Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik proposatu du Europako herrialde eta eskualdeek elkarlanean jardutea eta baterako jarduerak planifikatzea «espezie inbaditzaileen» aurka

2015.eko ekainak 04
  • Europako  Batzordeak «Best of the Best: LIFE Nature and Information Projects Awards      2015» sariarekin aintzatetsi du Eusko Jaurlaritzak, Txingudiko, Leako eta Urdaibaiko estuarioak lehengoratzeko, txilka landare inbaditzailea desagerrarazten egin duen lana 
  • Bihar, ostirala, Klima Aldaketari buruzko jardunaldi bat egingo da EuskoJaurlaritzaren Gasteizko egoitzan, Quebecekin, Galesekin eta  Rhône-Alpeekin batera.

Brusela 15/06/04

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik «Best of the Best: LIFE Nature and Information Projects Awards 2015» saria jaso du gaur Bruselan. Sari horrekin, Europako Batzordeak ingurumen-alorreko jardunbide egokienak ohoratzen ditu. Hain zuzen, Txingudin, Lean eta Urdaibain txilka landare inbaditzailea desagerrarazten egindako lehengoratze-lana eta -proiektua dela-eta jaso du Eusko Jaurlaritzak Europako saria. Oregik zera proposatu du Bruselako Aste Berdean: «Europako herrialde eta eskualdeen artean informazio-trukea areagotzea eta baterako jarduerak planifikatzea espezie inbaditzaileen aurkako jardunean».

Ana Oregik, Josean Galera sailburua zuela lagun, eskerrak adierazi dizkie lanean parte hartu duten teknikari eta zientzialariei: tratamenduak garatu dituzte 780 hektareatan baino gehiagotan, eta txilka espezie inbaditzailearen 570.000 sasitik gora erauzi, Euskadiko estuario-inguruneak hasierako itxurara lehengoratuz eta haietako bakoitzean biodibertsitatearen aldaketak saihestuz.

Eusko Jaurlaritzaren «Life-Estuarioak» proiektua ez ezik, Europako Batzordeak beste lau ekimen hauek hautatu ditu Europako «hoberenen artean hoberen» gisa: eguzki-arranoaren eta sakre belatzaren kontserbazioa Bulgariako Red Natura 2000 guneetan, Orsini sugegorriaren kontserbazioa Hungariako Karpatoetan, hartzak kontserbatzeko jardunbide egokiak Errumaniako Ekialdeko Karpatoetan, eta Greziako itsas-ugaztunak babesteko, haien inguruan hezteko eta haiei buruzko ezagutza jendarteratzeko Thalassa kanpaina.

«Landare-espezie inbaditzaileen arazoa mundu guztiari eragiten dio; kausa naturalak dautza azpian, baina, batez ere, gizakion mugimendua. Antzeko zerbait gertatzen da hainbat animalia-espezierekin» adierazi du Oregik. «Jakin behar dugu nola aztertu kontua eta nola jardun berehala, behin-betiko plangintza on batekin; izan ere, espezie aloktono horiek gure landare- eta animalia-ondare naturala murriztu dezakete».

Ana Oregirekin batera, honako hauek hartu dute parte The Egg izeneko eraikinean egindako ekitaldian: Svetoslav Spasov bulgariarrak, Bálint Halpern hungariarrak, Silviu Chiriac eta Loa Mihai errumaniarrek eta Nikolaos Labadoriou grekoak.

Oregi sailburuak bihotz eman die Europar Batasuneko beste herrialde eta eskualdeei, «halako kasuetan lankidetza eta informazio-trukea areagotzeko eta baterako plangintzak egiteko, landare inbaditzaileen hedakuntzak ez daki-eta geografia mugez: guzti-guztioi eragiten digu».

«Espezie inbaditzaileen arazoa egunetik egunera ugaritzen ari da» adierazi du Ana Oregik. «Landare-erreinuan, txilka dago Euskadin; Panpan, berriz, koma eta orain arte lurraldeotan ezezagunak ziren beste zenbait espezie. Beste hainbeste gertatzen da malvasía ahate amerikarrarekin, bisoi amerikarrarekin, baita Txingudin hautemandako kapibarekin ere. Liztor asiarrak tokiko erleak akabatzen ditu eta oso larria da hori: erle gabe, behera egiten du polinizazioak eta aldatu egiten dira ekosistemak. Klima-aldaketak ekar litzakeen tenperatura-aldaketek are gehiago larrituko lukete egoera.

Bihar, osteguna, Oregi sailburua buru-zereginetan arituko da Eusko Jaurlaritzaren Bruselako egoitzan Klima Aldaketari buruz egingo den jardunaldian, non, besteak beste, Quebecek, Galesek eta Rhône-Alpeak hartuko duten parte.

INFO+ Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak garaturiko eta Europar Batasunak finantzaturiko Euskadiko LIFE Estuarioak proiektuak geldiarazi egin du Baccharis halimifolia landare inbaditzailea –txilka izenez ere ezaguna– euskal kostaldean hedatzea, Urdaibaiko, Leako eta Txingudiko estuarioetako 780tik gora hektareatan eginiko eliminazio-tratamenduei esker. Guztira espezie inbaditzailearen 570.000 zuhaixka tratatu dira eta 5 milioi plantula kendu dira eskuz; horri esker, Batasun-mailako intereseko 300 hektarea inguru habitat hobeto dira ingurumenaren aldetik.

 «Bertakoak ez diren espezieak lurralde berrietara ekartzen direnean, nahita edo nahi gabe, ingurumen-inpaktua oso handia izan daiteke, baita inpaktu ekonomikoa eta soziala ere. Europar Batasunaren kasuan, urteko 12.000 milioi eurotan baloratu dira eragin horiek», adierazi du Barredok, Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren zuzendariak.

Barredok nabarmendu duenez, espezie inbaditzaileak ekartzeak eragin negatiboak izan ditzake, esaterako «gizakiei gaixotasunak transmititzea, biodibertsitatea galtzea, baita tokiko espezieak desagerraraztea ere. Horren adibide dira bisoi europarraren kontserbazio arazoak, amerikarraren lehiaren ondorioz, edo estuarioetako habitaten hondatzea eta galera, Baccharis halimifoliaren okupazioa dela-eta. Euskadiko estuarioak leheneratzeko LIFE proiektuari esker, ihitokiak, larre gaziak eta lezkadiak berreskuratu ahal izan dira, guztiak ere habitat garrantzitsuak hegazti-espezie babestuek habiak egiteko», zehaztu du Amaia Barredok.

Edozein espezie inbaditzaile behar bezala eliminatzea lortzeko gakoetako bat hark bere inbasio-tresnak martxan jartzea eragoztea da. Baccharis halimifolia espeziearen kasuan tresna horiek hazi-ekoizpen handia, ernaberritzeko gaitasuna eta hazkunde azkarra dira. Planteamendu hori oinarri hartuta hasi ziren 2011n LIFE proiektuaren lanak. Une horretan, eraginik handiena jasotako eremuari eman zitzaion lehentasuna: Urdaibai. Lehenengo urtean landare helduak zituzten 200 hektarea inguru tratatu ziren estuario horretan, eta 80 hektarea plantula erauzi ziren eskuz. Hurrengo bi urteetan, Urdaibain txilka ernaberritu zen lekuetan lan egiten jarraitzeaz gain, Lean eta Txingudin ekin zitzaien lanei.

Guztira, 780 hektarea gordinetan egin dira basoko lanak: kalkuluen arabera, 570.000 landare heldu deuseztatu dira, eta bost milioitik gora eskuz erauzi.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregi proposes that European countries and regions work together and plan joint action to combat invasive species http://t.co/VoQU8UvjCl

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregik proposatu du Europako herrialde eta eskualdeek elkarlanean jardutea eta baterako jarduerak planifikatzea ... http://t.co/Ebl8pmM1Ua

  • @CamiladeEpalzaA
    2015.eko ekainak 05

    Comentario de Twitter:
    Oregi propone que países y regiones de Europa colaboren y planifiquen actuaciones conjuntas contra “especies inv... http://t.co/MJEgpi5zLO

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Svetoslav Spasov, Bálint Halpern, Silviu Chiriac, Loa Mihai, Nikolaos Labadariou.