Elkarlan Sariak
Berriak Segurtasuna
qrcode

Ertzaintzako agintariek eta Segurtasun Saileko arduradunek 2015eko Security Forumean parte hartu dute

2015-05-29
Ertzaintzak herritarrekin harremana indartzeko lantzen dituen ekimenak aurkeztu ditu
 
Bartzelonan, Security Forum 2015 batzaldia egin da, maiatzaren 27 eta 28an. Ertzaintzako agintari batzuk bertako ekimen eta berritasunak aurkezteko ekitaldietan eta mahai-inguruetan parte hartu dute. Era berean, Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko zuzendariak bisita egin dio ekitaldiari eta harremanak ezarri ditu segurtasunarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeetako arduradunekin.
 
Segurtasun Pribatuko araudi berria indarrean sartu zenetik urtebete igaro dela, araudiaren emaitzak aztertzeko mahai-ingurua antolatu zen atzo (asteazkena), «Diálogos Security Forum» programaren barruan. Bertan izan zen Ertzaintzaren Segurtasun Pribatuko Unitateburua, Francisco Llaneza, Euskadiko polizia-erakundeak gaiaren inguruan duen ikuspuntua azaltzeko. Mossos d'Esquadrako, Guardia Zibileko eta Polizia Nazionaleko agintari homologoek ere parte hartu zuten eztabaidan.

Bestalde, Ertzaintzaren Harreman Instituzionaletarako eta Komunikazioko zerbitzuburuak, Lucio Cobos intendenteak, Ertzaintzak, herritarrekin harremanak indartzeko eta hobetzeko, gaur egun lantzen dituen ekimenak aurkeztu zituen «Speak Corner» delako gunean. Ekimenon artean, esaterako, urgentziarik gabeko kontsultak egiteko telefono bat abiaraztea; webgune dinamikoagoa diseinatzea, herritarrekin harremanak ezartzeko mekanismo berrituekin; produktu berrien ezarpena, gizarte-sareetan Ertzaintzaren presentzia indartzeko, bereziki, ikus-entzunezko arloan, eta Ertzaintzaren zerbitzuak –horietako asko, berriak– gailu mugikorretara eramateko aplikazio bat garatzea.

Rodrigo Gartzia, Segurtasun Saileko Segurtasuna Koordinatzeko zuzendaria, batzaldian izan da ere, Segurtasun Sailak segurtasun publikoaren alorrean jarduten duten edo eskumenak dituzten enpresa eta erakundeekin kontaktuak indartzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)