Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Bruselan parte hartuko du, Eskualdeen komitean

2009.eko urriak 08

Lehenbiziko bidaia ofiziala izango da Patxi Lópezen kanpo-harremanetarako agendan

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresaburuekin bilera egingo du, eta Durão Barroso lehendakariarekin elkartuko da.

Patxi López Lehendakaria Bruselara joango da datorren astelehenean, hilak 5, eta Eskualdeetako Komitearen osoko bilkuran parte hartuko du, urtero europar hiriburuan, Europako Parlamentuan bertan, ospatzen den Eskualdeen eta Hirien Europar Astearen kariaz -open days deitzen zaio ekitaldi horri-. Iragan maiatzean lehendakari hautatu zutenez geroztik kanpo-agendako lehenbiziko bidaia du hau Patxi Lópezek.

Lehendakariak agenda estu-estua du goizean goizetik Europar Batasuneko hiriburuan: osoko bilkuran parte hartzeaz gain, hainbat bilera izango ditu, eta Europako Batzordeko lehendakari José Miguel Durão Barrosorekin eta europar komisario Joaquin Almuniarekin egingo dituen bilerak dira nabarmenenak.

Era berean, bilera pribatua egingo du EAEko enpresaburu batzuekin, eta europar gaiei buruz dituen kezkak azalduko dizkie. Amaitzeko, Lehendakariak harrera egingo die, EAEren ordezkaritzaren egoitzan, Bruselan bizi diren EAEko herritarrei, eta EAEko europarlamentariak eta beste pertsonaia ezagun batzuk ere izango dira bertan.

Open Days

Zehazki, lehendakariak Eskualdeen Komitearen osoko bilkuran parte hartuko du, "Mundu krisiari eskualdeetatik erantzun?" izeneko eztabaida batean. Bertan, Eskualdeetako Komiteko presidente Luc Van den Brande jaunak, Dresdeko alkatesa Helma Oroszek eta Eskualde-politikako komisario Pawel Sameckik parte hartuko dute. Eskualdeen Batzordea sortu zenetik 15 urte ba dira ere, lehenengo aldia da Eusko Jaurlaritzako Lehendakari batek parte hartzen duena Europako foro garrantzitsu honetan.

Bilkura hori "open days" izeneko jardunaldi irekien barruan egingo da; europar foro honek urtero antolatzen du ekitaldi hori eskualdeek erkidego-politiketan parte hartze handiagoa izan dezaten eta beren ekimenak nabarmentzearren. Eskualde-politikari buruzko iritzi-trukeetan urtero egiten den ekitaldirik handiena dela jotzen da, eta, aurten, 200 mintegi inguru antolatu dira, eta uste da 7.000 inguru izango direla parte hartuko duten pertsonak. Eskualdeek krisiaren, berrikuntzaren eta hazkundearen aurrean duten egitekoa, aldaketa klimatikoa, mugaz gaindiko lankidetza eta kohesio-politika dira jardunaldi horietan aztertuko diren gaietako batzuk; Euskadik duela bost urtetik hona parte hartzen du bertan.

Kanpora egingo duen lehenbiziko bidaia honetan López lehendakariak Kanpo Ekintzarako Idazkari Nagusi Guillermo Echenique izango du laguntzaile; idazkari nagusiak asteartean, hilaren 6an, Bruselan egingo diren zenbait bileretan parte hartuko du, lehendakaria gabe. Hala bada, Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak Europako Eskualdeetako Komiteko talde sozialistaren bilera batean parte hartuko du, eta Eskualdearteko Lantaldean ere bai, autogintzaren sektoreak Europar Batasunean pairatzen duen krisiari aurre egiteko neurriak eztabaidatzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari