Berriak Osasuna
Eu

Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketako Euskadiko programa esperientzia eredugarria da nazioartean

2015.eko maiatzak 25

Aste honetan dute aztergai Rigan egiten ari den mundu mailako adituen bilkuran, World Endoscopy Organizationek Washingtonen egindako kongresuan aurkeztu ondoren

Euskadiko kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa-programa esperientzia eredugarri gisa aztertuko da aste honetan Rigan, gaur eta bihar artean burutzekoa den Colorectal Cancer Screening Working Groupen bileran, Europar Batasunak finantzatutako Cancon proiektuaren esparruan (Cancer Control Joint Action), eta Washingtonen maiatzaren 15ean egindako Munduko Endoskopia Elkartearen (WEO, World Endoscopy Organization) kongresuan aztergai izan ondoren. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ezarritako programa horren hautemate-tasa % 93koa da, eta % 97ko espezifikotasuna du. Horri parte-hartzearen datuak eta prozesuaren kalitatea nahiz emaitzak batuta, programa nazioartean denik eta antolaketa zein emaitza hoberenetako bat da.

Euskadik hainbat nazioarteko forotan parte hartzen du 2012az geroztik programak aztertutako datu esanguratsuenak aurkezteko; besteak beste, ezarpen-estrategia, 2010eko Europako Gidaren adierazleen araberako emaitzak, bestelako bahetze-frogekiko aldea, emakumeen eta gizonen arteko aldea emaitzetan, baheketan hautemandako positibo eta negatibo faltsuak eta gizarte-desberdintasunak.

Adituek jardunbide egoki gisa izendatutako Euskadiko programaren alderdi gakoak, besteak beste, honako hauek dira: informazio-sistema berritzailea, gonbidapen-estrategia, lehen mailako arretaren inplikazioa, profesionalen eta lantaldeen koordinazioa eta ikerkuntza. Emaitza adierazgarrienei erreparatuz gero, honakoak nabarmentzen dira: programaren parte-hartze handia (10etik 7k parte hartzen dute) eta hautemandako lesio gaiztoen eta aurregaiztoen kopuru handia.

10 KASUTATIK 7 HASIERAKO EGOERAN HAUTEMATEN DIRA

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko eta Osakidetzaren Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Bahetzearen Prebentzio Programa martxan jarri zenetik, detektatutako 2.200 minbizi inbaditzaileren % 65 hasierako fasean zeudela diagnostikatu ziren. Bahetze-programari esker, era berean, gaur arte 16.000 adenoma aurreratu (lesio aurregaiztoak) eta arrisku gutxiko 6.000 adenoma identifikatu dira.

Kolon eta ondesteko minbiziaren bahetze-programak 2013ko abenduan Euskadiko helburu-populazioaren % 100 lortu zuen. Horrela, Jon Darpón sailburuak legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoa lortu zen, hau da, 50 eta 69 urte bitarteko euskal populazio guztiari (Eustaten arabera, 586.000 herritar) programako lehenengo gonbidapena bidaltzea.

Gorotzetako odol ezkutuaren testaren bidezko bahetzea egiteko gomendioa egiten hasi zen EB 2003. urtetik aurrera, eta Estatuko osasun-sistemak bere gain hartu zuen 2006az geroztik; garai hartan, 50-69 urteko biztanleriaren % 50 eraginpean hartzeko helburua finkatu zuten 2015. urterako. Euskadik, horrela, % 100a urte bat lehenago lortu zuen,estatuko benetako estaldura, ordea, data horretan, % 20koa zen.

 

GEO TESTA (Gorotzetako Ezkutuko Odola)

Euskadin, Kolon eta ondesteko Minbiziaren bahetzea 2008. urteko maiatzean onartu zen eta hurrengo urteko urtarrilean abiarazi. Programan honako hauek sartzen dira:

  • Test immunokimiko kuantitatibo bat Gorotzetako Ezkutuko Odola (GEO) detektatzeko, 2 urtean behin, eta berresteko proba diagnostiko bat kolonoskopia bitartez, sedazio eta guzti.
  • Programaren koordinazio zentralizatua eta gauzatzearen koordinazio deszentralizatua.
  • Lehen Mailako Arretaren inplikazioa eta Arreta Espezializatuarekin estu-estu koordinatzea.
  • Kita etxera bidaltzea eta Osasun Zentroetan biltzea.
  • Datu Base Klinikoekin konektatutako Informazio Sistema.
  • Eta, bukatzeko, prozesu guztiaren eta ateratzen diren emaitzen jarraipena eta ebaluazio jarraitua egitea.

 

 

Vitoria-Gasteizen, 2015eko maiatzaren 25ean

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PilarMendia
    2015.eko maiatzak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @HUAospitalea: Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketako Euskadiko programa esperientzia eredugarria da nazioartean http://t.co/eeIuvxy

  • @marmendibe
    2015.eko maiatzak 26

    Comentario de Twitter:
    RT @HUAospitalea: Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketako Euskadiko programa esperientzia eredugarria da nazioartean http://t.co/eeIuvxy

  • @HUAospitalea
    2015.eko maiatzak 25

    Comentario de Twitter:
    Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketako Euskadiko programa esperientzia eredugarria da nazioartean http://t.co/eeIuvxyXid

  • @HUAospitalea
    2015.eko maiatzak 24

    Comentario de Twitter:
    Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketako Euskadiko programa esperientzia eredugarria da nazioartean http://t.co/5CuhpTPRTc