
Eusko Jaurlaritzak Plentziako portuko pantalanen zoladura berrituko du
- Kalitate handiko zoladura sintetikoarekin: balio-bizitza handiagokoa, A ultramore izpiek aldatu ezinekoa eta, garbitzeko, oraingoa baino errazagoa
- Hilabete barru, 1, 2, 3 eta 5 pantalanek itxura eraberritua eskainiko dute
VG 15/05/20
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Plentziako pantalanen zoladura berritzeko lanak hasi ditu, datorren udarari begira. Kalitate handiko material sintetikoa erabiliko du: balio-bizitza handiagokoa, A ultramore izpiek aldatu ezinekoa eta, garbitzeko, gaur egungoa baino errazagoa.
Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendariaren, Almudena Ruiz de Anguloren, arabera, «lehen esku-hartze honetan, itxura okerreneko pantalanak hobetuko dira (hau da, 1, 2, 3 eta 5). Bigarren fasean, gainerako pantalanei ekingo zaie (4 eta 6); hala, portuak itxura erabat eraberritu eta modernoa eskainiko du epe motzean».
Hain zuzen, gaur egungo zurezko zoladura desmuntatuko eta kenduko da, ur- eta elektrizitate-hartuneak kendu ondoren. Ondoren, gaur egungo zurezko egitura ordeztuko da, zoladura bermatzeko gida moduan erabiliko diren aluminiozko profil batzuekin.
«Plentzia izan zen pantalanean amarratzeko aukera eskaini zuen Euskadiko lehen kirol-portua. Ia 30 urte igaro dira instalatu zenetik, ordea, eta eguneroko mantentze-lana gorabehera, badira beren balio-bizitza agortu dutelako berritu beharreko zenbait elementu», azaldu du Ruiz de Angulok.
Pantalanetako zoladurak zaharkitze- eta hondatze-seinale argiak ageri zituen: babesgabetasuna, kolore galera, gune hautsi eta ezpalkatuak. Egoera hori ahal den heinean hobetzeko, iaz portua hobetzeko lanei heldu zitzaien, pantalanetako piboteak sendotuz.
«Nabarmentzekoa da material berriak ingurumena errespetatzen duela; izan ere, arroz-azala du osagai nagusietako bat» zehaztu du Eusko Jaurlaritzako Azpiegituren zuzendaria. «Amilibia Untziolak enpresari esleitu zaizkio lanak, 56.686,90 euroko balioan (BEZa barne), bi hilabete eta erdiko epearekin hornikuntzarako eta instalaziorako; muntaketari hasiera eman zaionez, lanak bukatzeko hilabete inguru geratzen da».