Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Zuatzu Enpresa Parkearen inaugurazio ekitaldia

2010.eko uztailak 08

Zuatzuk Eusko Jaurlaritzatik sustatu nahi diren balio guztiak biltzen dituela azpimarratu du Undak

Sailburuak adierazi duenez, Parkeak jarraipena izan behar du, eta hazten jarraitzeko lan egitera animatu ditu gainontzeko erakundeak.

Bernabe Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak Zuatzuko Enpresa Parkearen inaugurazio ekitaldian parte hartu du gaur goizean Donostian.

Ekitaldian erakundeetako beste goi-ordezkari batzuk ere izan dira, hala nola Markel Olano Gipuzkoako Alaldun Nagusia; Jorge Letamendia Donostiako Udaleko alkateordea; eta Jose Manuel Iturrate Zuatzu Enpresa Parkeko zuzendaria.

Inaugurazioan, Unda sailburuak esan du Zuatzu Enpresa Parkea ez dela edonolako parkea, gaur egungo kontzeptuetan oinarrituta baitago. Horrela, ezin hobe uztartzen dira ingurugiroarekiko errespetua arkitekturarekin eta lan berritzaileenarekin; enpresa jasangarriak, berritzaileak, sortzaileak eta teknologikoak daude bertan; Eusko Jaurlaritzatik sustatu nahi diren balio guztiak biltzen dituzten enpresak, hain zuzen ere.

Bestalde, Undak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren sustapen politikei esker, Parkea Gipuzkoan ezarri nahi diren enpresentzat aukera ona izatea espero du.

Halaber, deia egin die erakunde guztiei Parkearen jarraipenarekin, hedapenarekin eta garapenarekin jarraitzeko eta Zuatzu bezalako parkeak egiten jarraitzeko.

Zuatzu Enpresa Parkea

SPRILUR-ek (Eusko Jaurlaritzaren menpeko sozietateak), Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak partaidetutako Zuatzu Parque Empresarial sozietateak amaitutzat eman du Zuatzu enpresa parkearen proiektua, zeinak 2010 langile dituzten 8 enpresa biltzen baititu.  Eraikitako 15.000 metro koadro berri inauguratu dira gaur, enpresak bertan instalatu eta beren jarduera ekonomikoa garatu dezaten.

Gaur 15.000 metro koadro berri inauguratu dira (11.446 m² erabilgarri), zeintzuetan hiru eraikin berri jaso baitira proiektuko seigarren eta azken fasearen baitan, 12 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.

Zuatzu Parque Empresarial, S.A., 1990ean jaio zen SPRILURen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren eskutik. Proiektu honek bikain betetzen du bere helburu soziala, hots, enpresa arinei zuzendutako azpiegitura eremu bat garatzea, zeinak berritzeko gaitasuna izango baitu eta sorkuntza berriko ekimenak lehenetsiko baititu.
Gainera, puntako teknologia dauka eta enplegua sortzeko gaitasuna ere bai. Horrela beraz,  gaur amaitutzat eman da Zuatzu Enpresa Parkearen proiektua. Bere kokapen bereziagatik ingurune estrategikoan egonik, Zuatzuko Parkeak Gipuzkoako garapen ekonomikoaren eta aberastasuna sortzearen aldeko apustua egin du.

1995etik aurrera hasi ziren eraikitzen lehen eraikin bereziak eta gaur egun 16 eraikuntzak osatzen dute parkea. Horietatik hamahirutan okupazioa ia %100ekoa da, 108 enpresa instalatu baitira. Gehienak ETEak dira -20 eta 30 langile bitartekoak- eta langileak oro har gazteak, enplegatuen %63k 35 urte baino gutxiago dituztelarik. Langileen %32rentzat lehen lana da hau eta erdiak berriz goi mailako ikasketak edo masterren bat egin ditu. Enpresa Parkea Unibertsitate eremutik hurbil dago eta horrela, ezagutzaren eta giza baliabideen transferentzia bideratzen da unibertsitate eta enpresen artean.

Bestalde, Zuatzu Parque Empresarial sozietateak erraztasunak ematen ditu beste enpresa batzuk instala daitezen eta horretarako industri lurreko hainbat sail eskaintzen ditu tamaina handiagoko jarduera ekonomikoak ezartzeko. Hona hemen eraikin nagusiak: Bosch Rexroth, S.L. (Goimendi),  automatizazio industrialaren sektorekoa, Ikor Sistemas Electrónicos, S.A.  eta Bultz, hornidura industrialen sektoreko handizkaria. Gainera, PIA-Ikus-entzunezkoen Berrikuntza Gunera bideratutako 2 eraikin berri jaso dira.   

Parkearen hasieratik hona, enplegua %42 handitu da. Zuatzu sortzen hasi zirenean, jatorrizko ideia zen berritzeko eta enplegua sortzeko gaitasuna duten industria arinak ezartzea. Baina gaur egun parkean instalatuta duden enpresak sektore askotakoak dira: ingeniaritzak, arkitektura eta diseinu estudioak, ikus-entzunezko hedabideak, informatika edo telekomunikazioak adibidez.

Inbertsioa

Parkeak guztira 140.000 metro koadroko azalera dauka, eta horietatik 75.000 m² eraiki dira. Horretarako, 66 milioi euroko inbertsioa egin da sozietatea eratu zenetik. Zuatzun instalatu nahi duten enpresek zuzenean eros dezakete lursaila edo erosteko aukera ematen duen alokairu sistema erabili.

Eraikinak goi mailako kalitateko materialak erabiliz eraiki dira eta instalakuntzek azken belaunaldiko komunikazio teknologiak dauzkate. Eskaintzen diren lokalak tamaina desberdinetakoak dira, bezero bakoitzaren beharrizanetara egokitzeko. Gainera, parkean 2.096 aparkaleku plaza baino gehiago daude; batetik, 16 eraikinetako bakoitzari dagozkion azalerako plazak eta, bestetik, 400 plaza baino gehiago dauzkan errotaziozko aparkaleku publikoa.

Eremu berdeak eta lorategiak ere ugariak dira eta horrela, espazio bakar eta atsegina sortzea lortu da, ondo zaindutako hirigintza garapenarekin, zeina bikaina baita berrikuntzaren esparruko jarduerak garatzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
  • Bernabé Unda
    Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburua (IX legealdia)
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabe Unda