Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzaren 23. promozioan sartzeko lehen proba, larunbatean BECen

2010.eko uztailak 08

Ertzaintzaren 23. promozioa izango denaren lehen sarrera-proba egingo da larunbatean, hilaren 10ean, Bilbao Exhibition Centerren. Proba honekin hautatze-fasea abian jarriko da eta, fase horretatik, Arkautiko Akademian oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egingo duten ikasleak aterako dira; oinarrizko prestakuntza-ikastaroa amaitu ostean, praktiketako agente izango dira.

Datorren larunbatean, goizeko zortzietan, zabalduko ditu ateak BECek Ertzaintzaren 23. promozioan sartzeko izena eman duten lau mila gizon-emakumek baino gehiagok lehen sarrera-proba egin dezaten. Goiz osoan zehar, oposiziogileek lehen hautatze-fase honetako hiru probak egin beharko dituzte. Euren ezagutzak, gaitasun-mailak eta izaera neurtzeko ariketez osatuko da lehen fasea. Ordu bat inguru irauten duen azterketa bakoitzaren amaieran, hogei minutuko atsedena hartzeko aukera izango dute. Proba guztiak arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera amaituko dituzte.
4.052 pertsonak (3.052 gizon eta 1.000 emakume) izena eman dute Ertzaintzaren promozio berri honetan sartzeko; hartara, 29 hautagai daude deitutako 140 lanpostu berri bakoitzerako. Proportzio horrek marka historiko berria ezarri du, izan ere, Ertzaintzaren historian izandako handiena da.
Promozio honetan 140 plaza berri deitu dituzte, Ertzaintzaren plantillan hutsik geratu diren lanpostuak betetzeko eta, horrela, EAEko Poliziak 8.000 agente izan ditzan lortzeko. Horretarako, deitutako lanpostu kopurua handitu egin liteke hautatze-prozesuan eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroan zehar lanposturen bat hutsik geratuz gero.
Sartzeko adina 35 urtera zabaltzen duen lehengo promozioa izango da 23.ena, Euskal Autonomia Erkidegoko Polizietan sartzeko Araudian onartutako aldaketari esker. Gainerako baldintza guztiak aurreko promozioetan eskatutakoen antzekoak dira: 18 urtetik gorakoa izatea, Espainiako nazionalitatea izatea eta gutxienez eskola-graduatu mailako titulua izatea.

Hedabideentzako deialdia

Probaren inguruko irudiak (argazkiak eta bideoak) izan nahi dituzten hedabideek www.irekia.euskadi.net webgunean izango dituzte eskuragarri.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko