Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraiorako dekretu bat onartu du

2015.eko maiatzak 19

Gaur, gobernu-kontseiluak dekretu bat onartu du unibertsitateak ez diren ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioa arautzeko.  Ondoren eman duen prentsaurrekoan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Cristina Uriartek, azaldu du Jaurlaritzak lehen aldiz arautu duela prestazio hori izaera orokorreko xedapen baten bidez. Berritasun gisa, sailburuak nabarmendu du hemendik aurrera batzorde tekniko batek aztertuko dituela arreta berezia merezi duten salbuespenezko kasuak. Gainera, bete gabeko plazarik egonez gero, seme-alaben zaintza partekatua duten familiak eta indarkeria matxista jasan duten amen seme-alabak lehenetsiko dira. 

Josu Erkoreka ere egon da prentsaurrekoan, eta sindikatuek Lanbideko greba-deialdia bertan behera uzteko aukerari buruz hitz egin du. Erkorekak baieztatu du gobernuak «elkarrizketak mantentzeko borondatea»rekin jarraitzen duela, eta berretsi du egon direla elkarrizketak eta egin direla eskaintzak sindikatuko ordezkariei greba mantentzeko asmoa kentzeko. «Nolanahi ere –gaineratu du eledunak– sindikatuei dagokie erabaki hori hartzea».

Jaurlaritzako bozeramaleak, EAJek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu dituen zuzenketen inguruan galdetu diotenean –frackingaren azterketa eta ustiaketa bost urte atzeratzea proposatu du–, adierazi du gobernu-taldeak proposamena «ezagutzen duela, eta iritzi berekoa dela». Josu Erkorekak esan du Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzeko garaia dela eta, erabaki irmo bat hartutakoan, Jaurlaritzak ondorioz jardungo duela. 

Bestalde, atzo Ertzaintzak Gasteizen izandako jokabidearen inguruan galdetu diotenean –Segi erakundekoak izateagatik kondenatutako pertsonak atxilotu zituenean, hain zuzen–, eledunak erantzun du «Ertzaintzak bere zeregina bete zuela». Josu Erkorekak azaldu duenez, Ertzaintzak hiru pertsona horiek identifikatzeko eta atxilotzeko epaile-agindua bete zuen, «ahalik eta proportzionaltasun handienaz» bete ere, aintzat hartuz gero talde antolatua aurre egiten ari zitzaiola, agindua betearaztea eragotziz.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabaki nagusiak (2015.05.19)

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)