Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasun Sailak salatu egin du Rajoyren gobernuak berriz ere Ertzaintzaren promozio berriko 250 lanpostuen deialdiari helegitea aurkeztea mehatxatu izana

2015.eko maiatzak 15
Administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren aurrean helegitea jarri aurretiko eskakizuna jaso du
 
Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak, salatu egin du Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskakizuna helarazi izana, Ertzaintzaren 25. promoziorako deialdian eskainitako 250 lanpostuak doitzeko eskatuz, kopuru hori bat etorri dadin Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen 21. artikuluan ezarritako ordezpen-tasarekin. «Rajoyren gobernuak, egindako eskakizunarekin, ez du bete Segurtasuneko Batzordearen akordioa, non Euskadiko ertzain kopurua ezarri baitzen: hain zuzen, 8.000 agente» gogorarazi du Euskadiko Segurtasun Saileko arduradunak.
 
Ertzaintzaren 24. Promozioarekin egin zuen bezala, Rajoyren gobernuak ez du kontuan hartu Ertzaintzaren horniduraren eta langile kopuruaren plangintza Segurtasun Batzordean eta Kupoaren Batzorde Mistoan adosten dela. Batzordeok beharrezko ertzain kopurua aurreikusten dute, eta horrek zuzenean bideratzen ditu deialdiak.

Deialdia 2015eko martxoaren 17ko EHAAn argitaratu zen, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agente kategoriako 250 lanpostuen aukeraketa, prestakuntza eta sarbiderako deitzeko; hala, Segurtasun Batzordearen akordioak betearazi nahi ziren; hain zuzen, Ertzaintzan 8.000 agente baino gehiago daudela bermatzea eta hasiera ematea arian-arian Ertzaintza gaztetzeko prozesuari, gaur egun 46 urte ingurukoa baita ertzainen batez besteko adina.

«2016 amaieran 25. Promozioko 250 ertzainak kontuan harturik ere, 8.000 ertzain baino gutxiago egongo lirateke, eta hori da Segurtasun Batzordeak adostutako eta legebiltzarreko hainbat ekimenen bitartez –horietako zenbait, PPk berak bultzatuak eta sustatuak– eskatutako kopurua» adierazi du Segurtasuneko sailburuak.

Berriz ere, Rajoyren gobernuak Ertzaintzaren historiaren azken 30 urteak baztertu ditu; izan ere, ertzain kopurua gehitzeko prozesuak betiere izan dira oinarrizko eskalan sartzeko hautaketa-prozesuak, inoiz ez lan-eskaintza publikoak. Hala, berriro gutxietsi ditu Segurtasun Batzordeak, albobiko organoak, 2004ko azaroaren 11ko bileran adostutako akordioa: hain zuzen, Ertzaintzak 8.000 kide edukitzea ordenamendu juridikoak haren kargu utzitako segurtasun-zerbitzu publikoa emateko.

Rajoyren gobernuak azkenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen badu, Ertzaintza etorkizuneko erronketara egokitzeko prozesua zailduko du; izan ere, hamar urtetan Ertzaintzak 4.000 agente –hau da, bere langileen erdia– ordezkatu beharko ditu.

Euskadiko herritarren interes eta beharrizanentzat hain kaltegarria den erabaki bat hartu, axolagabekeria politikoz jokatuz gero hartu daiteke soilik» adierazi du Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Herediak.

Behin betiko zerrendak argitaratzea

Nolanahi ere, Segurtasuneko Sailak Ertzaintzaren promozio berria izapidetzen jarraitzen du. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak gaur goizean argitaratu du Ertzaintzaren oinarrizko eskalan sartzeko probetarako onartuak eta baztertuak izan direnen behin betiko zerrenda. Guztira, 3.993 pertsona onartu dituzte; horietarik 377, behin behinekoz, 35 urtetik gorako dituztelako. Beste 595 baztertu dira, hainbat arrazoi direla eta.

Erabaki honen bidez bi gauza lortu nahi dira. Batetik, Ertzaintzara sartzeko aurreikusitako egutegiarekin jarraitzea –lehen hiru probak ekainaren 6an egingo dira–, eta, bestetik, izena eman zuten 35 urtetik gorakoei hautaketa-prozesuan behin-behinean parte hartzeko aukera ematea. Dena den, parte-hartzeko aukera justizia auzitegiek Ertzaintzan sartzeko adin-mugari buruz erabakitzen dutenaren mende egongo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko