
Amaitu da Euskadin kirol-arloko lanbideetan sartzeko eta horietan jarduteko lege-aurreproiektuari ekarpenak egiteko fasea
Legearen xedea da kirol-lanbide jakin batzuetan sartzeko eta horietan jarduteko oinarrizko alderdiak antolatzea, lanbide horiek zein diren esanbidez adierazita eta bakoitzari dagokion jardute-eremu orokorra esleituta; horrez gain, lanbide horietara sartzeko beharrezko prestakuntza zein den ere adieraziko du.
Legea egin zenean, proposatutako araudiaren alor eta edukiaren araberako bidezko izapide eta txostenak egin ziren, xedapen orokorrak egiteko prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legeari jarraiki. Lege horretako 8. artikulua betez, entzunaldia egin zen eta jendaurrean jarri zen hainbat erakundek beren ekarpenak egin zitzaten, esaterako, Euskadiko eta lurraldeko kirol-federazioek, Euskal Federazioen Batasunak eta abarrek. Gainera, 8/2003 Legearen 9. artikuluari jarraiki, hiru foru-aldundiek (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuek parte hartu zuten eta haiei kontsulta egin zitzaien.
Jendaurreko informazioaren izapidea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarri zen eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuz osatu zen. Gainera, Irekia webgunean partaidetza-prozesu bat ere egin zen, herritarren ekarpenak jasotzeko.
Alegazioak eta jasotako iruzkinak aztertu ondoren, behin betiko testua egingo da eta testu hori Gobernu Kontseiluari igortzeko eta hark onartzeko izapideak egingo dira.