Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Elebide, 2014ko memoriaren aurkezpena

2015.eko ekainak 04

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak datuen aurkezpena eta balorazioa egin du Legebiltzarrean

 

Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak eta Herri Administrazioetan  Hizkuntza Normalizatzeko zuzendari Joseba Lozanok ELEBIDE-ren 2014ko memoria aurkeztu dute gaur Eusko Legebiltzarrean, Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirol Batzordean. Agerraldia sailak berak eskatuta antolatu da.

ELEBIDEren ezaugarri nagusia da hizkuntza eskubide urraketen gaineko kexak aintzakotzat hartu eta konponbideak bilatzen eta aplikatzen laguntzea, eremu publikoan eta pribatuan. Honela, herritar guzti guztien hizkuntza eskubideak babestea du helburu 2006an sortu zen zerbitzu honek, EAEko bi hizkuntza ofizialen arteko inolako hierarkiarik gabe eta herritarren arteko hierarkiarik gabe.

ELEBIDEk honako zeregin hauek ditu, beste batzuen artean:

  1. Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
  2. Herritarrak sentsibilizatzea.
  3. Aholkularitza eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta araudiaren gainean.
  4. Kexak jasotzea, bideratzea eta jarraipena egitea: herritarra babestea eta kexa jaso duen entitateei aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
  5. Lankidetzarako protokoloak ezartzea administrazioekin eta bestelako entitateekin.

Gaur eguerdiko agerraldia bi zatitan banatu da. Lehendabizikoan, Jaurlaritzak hizkuntza politikaren eta hizkuntza eskubideen gainean duen ikuspuntua laburbildu da; eta, bigarrenean, 2014an Elebiden jaso eta tramitatu diren intzidentzien berri zehatza eman da.

Patxi Baztarrika sailburuordeak honako hau esan du agerraldian: “Gauza jakina da Euskadiko Autonomia Erkidegoko herritarrok hainbat hizkuntza eskubide aitortuak dauzkagula Autonomi Estatutuari eta Euskararen Legeari esker: euskara ikasi eta erabiltzeko eskubidea, hezkuntza euskaraz nahiz gaztelaniaz jasotzeko eskubidea, Administrazioarekiko harremanetarako euskara edo gaztelania hautatzeko eskubidea… Baditugu kontsumitzaile gisa aitorturiko eskubideak ere, neurri handi batean, eremu pribatuan gauzatzen direnak eta Kontsumitzailearen Legean edo Kontsumitzaileen Hizkuntza Eskubideen Dekretuan jasota daudenak”, hasi da.

“Hori horrela izan arren, jakinekoa da gauza bat dela eskubideak aitortuak izatea, eta beste bat, oso bestelakoa gainera, aitorturiko eskubide horiek bene-benetan bermatuak izatea. Eskubideez eta askatasunaz ari garenean, ez da nahikoa legezko aitormen hutsa, ezta gutxiago ere; aitzitik, beste urrats bat eman behar dugu, eskubide horiek, aitortuak izateaz gain, praktikan bermatu daitezen”, gehitu du.

Hizkuntza Politikarako sailburuordeak honako hau ere gehitu du: “Euskadiko Autonomia Erkidegoan eredu aurreratua daukagu herritar guztien hizkuntza eskubideak defendatzeko, oso eredu aurreratua; gainera, aurrerapauso handiak eman ditugu, hizkuntza eskubide horiek praktikan ere ziurtatu ahal izateko; nolanahi ere, aitortu beharra dago eskubide horiek oraindik ere urratzen direla gure gizartean. Horrek ez du esan nahi hil-kanpaiak jotzen hasteko unea iritsi zaigunik. Etsipena zabaltzen duten zenbait mezu ezkorren aurrean, argi eta garbi aldarrikatu behar dugu aurrera goazela, tinko gainera.”.

“Aurrera egin  behar dugu, beraz, normaltasunez eta naturaltasunez, presarik gabe baina gelditu barik, gure helburua lortu arte: euskararen eta gaztelaniaren arteko benetako berdintasuna eta bizikidetza. Inor ez dadin hizkuntzaz aldatzera behartua izan, inori ere ez dakion hizkuntza baten erabilera inposatu edo eragotzi”, gehitu du sailburuordeak.

Horretarako sortu genuen Elebide zerbitzua 2006ko urrian, eta horretarako jarraitzen dugu lanean lehen bezain tinko. Gainera, gure lana eraginkorragoa izan dadin, orain dela urte bete lankidetza hitzarmen bat sinatu genuen Arartekoarekin, eta hura gauzatzeko, protokolo bat ere jarri dugu abian”, azaldu du.

“Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikaren helburu nagusienetarikoa da hizkuntza askatasuna bermatzea, bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea egiazkoa eta gauzagarria dela ziurtatze aldera. Horixe, gure asmoa. Eta bide bakarra dago horretarako: bi hizkuntza ofizialen arteko aukera berdintasuna errespetatzea. Bide hori progresiboki eta malgutasunez egin beharrekoa da, bai; baina, aldi berean, etengabe eta eraginkortasunez. Eta horretarako tresna instituzionala da Elebide”, gehitu du Baztarrikak.

“Instituzionala” esan dut, nahita, eta horixe da, hain zuzen ere, hitz klabea eta Elebideren balioetariko bat. Ikuspegi kualitatibotik begiratuta, oso-oso garrantzitsua da herri administrazio bat prest egotea bere hutsegiteak agerian utzi, eta konponbidean jartzeko”, azaldu du.

2013an baino 53 kexa gehiago izan ditugu 2014an, % 14,76 gehiago, eta, Elebideren sorreratik hona,  ia bikoiztu egin da intzidentzia kopurua. Gure ustez, positiboa da aurreko urteetan baino salaketa gehiago izatea aurten. Alde batetik, seguru gaude gehikuntza horren arrazoia ez dela eskubide urraketa gehiago izan direla, baizik eta herritarrek hizkuntza eskubideak baliatzeko kontzientzia eta sentsibilizazio handiagoa erakutsi dutela. Beste alde batetik, salaketen gehikuntza horrek argi erakusten du herritarrek Elebiderekiko erakusten duten konfiantza, gero eta konfiantza handiagoa, eta horrek berme osoa eta balio erantsia ematen dio gure zerbitzuari”, gehitu du Baztarrikak.

 

2014ko datuak:

- 2014. urtean, 412 intzidentzia jaso dira guztira. Intzidentzia kopuru hori goraka doa urtetik urtera, eten gabe, Elebide sortu zenetik.

- 2013an baino 53 kexa gehiago izan dira 2014an, % 14,76 gehiago, eta, Elebideren sorreratik hona,  ia bikoiztu egin da intzidentzia kopurua.

- Intzidentziak jasotzeko bideari dagokionez, bide telematikoa da (posta elektronikoa eta Elebideren webgunea) herritar gehienek erabili duten bidea intzidentzien berri emateko (% 95).

- 2014. urtean Elebiden izapidetu diren 412 intzidentzia horietatik % 88 kexak izan dira (guztira, 346); % 5, kontsultak; % 4, iradokizunak; eta % 3, eskariak.

- Bi hauek izan dira kexak sorrarazi dituzten arrazoi nagusiak: Administrazioarekin ahoz zein idatziz aukeratu den hizkuntzan harremanak gauzatu ezina eta errotulazioan antzeman diren hutsuneak.

- Izapidetu diren 346 kexetatik 342 kasutan (% 99), euskararen erabilera ezagatik gertatu da eskubide urraketa. Eta lau kasutan, % 1ean alegia, gaztelaniaren erabilerarik ezak eragin du urraketa.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)