Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Euskadiko logistikako eta merkantzia-garraioko eskaintzak bere lekua izango du Anberesko «Breakbulk Europe» azokan

2015.eko maiatzak 14

Basque Country Logistics markaren baitan bildurik, Euskadiko logistika- eta garraio-azpiegituren eskaintzak bere lekua izango du hurrengo astean, maiatzaren 19aren eta 21aren artean, Anberesko «Breakbulk Europa» azokan, garraio berezien alorreko jarduerak eta interesak ezaugarritutako topagune batean.

Basque Country Logisticsen estandak Bilboko, Bermeoko eta Pasaiako portuetako zerbitzuen berri emango du. Portu-erkidegoak ordezkaritza zabala izango du, Uniport Bilbao elkartearen bidez, bai eta, orobat, fabrikazioan eta bolumen handiko garraioan espezializatutako hainbat euskal enpresek ere.

Eusko Jaurlaritzako Garraioetako sailburuorde Antonio Aizek azaldu duenez: «Halako nazioarteko topagune guztietan ari gara gauza bera ikusten. Zorionez, merkatuak mugimenduan daude eta garraioa da horren adierazlerik garbiena, Munichen, sektorearen topagune handienean, agerian geratu zen moduan. Beraz, korridore atlantikoan dugun kokagune geografikoa baliatu behar dugu eta esportatzeko, inportatzeko eta garraiatzeko orduan gure azpiegiturek eta multimodalitateak duen balioa eskaini. Euskadik lan handia eta positiboa du aurretik sektore horretan eta hori ondo baliatzen jakin behar dugu».

Basque Country Logisticsen estandak, portuari buruzko informazioa ez ezik, kontaktuei buruzko informazioa ere eskainiko du Anberesen: Euskadiko merkataritza ganberena, plataforma logistikoena eta sektorearekin lotura duten euskal enpresa eta erakundeena, hain zuzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko