Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Urkabustaizeko «Irla-Hariztiak» kontserbatzeko eremu berezi izendatu ditu. (2015-05-19(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko maiatzak 19

Dekretua, Urkabustaizko Irla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110003).

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) gisa izendatu ditu Urkabustaizeko Irla-Hariztiak (Araba), Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen artean sartutako eremua. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren arabera: horrela bermatuko da, Natura 2000 Sarearen baitan, habitat natural mota desberdinak eta Arabako ingurune horretako basafauna- eta basalandare-espezieak iraunaraztea, bai eta ziurtatuko ere, hegazti-espezieak bizirautea eta ugaltzea.

Eusko Jaurlaritzak Hegaztiak Babesteko sei Eremu Berezi (HBEB) izendatu zituen bere garaian, eta 52 gune proposatu zituen Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Europako Batzordeak BGLen zerrenda onartu zuen; horien artean, Urkabustaizeko irla-hariztien KEBa. Eusko Jaurlaritzak batasunaren intereseko habitaten azterketan sakondu du, eta orobat aztertu ditu eremuko fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera.

Urkabustaizeko irla-hariztiak Atlantikoko eskualde biogeografikoaren barruan sartzen dira. KEB horretan, Natura 2000 Sare ekologikoan sartutako Batasunaren intereseko zazpi habitat daude gutxienez. Basoak dira nagusi, eta azpimarratzekoak dira pagadi azidofiloak, harizti mesotrofo subatlantikoak, erkameztiak eta ameztiak, bai eta, halaber, bertako espezie bereizgarriak ere.

Faunari dagokionez, hainbat espezie nabarmendu daitezke: esaterako, baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) eta 50 bat hegazti-espezie (zata arrunta, arrano sugezalea, miru beltza, miru gorria eta zapelatz liztorjalea, kasu), halakoak daudela egiaztatu baita. Eremu hori oso garrantzitsua da galzoriko espezie gisa sailkatutako saguzar mota bat kontserbatzeko; hain zuzen, Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii), gure erkidegoan, saguzar-espezie horrek KEB horretan baitu kolonia garrantzitsuenetako bat.

Urkabustaizeko irla-hariztiak Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko prozeduran gizarteak ere hartu du parte, dagokion prozesuaren bitartez. Eremuak 276,8 hektarea hartzen ditu Zuiako bailaretan eta Oiardoko errekan; iparraldean Gorbeiako mendigunea dago, mendebaldean, Gibijoko mendilerroa eta, hegoaldean, Badaiako mendilerroa.

Atlantikoko hariztien osaera, egitura eta dinamika, hein handi batean, baso horiek jasan duten presio antropikoak eragin du: landaketek, aukerako ebaketek, bakanketek, suteek, biomasa-bilketak eta aziendak. Hala ere, azken hamarkadetan pixkanaka landa-eremuko bizimodua bazter uzteak berriro prozesu naturalak gailentzea eragin du.

KEBa osatzen duten sektoreak:

LARREEN SEKTOREA: Oiardo herriaren hego-mendebaldean (Urkabustaizko udal-mugartean) kokatua, 9,2 ha-ko azalera duen haritz pedunkulatuen (Quercus robur) eta ametzen (Quercus pyrenaica) baso batek osatzen du. Inguruan sega-belardi atlantikoak ditu eta ez du beste zuhaitz-masekin elkar ukitzen.

GARAI SEKTOREA: 2,6 ha-ko unada bat da, Oiardo herriaren hego-ekialdean (Urkabustaizko udal-mugartean), harizti batek osatua; bertan, nagusi da haritz pedunkulatua, erkametzarekin batera (Quercus faginea). Larren sektorean bezala, hariztia sega-belardi atlantikoez inguratuta dago, eta beste baso-masetatik isolatua.

GODAMO MENDIKO ETA ZUIA HARANEKO SEKTOREA 265 ha hartzen ditu eta hiru sektoreetan handiena da. Izarra, Abornikano (Urkabustaizeko udal-mugartean biak) eta Lukiano (Zuiako udal-mugartean) herrien artean kokatzen da. Quercus robur harizti mesotrofo subatlantikoez, pagadi azidofiloez eta ameztiez dago osatuta. AP-68 autobideak sektorea zeharkatzen eta erdibitzen du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau