Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadi aukeratu dute Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren egoitza izateko

2015.eko maiatzak 28
  • Europako tokiko gobernuetako 800 ordezkari baino gehiago Bilbon bilduko dira, 2016ko apirilaren 27tik 29ra.  
  • Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia jasangarritasunari eta ingurumenari buruko tokiko politiken hitzordu nagusia da gure kontinentean.

2016ko apirilaren 27tik 29ra bitartean, bi egun eta erdiz, Euskadi Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentziaren egoitza ofiziala izango da. Konferentziaren eragileak Europako Hiri eta Herri Jasangarrien Kanpaina eta Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Nazioarteko Sarea –ICLEI- izango dira. Topaketaren egoitza nagusia Bilbo izango da, eta bere programaren baitan topaketa paraleloak ere izango ditu beste euskal hiri batzuetan, hala nola Donostia eta Gasteizen. Europako topaketa garrantzitsu horren antolatzailea Eusko Jaurlaritza izango da, gainerako euskal instituzioekin batera.  

“Euskadik ICLEIren konferentziaren egoitza izatea lortu izanak aitortzen du, modu agerikoan, euskal udalerriek eta Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sareak -Udalsarea 21, tokiko agenda 21eko planak dituzten 200 udalerriz osatua- tokiko jasangarritasunaren alorrean egin duten ibilbidea”, adierazi du Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak. 

ICLEI, Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sarea  

ICLEI, Jasangarritasunerako Tokiko Gobernuen Sarea, nazioarteko elkarte bat da. Mundu osoko 1.200 tokiko gobernuk osatzen dute, gutxi gorabehera, eta mundu osoan diharduen hiri jasangarrien sare bakarra da. 

ICLEIk tokiko agintaritzen interesak ordezkatzen ditu Nazio Batuen Erakundearen aurrean eta nazioarteko foro politikoetan. Haren helburua da aldaketa positibo bat lortzea eskala globalean, jasangarritasunari buruzko programak eta kanpainak toki mailan egitearen bidez. 

“ICLEIren eginkizuna da tokiko gobernuen mundu-mugimendu bat eraikitzea eta bultzatzea, hobekuntza nabariak lortzeko jasangarritasun globalaren eremuan. Gure ustez, jasangarritasun globala toki mailako ekintzetatik pasatzen da, eta, horrregatik, Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea, Udalsarea 21, ICLEIren kidea izan da 2001 urteaz geroztik”, azpimarratu du Oregi Sailburuak. 

Europako Hiri Jasangarrien Konferentzia, 1994az geroztik 

1994an, Europar Batasuneko Hiri Ingurumenari buruzko Adituen Taldearen ekimenez, Europako Batzordearen eta ICLEIren babespean, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Konferentzia egin zen Aalborgen (Danimarka), eta hor sortu zen Europako Hiri Jasangarrien Kanpaina, Europako tokiko agintaritzen sare nagusien sostenguarekin, hala nola Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua, EUROCITIES, UTO (Hiri Batuen Erakundea) eta OME (Osasunaren Mundu Erakundea). 

Harrezkero, zazpi konferentzia egin dira: Aalborg (1994), Lisboa (1996), Hannover (2000), Aalborg +10 (2004), Sevilla (2007), Dunkerque (2010) eta Geneva (2013). 

Ana Oregiren hitzetan, “harro egoteko modukoa da Euskadik Europako Hiri eta Herri Jasangarrien 8. Konferentzia hartzea, zeren bidea emango baitigu geure lorpenak erakusteko eta nazioartean proiektatzeko”. ICLEIren konferentziak tokiko jasangarritasunaz eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko Europan egiten den ekitaldi nagusia dira, eta hor elkartzen dira Europako tokiko gobernuak, tokiko gobernuen sareak, eskualdeetako eta nazioetako gobernuak, Europar Batasuneko erakundeak, nazioarteko erakundeak, GKEak eta ikerketa-zentroak.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mirenepalacios
    2015.eko ekainak 02

    Comentario de Twitter:
    Euskadi, sede de la 8ª Conferencia Europea de Ciudades y Pueblos Sostenibles http://t.co/r7mkoMEQ7M

  • @EUBasqueCountry
    2015.eko maiatzak 29

    Comentario de Twitter:
    The Basque Country chosen to host the 8th European Conference on Sustainable Cities and Towns http://t.co/C2Ey29a5I5

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Wolfgang Teubner, Europarako ICLEIren Eskualde Zuzendaria