Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik «klima-aldaketari aurrerik ez hartzearen ondorioen» inguruan ohartarazi du Bruselan, eta elkarrekin jardutera deitu ditu herrialde eta eskualdeak

2015.eko ekainak 05
  • European Green Week 2015
  • «Neurririk hartu ezean, ez litzateke arraroa mende      honetan aurrerago 29 eta 49 zentimetro artean igotzea itsasoaren maila,      hondartzak txikitzea eta, ondorioz, gora egitea uholde-arriskuak».

  • Tenperaturak igoz gero, desagertzeko arriskuan leudeke quercus robus eta pino radiata zuhaitz-espezieak

 

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailburuak, Ana Oregik, parte hartu du gaur goizean Bruselan egindako jardunaldi batean, Quebeceko, Galeseko eta Rhône-Alpeetako ordezkariekin batera. Jardunaldian, klima-aldaketaren eraginen aurkako jarduketak aztertu dituzte. Oregik baterako neurri deliberatuak hartzera deitu ditu herrialde eta eskualdeak, hain zuzen, isuriak murrizteko eta gizarte-mailan modu produktiboak planifikatzeko, eta, hala, Euskadiko kostaldea eta gisakoak ez daitezen itsas-mailaren 29 eta 49 zentimetro arteko igoera baten eraginpean geratu. Europako Batzordearen aurreko Euskadiko ordezkaritzan Green Week astea dela-eta antolatutako jardueren barruan sartzen da jardunaldia.

 

Ana Oregik zehaztu duenez: «klima-aldaketaren eraginak arintzeko eta horietara egokitzeko lana herrialde eta eskualdeen artean partekatu behar da, plangintza ona egin behar da eta helburu-sorta bat zehaztu, epe motzera, ertainera eta luzera. «Neurririk ezarri ezean, ez litzateke arraroa mende honetan aurrerago 29 eta 49 zentimetro bitarte igotzea itsasoaren maila, hondartzak txikitzea eta, ondorioz, gora egitea uholde-arriskuak Euskadiko kostaldean, bai eta gure inguruan ere, Kantaurialdean eta Atlantikoan».

 

«Ez badugu elkarrekin jarduten herrialde eta eskualde guztiok –gaineratu du Oregik– zientzialariek jotzen dute % 11 beheratuko direla ekarpen hidrikoak, bai eta etekin-hazkunde ez-ohikoak sortuko ere neguko-uztetan. Horrez gainera, tenperaturen igoera saihesgarri hori dela-eta, 2080 urterako Euskadiko lurzoruetatik desagertuko lirateke Quercus robus eta Pino radiata baso-espezieak, eta, ondorioz, Europa iparraldean besterik ez lirateke aurkituko halakoak». Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Bruselako nazioarteko foroan azaldu du, halaber, «itsasoaren igoerak kalteak eragin litzakeela kostaldeko hezeguneen eta paduren % 6,5en gain».

 

Oregik esan duenez, «hainbat alarma-argi piztu dira planeta guztian, baina bada lan egiteko gogorik ere Euskadiren gisako herrialde eta eskualdeetan; hain zuzen, mende-amaiera aurretik tenperatura bi gradu baino gehiago goratzea eragotzi nahi dugunotan. Hori guztiori jorratuko dugu Klima-aldaketari buruzko COP-21 Konferentzian. Parisen izango da, eta Kioto ondorengo hurrengo urratsa zehaztu daiteke han.

 

Nazio Batuak

Oregi Sailburuak «Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia» aurkeztu die Quebec, Gales eta Rhône-Alpeetako ordezkariei: «plangintza garrantzitsua da gure herrialdearen etorkizunerako, eta Nazio Batuek eta Europar Batasunak ezarritako ildoei jarraitzen die, hemen zaudeten beste herrialde eta eskualde batzuk ere egiten ari zareten moduan».

 

«Mundu osoko eskualdeek datozen hamarkadetan aurre egin beharko dugun erronka nagusienetakoa da klima-aldaketa. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu agertoki klimatiko berriaren aurrean eta gure gizartea eta ekonomia prestatuko ditugu aldaketaren eragina gutxitzeko eta testuinguru berrian sortzen diren lehiakortasun-abaguneak baliatzeko» azaldu dio Oregik planetaren berotzea murrizteko ikertzen eta lan egiten dabilen nazioarteko komunitateari.

 

Ana Oregik gogorarazi du azken urteotan Eusko Jaurlaritzak «lau programa eta zeharkako 120 ekintza garatu dituela; hala, % 1,5 hazi dela Euskadik karbono-hustuleku gisa duen gaitasuna; eraginkortasun handiagoa lortu dela elektrizitatea sortzen eta industriaren energia-kontsumoa beheratu dela; isuri gutxiagoko mugikortasuna eta etxebizitzen eraginkortasun energetikoa sustatu direla; nekazaritzako eta abeltzaintzako biomasa baliatu dela, eta aurrea hartu hondakinen kudeaketaren alorrean».

 

«Orobat, neurri eredugarriak abiarazi eta gauzatu ditugu: hiritarrak beren etxebizitza, kontsumo eta mugikortasunari buruz sentikortzeko kanpainak egin ditugu; BC3 –Basque Centre for Climate Change, klima-aldaketa ikertzeko goi-mailako zentroa, mundu-mailan klima-aldaketaren ekonomian eta politikan eragin handieneko bigarren think tanka, non 35etik gora ikertzailek baitihardu– bultzatzen dugu eta harekin lankidetzan jarduten; klima-aldaketa arintzeko eta hartara egokitzeko hirigintza-planeamenduaren eskuliburu bat jendarteratu dugu, eta uholdegarritasun-gastuak aztertu klima-aldaketaren agertokietan (Bilbo eta Urola Kosta); Barneko Arroen Plangintza Hidrologikoa txertatu dugu (www.ura.net), bai eta beste hainbat jarduera aurrera eraman ere. Gure lana ganorazkoa eta etengabekoa izan da» adierazi die Oregik, Europako Batzorde aurreko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzara bertaratu diren beste herrialdeetako ordezkariei.

 

Erantzukizuna

«Europako isurien % 0,5 besterik ez ditu isurtzen Euskadik; dena dela, lanean jarraitzen dugu, gure gaur egungo gizartearekin eta etorkizuneko belaunaldiekin partekatutako erantzukizunaren printzipioari jarraiki. Horrez gainera, ezinbestekoa da klima-aldaketa abagune gisa hartzea; hain zuzen, nazioarte-mailan goratuz doan lehiakortasunak ezaugarritutako testuinguru batean, gure ekoizpen-sistemaren eraginkortasuna hobetzeko abagune gisa.

 

Oregi sailburuaren ustez, «gure gizartearen eskaerei erantzuten die Klima Aldaketarako Euskal Estrategia berriak. EAEko herritarren % 72k ezinbesteko eta premiazko kontutzat jotzen du ingurumena babestea eta poluzioari aurka egitea; bigarren ingurumen-arazo garrantzitsuentzat, klima-aldaketa hartzen dute.

 

«Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategia»k bat egiten du nazioartean orain arte erronka global horren aurka hartutako konpromisoekin. Planetako herrialde eta eskualdeok 20 urte daramatzagu Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioaren babesean negoziatzen» adierazi du Oregik.

 

Parisko Konferentzian, honako hau nahi da lortu: hain zuzen, nazioarteko akordio bat adostea, bi gradu zentigradoren azpiko muga ezarriko duena (industriaurreko aroaren aldean) planetako batez besteko tenperatura-igoerarentzat, muga hori ezarri baitute zientzialariek klima-sistemaren interferentziak atalase onargarrien barruan mantentzeko.

Europar Batasunak dagoeneko proposatu du nazioarteko akordio horrek gutxienez % 80 murriztea munduko isuriak 2050erako (2010. urtearen aldean).

 

Europar Batasunaren konpromisoarekin bat eginez, «Klima Aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Estrategiak» xede gisa ezarri du 2030 urterako % 30 murriztea berotegi-efektuko gasen isuriak, 1990 urtearen aldean (horixe baita erreferentzia gisa hartutako urtea). Eta, 2050 urterako, % 80 beheratu nahi ditugu isuriok,1990 urtearen aldean.

 

 

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @djjacomenorato
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregi alerta en Bruselas de los efectos de la “no prevención” contra el cambio climático http://t.co/1q6fQIOmJr

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Euskadi warns Brussels of the effects of failing to take action against climate change and calls for joint action ... http://t.co/QvUde8hjb3

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregi alerta en Bruselas de los efectos de la “no prevención” contra el cambio climático y llama a actuaciones c... http://t.co/OtwddUmd4s

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregik «klima-aldaketari aurrerik ez hartzearen ondorioen» inguruan ohartarazi du Bruselan, eta elkarrekin jardu... http://t.co/G1Dqy9NRUY

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Michelle Audet