Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik nazioarteko turismo-sustapena indartuko du merkatu horren joera gorakorra sendotzeko

2015.eko maiatzak 29
  • Web atari berri bat, bost hizkuntzatan, eta tabletak Turismo Bulegoetan, helmugari buruzko informazioa hobetzeko
  • Publizitate-kanpainak Frantzian eta Alemanian, bai eta interes turistikoa duten nazioarteko merkatuekin konektagarritasuna hobetzeko jarduerak ere.                     

Eusko Jaurlaritzak atzerriko merkatuetan Euskadi helmuga turistikoa indartzeko jarduerak aurkeztu ditu. Jarduerok uda aurretik ari dira abiarazten, atzerriko turisten joera gorakorra finkatzeko; izan ere, atzerriko bisitariak guztizkoaren % 36 dira jada.

Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Itziar Epalzak, hiru esparrutan egindako lana nabarmendu du.

  • Lehenik eta behin, online ingurunea: izan ere, helmuga adimendun gisa kokatzen du Euskadi, aintzat harturik bisitan datozen pertsonen erdiak Internet bidez hasten direla informazioa lortzen. Helmugari buruzko informazioa hobetzeko, besteak beste, produktuak bost hizkuntzatan eskaintzen dituen atari berri bat ezarri da, bai eta tabletak Turismo Bulegoetan ere.
  • Bigarrenik, iragarki-kanpainak gauzatu dira lehenetsitako merkatuetan –Frantzian eta Alemanian, kasu–, apirilean, maiatzean eta ekainean. Hala, ikusgai jarri dugu Euskadi helmuga, hain zuzen, oporrak prestatzen jende gehien aritzen den unean.
  • Azkenik, helmugaren konektagarritasuna hobetzea lortu dugu, inglandarra, alemaniarra edo suitzar merkatuekin.

TURISMO ATARI BERRIA: Basque %100ean

www.euskaditurismo.eus

Gaur ezkero, Euskadi Basque Country markaren irudiarekin bat datorren turismo-atari bat du Euskadik: helmuga produktuanitza lehen mailan kokatzen duen atari bat, berezko izaera duena, mundu guztiko bidaiariei helmuga turistikoa modu eraginkorragoan eskaintzeko

Atariko eduki guztiak bost hizkuntzatan eskaintzen dira oso-osorik: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez eta alemanez. Atariak gero eta gehiago begiratzen die nazioarte-mailako bisitariei. Bisiten % 25 erabiltzaile frantsesek egiten dituzte.

Aipagarriak dira atariko atal berriak: esaterako, % 100 basque blokea, non bisitariek gure jai-egutegiko ezinbesteko datak ezagutuko baitituzte, bai eta bizipen-proposamenak aurkitu ere: adibidez, egun batez artzain aritzea, herri kirolak zuzenean gozatzea edota lehen aldiz euskaraz hitz egitea.

Ataria tresna ederra da, halaber, inork ez ditzan galdu Euskadiko hamar helmuga nabarmenenak:  hiru hiriburuak, Gaztelugatxeko irla liluragarria, Bizkaiko zubia (Gizadiaren Ondare), Cristóbal Balentziaga Museoa, Urdaibaiko paisaia, Gernikako Batzarretxea, Arabako Errioxako Guardia herria eta Loiolako Santutegia. Hamar proposamen, atarian ezinbesteko gisa lehenetsiak eta, gainera, elkarrengandik oso hurbil, zeren eta Euskadin den-dena dago gertu –hiriak, kostaldea nahiz mendialdea, berrikuntza nahiz tradizioa—. Web gune berria dugu hori guztiori jakinarazteko bitarteko hoberena.

Euskadiko turismo-atari berrian erreferentzia da enogastronomia ere. Hala, hainbat plan aurkituko ditugu: elkarte gastronomiko batean sartzea, pintxotara eta txikiteatzera ateratzea, Arabako Errioxako ardoak dastatzea edota sagardotegi batean txotx egitea.  Orobat aurkituko ditugu Michelin izardun jatetxe guztien zerrenda eta Euskadi Gastronomikako establezimenduen gida (kalitatearen berme Euskadin).

Atari berrian garrantzi handiagoa du esperientziak online merkaturatzeak, erosteko errazagoak eginaz eta jarriaz.

Gizarte-sareetan, bikoiztu egin da gure jarraitzaile kopurua

Atari berria gailu guztientzat optimizatuta dago; dena dela, Interneten Euskadi helmuga turistikoaren presentzia taxutzeko, baditugu tresna gehiago ere: Hala, azken bi urteetan, lanean aritu gara Facebook eta Twitterreko Visit Euskadi orriak posizionatzen eta ikaragarri hazi dira: Facebooken, bikoiztu ere egin da jarraitzaile kopurua.

Horrez gainera, bereziki atzerriko publikoari zuzendutako kanal berriak abiarazi dira Facebook, Twitter eta Instagramen, Visit Basque Country lelopean. Gaur egun, kanal horiek indartzen ari gara, Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko merkatuetan turismoa sustatzeko bitarteko eraginkorrak izan daitezen.

Euskadiko turismo-ekosistema digitala Basque Country Magazine aldizkariak osatzen du, tabletetarako pentsatutako aplikazio erabat bisualak. Euskadiko bidai-aldizkari orokorra bost hizkuntzatan eskuratu daiteke, hala Apple Storen nola Play Storen.

Hil honetan, gai bereziei buruzko lau aldizkari berri argitaratuko dira, espresuki Bilbo, Donostia, Gasteiz edo Arabako Errioxaren gaineko informazioa bilatzen duten bidaiarientzat. Aldizkariok baliabide jakin buruzko informazioa dakarte, pisu gutxiago dute eta denbora gutxiago behar dute deskargatzeko. Ekainaren 1erako, Basque Country Magazine kioskoak 25 aldizkari izango ditu: 5 aldizkari orokor eta gai zehatzei buruzko 20 aldizkari, motzagoak.

TABLETAK TURISMO BULEGOETAN

2020 Turismo Plan Estrategikoak XXI. mendeko bulegoa ezarri du helburu gisa eta Eusko Jaurlaritza lanean dabil norabide horretan. Turismo-informazioaren munduan sartu zenetik, teknologiak tokia kendu die inprimatutako sustapen-materialei; hortaz, premiazkoa da garatu diren app turistikoak turismo-bulegoetara joaten diren pertsonengana helaraztea.

Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak Turismo Bulegoen Euskadiko Sarea babestu eta materialez hornitu du. Horri esker, ekainean tabletak izango dituzte honako turismo-bulego hauetan:

BILBOKO TURISMO BULEGOA - PLAZA BIRIBILA

 

BILBOKO TURISMO BULEGOA - GUGGENHEIM

DONOSTIA TURISMOA

VITORIA-GASTEIZ

GUARDIA

GERNIKA

GETXO ITSAS BIDAIAK

LOIUKO AIREPORTUA

ZUMAIA

 

Itourbask sarea 45 turismo-bulego eta informazio turistikoko gunek osatzen dute. Bada, gune horietara joaten diren bisitarien % 56,34ri emango zaio zerbitzu hori.

Tabletan aplikazio bat instalatuko da kiosko moduan konfiguratzeko, hasierako menuan honako hauek azaldu daitezen: Basque Country Magazine aldizkari digitala, Euskadiko turismo atariko aplikazioa (Euskadi Basque Country), eta herri bakoitzeko turismo-atarira sartzeko aplikazioa edo esteka.

Publizitatea lehenetsitako merkatuetan

Eusko Jaurlaritzak hainbat iragarki-kanpaina abiarazi ditu, lehenetsitako atzerriko merkatuetan Euskadi helmugaren ezagutza eta presentzia indartzeko asmoz.

Merkatu frantsesean, nazioarte-mailan Euskadirentzat garrantzitsuena denean –bisitarien guztizkoaren % 9.3 baitator handik–, kanpaina digital bat abiarazi dute. Frantziako hego-ekialdean eta Parisen bizi diren pertsonei zuzendua dago eta bi fase ditu: lehenengoa apirilean garatu zuten, frantsesek maiatzean dituzten oporraldiei begira; bigarrena, ekainean, udako oporrei begira. Kanpainan, gure eskaintza turistikoaren alderdi jakin batzuk erakusten dira, bai eta hiru hiriburuetako, Arabar Errioxako eta Euskal Kostaldeko udako agendak ere. Frantziako tursitak City Break (% 27) eta Touring (% 25) moduan bisitatzen dute Euskadi nagusiki. Maiatzean eta udan datoz, eta, gutxiago, udazkenean.

Iaz jada erabilitako identitate-lerroa indartu du sormenak. Hona hemen lehen faseko zenbait adibide:

Bilbo: http://goo.gl/Tz8ir6          Donostia:  http://goo.gl/3b4Acw

Gasteiz:  http://goo.gl/A9Bc6I Errioxa: http://goo.gl/eW5e8W

Kanpainaren lehen faseak nabarmen goratu du publiko horretarako ezarri ziren web-edukietarako trafikoa: % 159 gehiago apirilean, aurreko hilaren aldean.

Merkatu alemanean, udaurreko kanpaina digital bat ari gara gauzatzen, maiatzaren 18tik ekainaren 14ra bitartera; erreportajeak eta udako agendako edukiak jendarteratu dira, Berlin, Stuttgart eta Koloniako publikoari zuzenduak (horiek baitira Bilborako aire-loturak dituzten hiri garrantzitsuenak). Atzerriko hirugarren merkatu garrantzitsuena da Euskadirentzat. Izan ere, turisten guztizkoaren % 2,9 da alemaniarra; batez ere, maiatza eta iraila bitartean datoz, Touring (Euskadin zehar ibilbidea) (% 40), natura-turismo (% 13) eta City Break (% 12) modutan.

Kanpainaren sormen-lanak «A trip to happiness» kontzeptua du ardatz. Bost gai hartzen ditu: Donostia 2016ko Europako Kultur Hiriburua; Natura + Done Jakue Bidea; Arabako Errioxa; Bilbo eta Gasteiz.

Loturak, airebide berriak eta dauden airebideen sustapena

Bi kanpaina horiez gain, interes handiko atzerriko merkatuekin loturak hobetzeko jarduerak gauzatu dira, aireko zenbait konpainiekin sinatutako lankidetza-hitzarmenen bidez.

Merkatu ingelesean, Basque Country marka sustatu dugu, hala kanpoko publizitatean (Londresen) nola bidai webguneetan, British Airways konpainiarekin elkarlanean, konpainia horrek martxoan Bilbo-Londres-Bilbo hegaldia abiarazi izana baliatzearren. Aurrekontua 50.000 €-koa izan da.

Londresen, British Airways konpainiarekin lotura hobetu ez ezik, Gatwick aireportuan ere Vueling konpainiarekin konektagarritasuna zabaldu dugu.

Suitza: Bilboko aireportuak airebide berria abiarazi du, Zurichera, Swiss airelinearen eskutik. Konpainia horrek hub bat dauka Suitzako aireportu garrantzitsuenean. Hiru lotura-hegaldi dituenez astero –astearte, ostegun eta larunbatetan–, Euskadi eta Suitza arteko turista-fluxua mantentzen lagunduko du, bi norabideetan. Orobat, kontinenteko finantza-hiriburu den hiri batera negozio-hegaldiak erraztuko ditu. Horrez gainera, aukera emango du, eskala eginez, Ekialde Ertainera, Afrikara eta Indiara bidaiatzeko, Zuricheko aireportuko hubari esker (Swiss-en base nagusia).

Airebidea ezartzeko harremanak World Routes konferentzian hasi ziren, iragan irailean, Chicagon; han, Aenako Aireportu Marketing taldeak Suitza eta Euskadi arteko airebide berriak ezartzeko aukera aztertu zuen Swiss airelinearekin, Eusko Jaurlaritzaren lankidetzaz (Basquetour- Turismoaren Euskal Agentziaren bidez).

Txekiar Errepublika: uda honetan, CSAk, Txekiako airelineak, astean bitan egingo du Euskadira hegan. Bi lotura-hegaldi ezarriko ditu astean, Praga eta Bilbo artean, Ekainaren 1etik irailaren 30era bitartean. Hegazkinak ostegun eta igandetan aterako dira Pragatik eta ostiral eta astelehenetan Bilbotik. Nagusiki turistentzat pentsatutako lotura da.

Aipatzekoa da 2014an abiarazitako lotura estrategikoak oso ondo ari direla funtzionatzen: adibidez, Amsterdameko lotura KLM konpainiarekin, aireportu garrantzitsua hub gisa.

Lotura berriak lortzeko lan egiteaz gain, garrantzitsua da, orobat, dagoeneko baditugun loturak sustatzea; izan ere, oso handia da helmugen arteko lehia. Zentzu horretan, honako hauekin ari gara lanean:

  • Lufthansa: Alemania aurten lehenetsitako merkatuetako bat da; aurten, 25 urte bete dituenez Lufthansak Euskadi eta Alemania elkar lotzen, bereziki egin dugu merkatu honen alde. Munichen, aurkezpen bat egin zen MICE bidai-agenteetzat eta, maiatzean, bi «basque corner» (euskal txoko) jarri dira VIP aretotan, bi astez. Horietan, euskal gastronomia dastatzeko eta helmugaren berri izateko aukera ematen da, hala ikuspuntu turistiko batetik, nola industria-ikuspuntu batetik. Gainera, bidai-, turoperatzaile- eta prentsa-agentziei ere aurkeztu diegu helmuga. Azkenean, sukalde-eskola ezagun bateko pintxo-lantegian parte hartzen amaitu zuten. Era berean, Lufthansarekin elkarlanean ere, bidaiak sustatzen gabiltza, kazetari eta turoperatzaileak Euskadi ezagutzera etor daitezen. Datorren ekainaren 3an aurkezpen bat egingo dugu Bruselan eta bertan egongo da Brussels Airlines, Lufthansa taldearen baitako konpainia.
  • Czech airlines: Aurten, Euskadin egonaldiak zozketatuko ditugu bidai gehien saltzen dituzten bidai-agenteen artean. Berebat, Euskadiri buruzko galderak egingo zaizkie, merkatu horri buruz dugun ezagutza sakontzeko.
  • Foro Routes: Azkenik, Basquetourrek bigarren urtez jarraian hartu du parte Routes Europe foroan. Europako hegazkintza-merkatu handienetakoa da eta, aurten, Aberdeenen egin dute. Baita mundu mailako Routes foroan ere, Durhain. Erreferentziazko foroak dira aireko loturen munduan eta aire-konpainia, aireportu zein helmugak hartaratzen dira. Helburua da nazioarteko airelinea nagusiekin harremanetan jartzea eta haien estrategiak ezagutzea; bai eta euskal aireportuen eta Euskadi helmugaren eskaintza eta aukerak ezagutaraztea ere hegazkintzarekin zerikusia duten profesionalen artean. Izan ere, foro horretan, hegazkintzako 1200 bat profesional biltzen dira guztira: 125 airelineako eta 350 aireportuko profesionalak eta turismo-arloko 45 profesional.

Jarduera horiek guztioriek helburu bakarra dute: turista atzerritar gehiago Euskadiratzea, erosahalmen handiagoko turistak, hain zuzen, datozen oporraldiei begira.

3 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @ClusterHabic
    2015.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkiaga: Euskadi refuerza su promoción turística internacional y consolidar la buena tendencia de este mercado @visiteuskadi http://t

  • @arantxa_tapia
    2015.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    RT @iurkiaga: Euskadi refuerza su promoción turística internacional y consolidar la buena tendencia de este mercado @visiteuskadi http://t

  • @iurkiaga
    2015.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    Euskadi refuerza su promoción turística internacional y consolidar la buena tendencia de este mercado @visiteuskadi http://t.co/9ns2CkmTo7

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)