Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
qrcode

Eusko Jaurlaritzak jendaurreko kontsultapean jarri du Aralar Natura Sareko naturgune izendatzeko proiektua

2015-06-04
  • Lurzoruaren ekoizpen-erabilera nagusiak abeltzaintza –ardi latxa, zaldiak eta abelgorriak– eta baso-ustiapenak dira
  • Ingurua aisialdirako erabiltzeko ohitura dago

VG 15/06/04

Bihar, ekainak 5, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak jendaurreko informazioan jarriko du Aralar KEB-Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko proiektua. Asmoa da Aralarko kontserbazio-egoera hobetzea, bai eta gune hori Natura 2000 Sarean sartzea eragin zuten habitat eta basaespezieena ere. Euskadiko arnasgune berde handienetakoa.

Eusko Jaurlaritzak 1994an onartu zuen Aralarko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana Aralarko Natura Parkearen baliabide naturalak planifikatzeko eta kudeatzeko tresna gisa. Aralar 1994an ere izendatu zuten Natura Parke; hain zuzen, uztailaren 4an.

Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendariak, azaldu duenez: «Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko mendialde garrantzitsuenetakoa da Aralar, haren zabalera, garaiera, natura-balioak eta hango paisaiaren eragina dela-eta». Mendiguneko nukleoak –bazkalekuek osatua gehienbat–, 1.200 metrotik gorako garaiera du eta hedadura handia. Barne-paisaiari dagokionez, egitura karstikoek eta mendiguneko paisaien berezko elementuek ezaugarritzen dute: baso handiak, larre zabalak, mendi eta larre harritarrak, gailurrak, harkaizti eta amildegiak, erreka eta iturriak eta geologia-alderdi apartekoak».

Erdialdera eta ekialdera (alde garaienean), larreak dira nagusi eta ez da apenas basorik. Hegoaldean, berriz, pagadi zabalak eta interes fitogeografiko nabarmeneko Kantauriko artadiak.

«Aralarreko lurzoruak bi ekoizpen-erabilera nagusi ditu. Alde batetik, abeltzaintza: ardi latxarena, borda eta korta sakabanatuekin, eta azienda larrikoa, zaldi eta abelgorriekin. Bazkatzeko larreak eremu garai guztian zehar hedatzen dira eta azalera osoaren herena hartzen dute gutxienez. Bestaldetik, baso-ustiapenak ertzetan aurki daitezke gehien bat: hegoaldeko zerrendan, ipar-bazterretan eta domo-inguruan», gaineratu du Barredok.

Azken eremu horretan, hedadura handia hartzen dute konifera-sailek (pinu zuria, larizioa, Douglas izeia eta radiata pinua). Gainerakoan, baso klimazikoak dira nagusi. Aralarreko baso handiena pagadiek eratzen dute.

 

Balioak

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako zuzendariak adierazi duenez: «Oro har, egitura gazteak dira, ez oso anitzak, eta oso bakunak, jasan duten ustiapen-eredua dela eta». Kantauriko artadiak egitura zaharrak dira –baita helduak ere–: baso-birsorkuntza eskasa izan dute, eta zuhaiztiaren parte handi bat anduietik dator.

 

Aralarreko zenbait balio natural mendialde horretan mendeetan gauzatu den artzaintza-jarduerari lotuta daude. Hortaz, betiko ustiapen-sistemak bertan behera uztea arriskuak dakartza ingurunea kontserbatzeari dagokionez. Jardunbideen aldaketak larre erdi-naturalak eta haiei lotutako espezieak galtzea eragin lezake, bai eta, orobat, neurrigabeko artzaintzak, zenbait gune bertan behera uzteak nahiz uren kutsadura organikoaren ondoriozko arazo puntualek ere.

Barredok zera azaldu du: «Mendiari lotutako aisialdiko erabilera oso garrantzitsua da eta tradizio handikoa. Baliteke arazoak sortzea erabilera hori beste batzuekin bateratzeko (ehiza, kasu) eta eragin kaltegarriak izatea zenbait espezie kontserbatzeko garaian (hegazti harkaiztarrak, kasu). Horrez gainera, bide erabilienak higatzen ditu eta, beraz, noizean behin konpondu behar dira.

Aralar barrualdean, hainbat urtegi eta ur-hargune daude. Inguruko hiriguneetara eramaten dute dituzte urak. Izan ere, eremu garrantzitsua da ur-geruzak berriz betetzeko, eta edateko ura darama hainbat udalerritara. Beraz, hango uraren kalitatea iraunaraztea kontu garrantzitsua da.

Aralarren, halaber, Euskadiko zenbait mendi-sisteman besterik topa ezin daitezkeen mendi garaiko espezie berezkoak daude; hala, inguruneak babesleku biogeografiko gisa duen balioaren berri ematen dute, bai eta Kantaurialdeko eta Pirinioetako mendiak lotzeko ardatz gisa eta hango berezko espezieentzako sakabanatze-gune gisa duenaren berri ere. Kasu horixe da, esaterako, elur-lursaguarena, ugatzarena, gailurretako uhandrearena, okil beltzarena, mendi-tuntunarena eta belatxinga mokohoriarena. Aralarko harkaizti, baso, larre eta otalurren eremu ireki eta hezeguneek balio handiko habitatak osatzen dituzte faunari dagokionez.

 

Era berean, Batasunaren intereseko 18 habitat mota daude, eta horietatik bost lehentasunezkoak dira. Gutxienez, bi flora-espezie, 13 fauna-espezie eta 19 hegazti-espezie hartzen ditu eremu horrek. «Horregatik guztiagatik hautatu zuten gune hau Natura 2000 Sarean sartzeko. Europako Batzordeak 2004ko abenduaren 7an onartu zuen, bai eta Batasunarentzat garrantzia duten Atlantikoko Eskualde Biogeografikoko guneen zerrendan sartu ere.

 

Aralarko Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) izango dena Atlantikoko eskualde biogeografikoan dago, Gipuzkoako hego-sortaldeko mugan. Aralar Mendizerrako gune karstikoaren parte da eta Nafarroan jarraitzen du, izen bereko KEBean. Guztira, 10.962 ha-ko azalera hartzen du. Honako hauek osatzen dute: Altzania-Lizarrustiko mendizerrako ipar-isurialdea; Ataungo domoa, eta Enirio-Aralarko muina eta haren periferiako mendi-hegalak. KEBaren hegoaldeko mendi-ardatzak bat egiten du Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroarekin.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)