Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

KOIk eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa Sozietateak Ekonomia Iraunkorreko proiektuak finantzatuko dituzte

2010.eko uztailak 08

Finantzaketa hori kapital-inbertsioak egingo dituzten enpresetara bideratuko da lehentasunez

KOIren lehendakari José María Ayala jaunak, Axis Participaciones Empresariales sozietatearen Administrazio Kontseiluaren lehendakari gisa, eta SGECR Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa SA Sozietatearen lehendakari Xabier Garmendia jaunak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute; lankidetza-hitzarmen horren xedea Ekonomia Iraunkorreko proiektuak gauzatzen dituzten EAEko enpresen finantzaketa erraztea da. Ekitaldi hori Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan egin da gaur arratsaldean, eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabé Unda jauna izan da haren buru. 

Lehen txertatze-faseak gainditu ondoren kapital-inbertsioak egiten dituzten enpresetara bideratuko da adierazitako finantzaketa lehentasunez. Axis eta Euskal Herriko Arrisku Kapitalaren Kudeaketa sozietateen inbertsioa proiektu bakoitzeko baterako inbertsioaren modalitatean egingo da, partaidetza-maileguen bitartez nahiz kapital-inbertsioen bitartez, eta aktiboak erostera, I+G+Bra eta enpresak erostera bideratuko da funtsean. Adierazitako bi erakunde horien partaidetza baterakoa izango da, eta ezin izango du enpresa partaidetuaren kapitalaren % 49 gainditu; horretaz gain, beste hainbat inbertitzaile pribaturen partaidetza ere sustatuko dute.

Proiektuak finantzatzeko helburu-sektoreak Ekonomia Iraunkorrari buruzko Legean lehentasunezko gisa zehaztutakoak izango dira, zehazki, ingurumenarekin, jakintzarekin eta berrikuntzarekin lotutakoak eta gizarte-eremuaren barnean hartutakoak, besteak beste. 

Sinatutako lankidetza-hitzarmen hori Ekonomia Iraunkorreko Funtsaren garapenaren esparrukoa da; KOIk du funts hori kudeatzeko eskumena, zehazki, Arrisku Kapitaleko Funtsak, 300 milioi euroko zuzkidurarekin. Ekonomia Iraunkorreko 2010-2011ko Funtsak 20.000 milioi euroko zuzkidura dauka, eta lau produktutan banakatuta dago: azpiegiturak eta energia finantzatzeko inbertsio-kapitaleko funts bat, arrisku-kapitaleko funts bat, KOIk eta erakunde finantzatzaileek batera proiektuak zuzenean finantzatzeko programa bat eta bitartekotza-linea bat.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 8a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda