Berriak Osasuna
Eu

Osakidetza «Kerik Gabeko Ospitale eta Zentro Sanitarioen Nazioarteko Sarean» sartu da

2015.eko maiatzak 27

Tabakorik gabeko Mundu Eguna

Elkarlanean arituko da mundu-mailako beste erakunde batzuekin, molde guztietako tabako-kontsumoa prebenitzeko eta uzteko baterako estrategia bat garatzeko

«Kerik gabeko erakunde sanitarioen euskal sarea» izenpean, Osakidetza ENSH-Globalen, «Kerik gabeko ospitale eta zentro sanitarioen nazioarteko sarea»n, sartu da. Mundu osoko ke-gabeko erakunde sanitarioek osatzen dute eta 20 herrialdek baino gehiagok du ordezkaritza bertan, Jon Darpónek, Osasuneko sailburuak gaur goizean iragarri duen moduan.

2014ko irailean Euskal Sarea sortu zenetik, Osakidetzako erakundeak ekimen horretan sartzen joan dira. Gaur egun, honako hauek daude sarean: Debabarrena ESIa; Arabako Eskualdea; Tolosaldea ESIa eta Donostialdea ESIa. Gutxi barru, beste bost sartuko dira. Zehazki, honako hauek: Araba Unibertsitate Ospitalea; Goierri-Urola Garaia ESIa; Bilbo Basurto ESIa; Barrualde Galdakao ESIa; Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIa.

Horiek guztioriek lankidetzan arituko dira mundu-mailako beste erakunde sanitario batzuekin batera –ENSH-Globaleko beste kide batzuekin, hain zuzen– molde guztietako tabako-kontsumoa prebenitzeko eta uzteko baterako estrategia bat garatzen, hori baita sarearen helburu nagusia.

Sortu zenetik, ENSH-Global sareak ebaluazio jarraituaren kontzeptua garatu du: oinarrian, ospitaleetan eta osasun-zerbitzuetan tabakismoa kontrolatzeko politika integralak ezartzean datza. Horrez gainera, sareak bere kodearen ezarpena sustatzen du, informazioa eta esperientziak trukatuz eta jarduera eta egitasmoak koordinatuz.

Jon Darpónek, Osasuneko sailburuak, azpimarratu du sarean sartzea tabakoaren aurkako borrokan aurrerapauso bat ematea dela; izan ere, Osakidetzako erakunde sanitarioetan tabakoa desagerrarazteko betebeharra hartu dugu gure gain: «eredugarri izan nahi dugu kerik gabeko inguruneak sustatzen eta iniziatiba hartu tabakismoa kontrolatzeko politikak ezartzen; orobat, osasun-zentroetan erretzeko aukerak gutxiagotu eta tabakoaren kontsumoa murrizteko edo bertan behera uzteko ideia samurtu, hala pazienteei nola profesionalei; bai eta tabakismoaren aurkako programa ezartzen jarraitu ere». Eta gaineratu du: «Hala, gure erakunde sanitarioetan, kerik gabeko giro osasungarria bermatuko dugu guztientzat: profesional, gaixo eta senitartekoentzat».

Estatuan, sei autonomia-erkidego besterik ez daude sare horretan (Andaluzia, Asturias, Murtzia, Galizia, Errioxa eta Katalunia).

Osasuneko sailburu Jon Darpón prentsaurrekoan agertu da gaur goizean, Osatzen, Familia zein Komunitate Medikuntzako Euskal Elkarteko presidentea, Iñaki Martínezekin eta Arnasketa Patologien Euskadiko eta Nafarroako Elkarteko ordezkari Amando Garcíarekin, datorren maiatzaren 31ean ospatuko den Tabakorik gabeko Mundu Eguna eta aurten XVI. edizioa betetzen duen Kerik gabeko Astea direla-eta. Aste horretan, tabakoak gizarteari oro har eragiten dizkion kalte handiak gogorarazteko ekimenak areagotzen dira.

Osasuneko sailburuak esan duenez, etorkizuneko erronkei heltzeko, tabako-kerik gabeko gizarte bat behar dugu; beraz, Osasun Saila eta Osakidetza tabakorik gabeko euskal gizarte bat lortzeko ahaleginetan dabiltza. «Biztanleak tabako-ketik babestea eta erretzaileari laguntza eskaintzea, tabakismoa tratatzeko zerbitzu eskuraerrazak emanez lehen mailako arreta zentroetan; horra hor gure konpromisoa. Horrez gainera, gazte eta nerabeen artean prebentzioa sustatzera bideratu dugu gure esku-hartzea, Euskadiko ikastetxeetan gauzatzen den «Kerik gabeko gelak»en gisako kontzientziazio-programekin.

Horretarako, Osasun Sailak eta Osakidetzak tabakoak eta aire kutsatuak osasunari dakarzkioten arriskuei buruz informatzen eta sentikortzen jarraituko dute, abiaraziko diren politika eta neurriak –Mendekotasunen Legea, kasu– eta tabakoa uzteko tresnak ezartzeko behar den kultura-aldaketa eragiteko asmoz.

Erronka hori erdiesteko–adierazi du Osasuneko sailburuak– beharrezko dira gizarte osoaren parte-hartzea eta Osakidetzako profesionalek egiten duten lan garrantzitsua. Izan ere, Osakidetzako profesionalen engaiamenduari eta haiek egindako lan handiari esker lortu dira emaitza onak tabakoaren alorreko esku-hartzeetan. (Mendekotasuna gainditzeko programak, bai eta urte betez martxan egon den telefonoa eta tabakoa uzteko aplikazioa ere, esku-hartzearen osagarri).

Osatzen, Familia zein Komunitate Medikuntzako Euskal Elkarteko presidentea den Iñaki Martinez-ek adierazi duenez, tabakoaren  paketatze generikoari eskaini zaio aurten ahaleginik handiena. “Beste herrialde batzuetan, Australian kasu, egiten ari den bezala, hemen ere neurri hori indarrean jartzea onuragarri izango litzatekeela uste dugu. Izan ere, paketatze generikoa, hau da, paketeetan irudirik, publizitaterik, kolorerik edota marka bati lotutako logotiporik ez agertzeak berak tabakoaren kontsumoa murriztu arazten duela frogatuta baitago”, azpimarratu du.

Amando Garcíak, Euskadi eta Nafarroako Arnas Patologia Elkartearen ordezkariak gogoratu duenez, tabakoak erretzaileen erdia hiltzen du, bizi itxaropena 15 urtetan murrizten du, eta 25 gaixotasun baino gehiago eragiten ditu: arnas aparatukoak, kardiobaskularrak, minbizia etab.

Horregatik, eta gaixotasun horiek eta tabakoa elkarren artean zuzenean lotuta daudela egiaztatuta dagoenez, azpimarratu du garrantzizkoa dela prebentzio-programak eta ohitura osasungarriak sustatzea, esaterako, ez erretzearen ohitura.

Egunotan, eta maiatzaren 31ra bitartean, Kerik gabeko XVI. Astea ospatzen da.  Euskadin, tabakoaren inguruko askotariko jarduerak ari dira gauzatzen eta jarduerotan Osakidetzako erakundeak, Sendagile eta Farmazialari Elkargoak, Udalak, Hezkuntza, Elkarteak, etab. ari dira parte hartzen.

Gauzatzen diren ekimenen artean, honako hauek: informatzeko mahaiak, karpa komunitarioak, solasaldiak, lantegiak, Kerik Gabeko Gelak programako sari-emateak, eta tabakoa uztera eta BIZITZERA gonbidatzen duten pegatinen banaketa (Osasun Saileko ekimen bat, Farmazialari Elkargoekin lankidetzan). 

TABAKOAREN DATUAK

Azken Euskadi Drogak (2012) inkestaren arabera, Euskadin, tabakoaren eguneroko kontsumoaren prebalentzia % 25,7 da: % 23,3 emakumeen artean eta % 28,2 gizonen artean.

Tabako-kontsumoaren bilakaerari dagokionez, egindako ikerketen arabera, 2000 eta 2012 urteen artean, eguneroko kontsumoa % 15 beheratu zen gizonen artean eta % 13 inguru emakumeen artean.

12 urte horietan, tabakismoak bilakaera desberdina izan zuen adinaren arabera. Datu positiboena 15 eta 34 urte bitarteko gazteen kontsumoari dagokio: izan ere, % 43,3 beheratu zen adin-tarte horretan. Horrek zera adierazten du: jende gutxiagok hartu zuela gehienetan gaztetan hasten den erretzeko ohitura. Talde horretan, beherakada nabarmena ikus daiteke 2010 urtearen ondoren ere (% 20,9).

Bestalde, 35etik 74ra arteko adin-tartean erretzaileen proportzioak % 6,3 egin zuen behera, baina beherakada gizonen artean gertatu zen soilik; emakumeen artean, % 3,6 egin zuen gora.

TABAKOAREKIKO MENDEKOTASUNA GAINDITZEA (Osakidetzaren datuak)

Osakidetzak bere osasun-etxe guztietan eskaintzen ditu tabakoarekiko mendekotasuna gainditzeko programak, hala banakakoak nola taldekakoak. Iaz, 4.031 pertsonak parte hartu zuen programotan. Horietatik, 2.189 emakumeak ziren, eta 1.842 gizonak.

Banakako tratamenduak

Urtea

2014

Gizonak

1.250

Emakumeak

1.329

Guztira

2.579

 Taldeko tratamenduak

Urtea

2014

Gizonak

592

Emakumeak

860

Guztira

1.452

MENDEKOTASUNA GAINDITZEKO TELEFONOA: 944 00 75 73

Orain dela urtebete abiarazi zenetik, tabakoarekiko mendetasuna gainditzeko telefonoak egunean hiru bat dei jasotzen ditu, batez bestez, tabakoari buruzko aholkua nahiz informazioa eskatzeko. Martxora arte, ia mila dei jaso zen.

PRESTATUTAKO PROFESIONALAK

Osakidetzan, guztira, 2.319 profesional prestatu dira tabakoaren alorrean.

Hau da, Osakidetzako sendagile eta erizain guztien % 53,16 prestatu da alor horretan: erizainen % 69,46 eta sendagileen % 35,35.

2015/05/27

 

 

 

5 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @biocrucesHRI
    2015.eko maiatzak 28

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza entra a formar parte de la “Red Internacional de Hospitales y Centros Sanitarios sin Humo”
    http://t.co/Dge2S1XTkm

  • @RaquelEcenarro
    2015.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    RT @osatzen: Osatzen en la rueda de prensa Semana sin Humo 2015 en el Gobierno Vasco
    http://t.co/HYxCHjPMLE

  • @HUAospitalea
    2015.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza «Kerik Gabeko Ospitale eta Zentro Sanitarioen Nazioarteko Sarean» sartu da http://t.co/NBY57WPW3m

  • @HUAospitalea
    2015.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    Osakidetza entra a formar parte de la “Red Internacional de Hospitales y Centros Sanitarios sin Humo” http://t.co/c1HFK2vjWr

  • @osatzen
    2015.eko maiatzak 27

    Comentario de Twitter:
    Osatzen en la rueda de prensa Semana sin Humo 2015 en el Gobierno Vasco
    http://t.co/HYxCHjPMLE

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Iñaki Martínez , Osatzen-eko presidentea / presidente de Osatzen, Amando García, Arnasketako Patologien Euskadiko eta Nafarroako Elkarteko ordezkaria / Representante de la Sociedad Vasco-Navarra de Patología Respiratoria