Berriak Lehendakaritza
Eu

Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Easo Politeknikora bisita egin du

2015.eko maiatzak 21
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin batera, Easo Politeknikoa Institutuaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizez Donostian. Bertako tailer eta ikasgela zenbait ezagutu ondoren, lehendakariak eta sailburuak lan bilera izan dute Lanbide Heziketako ikastetxe honetako zuzendaritzarekin eta zenbait arlotako arduradunekin. 

Euskadiko Lanbide Heziketak ia ehun heziketa ziklo desberdin eskaintzen ditu egun, 23 familia profesionaletakoak, eta hiru Lurralde Historikoetako 148 zentrotan ikasi daitezkeenak. Ikastetxe hauek, 45.000 ikasle baino gehiago dituzte matrikulatuta 2014-2015 ikasturte honetan:

  • 4.279 ikasle oinarrizko mailan
  • 13.894 ikasle, Erdi Mailako Heziketa Zikloetan
  • 20.529 ikasle, Goi Mailako Heziketa Zikloetan 
  • 2.441 ikasle, urrutiko Lanbide Heziketa ikasten
  • 4.276  eskaintza partzialean

Euskadiko Lanbide Heziketa sustatu asmo duen ekimen sortaren barnean, aipagarria da Lanbide Heziketa Duala, prestakuntza osatuagoa eta enpresengandik hurbilekoa ezarri nahi duena. Ikas-ekinean garatzen den prestakuntza da Lanbide Heziketa Duala, ikastetxean eta enpresan aldi beran aritzen baita ikaslea. Ikasleen prestakuntza maila hobetzea du helburu, baina batik bat, konplexutasun handiagoko inguruneetara egokitutako kualifikazio eta espezializazioa eskuratzea. Euskadiko Lanbide Heziketa Dualak baditu desberdintasunak Europako beste eredu batzuekiko. Lanpostu bat eskuratzeko goi mailako prestakuntza emateaz harago, Euskadiko ereduak sektore jakin bateko hainbat enpresatan lan egiteko gaitasuna eta prestakuntza ematen dizkio ikasleari, bai eta enpresa jakin bateko hainbat lanpostutan moldatzeko trebakuntza ere.    

Joan den ikasturtean (2013-2014) 241 ikaslek eta 176 enpresak hartu zuten parte programa dualetan. Ikasturte honetan datuok hazkunde nabarmena izan dute: 406 ikasle 311 enpresatan ari dira euren prestakuntza osatzen. Datorren ikasturterako berriz, 2015-2016rako, programa honetan parte hartzaile izango diren ikasle eta enpresen kopurua bikoiztea du helburu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.

Ikastetxeek enpresekin duten gero eta harreman estuago hori batetik, eta Euskadiko Lanbide Heziketak egunetik egunera eskaintzen duen prestakuntza maila hobea bestetik, enplegagarritasun tasa altuak dira ondorioa. Industria sektoreko titulazioetan batez beste %70ekoa da tasa hori, baina zenbait kasu jakinetan %90etik gorakoa ere izan daiteke. 

Baina gorago azaldutako horiekin batera, ikasleen ekintzaile-izaera pizten ere gogotsu egiten du lan Lanbide Heziketak, giza garapenerako ezinbesteko ezaugarria dela jakitun. Ikasketa mota hau burutzen duten pertsonak euren bizitzen “kudeatzaile”  izatea helburu hartuta, pertsona gisa nahiz profesional moduan garatzeko beharrezko izango dituzten gaitasunen jabe egiteko aukera dute ikasleek, gure ekoizpen-sareen hobekuntzan eta lehiakortasunean era aktiboan parte hartuz.

Joan zen ikasturtean 9.000 ikaslerekin jorratu zen ekintzailetzarako sentsibilizazioa Lanbide Heziketan, eta aurtengo ikasturte honetan 10.000tik gora izan dira. Azken hamar urte hauetan 50.000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte ekintzailetza-programetan. Eginahal honen emaitza: 2014tik 2014ra bitartean, Lanbide Heziketako ikastetxeetatik 450 enpresa sortu dira, ikasleek edo ikasle ohiek sortuak. Enpresa hauetatik %80 jardunean ari dira oraindik orain. 

Enpresa Txiki eta Ertainei laguntza

Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeek Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE) laguntza eskaintzen diete berrikuntza proiektuetan. Egun, 240 berrikuntza proiektutan ari dira lanean Euskadiko 22 ikastetxe, 180 enpresarentzat. Euskadiko ikastetxeen berrikuntza aplikaturako proiektuek berezko ezaugarria dute enpresen espezializazio beharretara egokitzeko malgutasuna. Honi esker, Enpresa Txiki eta Ertainentzat lehiakortasunean hobera egiteko erreferente bihurtzen ari dira, egunez egun, ikastetxeok.

Era berean, nazioartekotzearen alde ere apustu irmoa ari da egiten Lanbide Heziketa. Egun, bost kontinenteetako 20 herrialde baino gehiagorekin ari da lanean hainbat proiektutan, Euskadiko Lanbide Heziketaren Nazioarteko Campusa ekimenaren baitan. Gainera, Lanbide Heziketaren nazioarteko hiru sare garrantzitsuenetako kide ere bada, hala nola, Goi Mailako Heziketarako Ikastetxe Politeknikoen Mundu Federazioan, Heziketa Teknikoaren Europako Forumean, eta Teknologia eta Trebakuntzaren Aliantza Atlantikoan.

Easo Politeknikoa: 1.500 ikasle, 20 heziketa ziklo

Historia eta tradizio handikoa izaki Donostian, Easo Institutu Politeknikoa erreferentziako ikastetxea da ikasle, langile, langabetu nahiz inguruko enpresentzat. 1.500 ikasle baino gehiago eta 130 irakasle inguru ditu ikasturte honetan. Bertan, honako ikasketa hauek eskaintzen dira: hastapeneko Lanbide Heziketa ( erdi eta goi mailako heziketa zikloak), etengabeko prestakuntza (langile zein langabetuentzako ikastaroak), lanerako prestakuntza eta zikloetan sartzeko ikastaroak. Donostiako Amara auzoan dituen tailer eta ikasgeletan 20 heziketa ziklo ikas daitezke (7 erdi mailakoak eta 13 goi mailakoak), A eta D ereduetan, honako 9 familia profesional hauei dagozkienak: 

  • -Zurgintza eta Altzarigintza
  • -Elektrizitatea eta Elektronika
  • -Fabrikazio mekanikoa
  • -Instalazioak eta Mantenimendua
  • -Eraikuntza eta Obra Zibilak
  • -Osasuna
  • -Gorputz eta Kirol ekintzak
  • -Gizarte eta Kultur zerbitzuak
  • -Segurtasuna eta Ingurumena

Bere sorrera 1880an aurkitu behar dugu, Donostiako Arte eta Lanbide Eskola izan zenaren jaiotzarekin. Hasi orduan eta gaur arte, institutuak milaka ikasle gaitu eta trebatu ditu, bere historia eta tradizioa albora utzi gabe, etengabeko berrikuntza pedagogikoa gidari hartuta, eta garaian garaiko teknologiarik aurreratuenera egokituz.

8 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @anamarti4
    2015.eko maiatzak 22

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari Iñigo Urkullu visita el Instituto Politécnico Easo de Donostia-San Sebastián http://t.co/r08WgAV0sO animo @iurkullu

  • @EASOIKT
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari Iñigo Urkulu en @EASOPolitek http://t.co/D94KtHdKhH

  • @marisaberaza
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    El lehendakari Iñigo Urkullu visita el Instituto Politécnico Easo de Donostia-San Sebastián http://t.co/klv9SpqJNm

  • @leyretaurina
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @EASOPolitek: Irekia Eusko Jaurlaritza El lehendakari Iñigo Urkullu visita el Instituto Politécnico Easo de Donostia http://t.co/Zx0K5n5

  • @LOISSIOP
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @EASOPolitek: Irekia Eusko Jaurlaritza El lehendakari Iñigo Urkullu visita el Instituto Politécnico Easo de Donostia http://t.co/Zx0K5n5

  • @LOISSIOP
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @EASOPolitek: Irekia Eusko Jaurlaritza: Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Easo Politeknikora bisita egin du http://t.co/s9nx3oTv1e

  • @EASOPolitek
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia Eusko Jaurlaritza: Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Easo Politeknikora bisita egin du http://t.co/s9nx3oTv1e

  • @EASOPolitek
    2015.eko maiatzak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia Eusko Jaurlaritza El lehendakari Iñigo Urkullu visita el Instituto Politécnico Easo de Donostia http://t.co/Zx0K5n5W0T

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)