Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak hitzarmena sinatu du Bermeoko eta Basaurioko udalekin datuak online trukatu ahal izateko

2015.eko maiatzak 17
  •  Eusko Jaurlaritzak Bermeoko Udalarekin zein Basauriko Udalarekin sinatutako hitzarmenei esker, herritarrek errazago egingo dituzte izapideak eta administrazio-prozedurak.
  • Erakundeek kostuetan eta espazioan aurreztuko dute.
  • Hitzarmenek lau urteko indarraldia izango dute, bi kasutan, eta ez dute kontraprestazio ekonomikorik edukiko.

Eusko Jaurlaritzak bi lankidetza-hitzarmen sinatu ditu, Bermeoko Udalarekin eta Basauriko Udalarekin, informazio, administrazio eta kudeaketa elektronikoko zerbitzuak elkarri eskaintzeko.

Hitzarmenei esker, elkarreragingarritasuna hobetzeko lineako zerbitzuak eskaintzen dituzte tokiko bi erakundeek; hau da, informazioa, datuak eta zerbitzu elektronikoak partekatzen dituzte Eusko Jaurlaritzarekin.

Erabiliko den Elkarreragingarritasun Sistemari esker, paperezko ziurtagirien eta gainerako agirien ordez datu-transmisio elektronikoak erabiliko dira, partekatutako informazioaren benetakotasun, osotasun, isilekotasun, eskuragarritasun eta kontserbazio baldintzak bermatuta.

Hala, sendoagoa izango da Eusko Jaurlaritzaren bai Bermeoko Udalaren bai Basauriko Udalaren arteko lankidetza, Eusko Jaurlaritza eta bi Udalen artean informazio trukerako sistema eratuko baita; ondorioz, herritarrei datu-ziurtapenak eskatu beharrik izan gabe egingo dira izapide administratiboak. Beraz, herritarrek dagoeneko Administrazio Publikoen esku dauden datuak eta agiriak ez emateko daukaten eskubidea bermatuko da.

Hitzarmen hauen bidez, Eusko Jaurlaritzak eta Bermeoko eta Basauriko Udalek urrats bat gehiago eman dute Herritarrak Zerbitzu Publikoetara Sarbide Elektronikoa izateari buruzko 11/2007 Legea betetzeko. Horren arabera, administrazio publiko guztiek haiekin harremanetan jartzeko bide elektronikoak erabili ahal izatea bermatu eta beren artean informazioa trukatu behar dute, herritarrek izapide administratiboak errazago egin ditzaten.

Lankidetza-hitzarmenek lau urteko iraunaldia dute, bi kasutan, urtez urte luza daiteke modu automatikoan, gehienez ere hamabost urtez, eta ez du koste ekonomikorik izango aldeentzat.

HERRITARRENTZAKO ONURAK

  • Herritarrei eskainitako zerbitzua hobetzea.Administrazioen arteko lankidetzari esker.
  • Administrazioen sistemen artean informazioa trukatzea. Asmoa da herritarrak ez daitezela ibili erakunde batetik bestera, batek jaulkitako agiriak bestean aurkeztu behar dituztelako edo erakunde bat baino gehiagoren aurrean eskaerak nahiz idatziak izapidetu behar dituztelako.
  • Izapide eta prozedura administratiboak sinplifikatzea. Izapide administratiboetan edo ziurtagiriak eskatzerakoan aurkeztu beharreko agiri-kopurua murriztuko da.
  • Gardentasuna eta erraztasuna. Herritarrek ez dute jakin beharko administrazioek eskainitako zerbitzuen atzean datzan barruko tramitazioa; izan ere, orain arte, batzuetan ezinbestekoa zen hori ezagutzea zenbait izapide egiteko.

ADMINISTRAZIOENTZAKO ONURAK

  • Eraginkortasuna hobetzea. Jardunbide administratiboaren eraginkortasuna areagotuko da lankidetzaren eta kooperazioaren bidez.
  • Aurrezkia kostuetan eta egoitzetan. Paperaren ordez agiri elektronikoak erabilita, paperezko agiriak jaulkitzeagatiko kostuak murriztuko dira, baita agiriok biltegiratzera bideratutako beharrezko espazioa ere, eta inguru giroa zainduko dugu.
  • Lan-zama arintzea. Truke elektronikoaren bidez datu-zama arintzen da hartzailearen kudeaketa-sistemetan.
  • Informazioaren kalitatea hobetzea. Hartzaileen kudeaketa‑sistemen informazio-zaman gerta daitezkeen akatsak ezabatzen ditu, zama hori bera automatizatu egin baitaiteke.

Eusko Jaurlaritzaren ustean, beharrezkoa da administrazio elektronikoa azkar eta modu eraginkorrean garatzea, herritarren eta administrazioen arteko harreman elektronikoak ahalbidetzeko.

BESTE UDAL BATZUEKIN SINATUTAKO HITZARMENA

Bermeko eta Basauriko Udalekin ez ezik, Eusko Jaurlaritzak hitzarmena hiru hiriburuetako udalekin ere sinatu du, Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz, eta Irun, Barakaldo, Ermua, Beasain eta Getxoko udalekin  eta Txorierriko Mankomunitatearekin ere bai. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Gob_eus
    2015.eko maiatzak 18

    Comentario de Twitter:
    [eGov] Hemos firmado un convenio para el intercambio online de datos con los Ayuntamientos de Bermeo y Basauri ➡ http://t.co/z0mJm15Abk

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)