Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Jaurlaritzak modu baikorrean hartu ditu maiatzeko langabeziaren datuak enpleguaren martxa ona berresten dutelako

2015-06-02

Bigarren hilabetez jarraian, errekorrekoak izan dira Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia-beherakadaren zifrak. Maiatzean, 5.934 pertsona atera ziren langabeziatik, eta 7.593 afiliazio berri izan ditu Gizarte Segurantzak. 

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak modu positiboan baloratu ditu datuok Gobernu Kontseilu osteko prentsaurrekoan. Izan ere, maiatzean, azken hamar urteotan erregistratu den langabezia-beherakada handiena izan dela aipatu du Erkorekak. Egun,  iaz baino  13.360 langabe gutxiago daude eta honek ekonomiaren tendentzia positiboa berresten duela ziurtatu du bozeramaileak. 

Langabeziaren jaitsiera orokortua izan da ia-ia ekoizpen-jarduera guztietan eta nabarmentzeko da industrian izandako %4,2ko jaitsiera. 

Hazkunde ekonomikoa eta enpleguaren sorrera errealitatea direla  gehitu du Erkorekak eta aldi berean esan du lan asko dagoela egiteko oraindik eta Jaurlaritzarentzat lehentasunezko gaia izaten jarraitzen duela.

Pegasus proiektua

Enpleguaren alorrean, gazte enplegarritasunarenean zehazki, bozeramaileak aipatu du Gobernu Kontseiluak «Gazte Enpleguaren hamarkada» izendapenaren aldeko nazioarteko kanpaina babestea erabaki duela gaur goizean. Pegasus Proiektu izenarekin ere ezagutzen da delako kanpaina, eta Novia Salcedo Fundazioak sustatzen du Nazio Batuen aurrean. Jaurlaritza, Emakunde eta Novia Salcedok bat egin dute proiektu hau diseinatzeko eta gazteek enplegu duina izatearen helburua bultzatuko duten prolitikak aurrera eramateko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)