen. Gainera, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiarekin lankidetzan, trebakuntza eta birziklatze ikastaroak antolatzen ditu bestelako polizia-indarrentzat, izan erkidego-mailakoak, izan Estatukoak. Esperientziak trukatzeko ere baliagarriak dira, hala nola txakur-unitateen polizia-eragingarritasuna hobetzeko.

Iaz, zortzi txakur hezi ziren; bost, erreskaterako, eta hiru, segurtasun-lanetarako. Ertzainorren beste arlo batzuetan ziharduten lehen horietatik lauk.

Egun, Unitate hori Ertzaintzaren Herri-segurtasuneko Dibisioari loturiko Erakunde Segurtasuneko Buruzagitza Nagusiaren mende dago. Berrogei ertzainek osatzen dute, lau eragiketa-arlotan banatuta daudenak: hamabi gidari, lehergailuen arloan; zortzi, drograrenean; sei, erreskateetan; eta lau, segurtasunean. Gainera, bost hezitzaile eta Unitatearen arduradunak ere kontuan hartu behar dira. Guztira, 37 txakur ditu, arlo horietan jarduteko. 

Ertzaintzaren unitate hori 1985ean sortu zen, Arkauteko akademian segurtasun-lanetan aritzeko lau txakur ekarri zirenean. 1989an sendotu zen txakurren taldea, lau agentek Alemaniako poliziak Stuttgarten eman zuen ikastaro batean parte hartu baitzuten, segurtasuneko gidari gisa trebatzeko.

Ertzainorren egoitza Ertzaintzaren Berroziko (Araba) instalazioak dira: entrenalekuak, txakurtegiak eta txakurrak trebatzeko bestelako aretoak. Lehergailuen unitateak talde operatiboak ditu hiru lurraldeetan, Arkauten, Erandion eta Oiartzunen, Lehergailuak Indargabetzeko Unitateari laguntza emateko.

Jolasa eta motibazioa, txakurra trebatzeko tresna

Txakurra hautatu ostean, urtebete inguru duela, eta animaliari hilabetez hainbat proba egin ostean bere ohiko ingurunetik kanpo, hezte-prozesuari ekiten zaio. Lau eta sei hilabete arteko iraupena du ikastaroak, espezialitatea gorabehera: lehergailuak, drogak, erreskateak edo segurtasuna.

Erabiltzen den irakaskuntza-metodoa jolasteko gaitasunean eta motibazioan oinarrituta dago, jokabide eta erantzun jakin batzuk era mailakatu eta jarraituan beregana ditzan txakurrak. Era horretan, txakurrek helburua betetzea, (substantzia estupefazienteak, lehergailuak edo desagertutako pertsona bat aurkitzea) eta saria (jostailua –hozka egiteko bat–) lortzea lotzen dute.

Ertzainor beste txakur-unitate batzuk ez bezalakoa da, txakur bakoitzak gidari eta lan-esparru bana baizik ez dituelako. Agenteak txakurra bere etxean zaindu eta hartzeko konpromisoa du, eta, eguneroko elkarbizitzaren ondorioz bien arteko ezagutza sakona denez, polizia-lanak are hobeak dira. Lotura hori oso garrantzitsua da muturreko egoeretan jarduteko eta gidariak eta txakurrak osatutako binomioaren jokabideak behar bezala interpretatzeko. Gainera, prestakuntza etengabea da ia, entrenamenduen, ikastaroen eta hainbat kolektibori, tartean, ikastetxeei, eskainitako jardunaldi espezializatuen, hitzaldien eta erakustaldien bidez.

Txakurrak, 8 edo 9 urterekin bizitza-profesionala amaitzean, ertzainaren etxebizitzan jarraituko du, edo konfiantzazko familia bati emango zaio.

Polizia-txakur gisa erabilitako arrazei dagokienez, alemaniar artzain-txakurra da denetan nagusia. Ertzainorreko buruak azaltzen duenez, «polizia-txakurretan nagusia da. Oso ezaugarri aproposak ditu egiteko honetan jarduteko, bai independentea delako –gidaritik urrun egonda ere lan egin dezake–, bai lasterka zein hozka egiteko gaitasunagatik, bai defentsarako, etab. Funtsean, ezertan ere ez da onena, baina bigarren onena da ia denean». Nagusiki, lehergailuen eta segurtasunaren inguruko lanetan erabiltzen da.

Ertzaintzak, azken urteetan, beste arraza batzuetako txakurrak ere hartu ditu Ertzainorren; esaterako, malinois belgiar artzain-txakurra, «txakur indartsu eta kementsua, erreskate-lanetan erabilia.Oso aproposa da egiteko horietarako Euskadin, bilaketa-eremu handiak miatzeko gai denez. Txakurren 1 formula da». Labrador arrazako txakurrak ere badaude, txikiagoak eta ahalmen fisiko gutxiagokoak izan arren, oso egokiak direnak drogak hautemateko, hain dute usaimen fina. Eraitsitako eraikinetan pertsonak bilatzeko ere baliatu daitezke. Azkenik, unitatean springer spaniel arrazako txakurrak ere badaude; tamaina ertaineko ehiza-txakur oso aktibo eta adimentsua, aproposa bilaketa-lanetarako.

Behar berrietara egokitzea

Gizarte-errealitateak eta delitugintza modalitate berrien agerpenak Ertzaintza erronka berri horietara egokitzea dakarte. Ertzainorren kasuan ere parte-hartze esparru berriak ari dira aztertzen. Azken urteetan, txakurretako batzuk berrezi egin dira legezko erabilerako billeteak hauteman ditzaten polizia-operazioetan etxebizitzak edo legez kanpo garraiatzeko erabilitako ibilgailuak miatzean. Halaber, urpean dauden gorputzak aurkitzeko praktikak ere egin dira. Kasu horretan, «zailtasun bat gehiago dago; lehenik, txakurrei txalupara igo eta bertan egoten irakatsi behar zaie. Hala, ez dute izurik ez arreta-galtzerik izango ohituta ez dauden ingurune horretan. Ingurune berrira egokitu direnean, usainak hautematen irakasten zaie, urpean egon daitezkeen gorpuak aurkitu ditzaten», adierazi du Ertzainorren arduradunak.

Bestalde, txakurrek su-azeleratzaileak, kobrezko kableak, armak, etab., hautematea zein eratara lor daitekeen aztertzen ari gara.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko