Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak Araban DBEa iruzurrez kobratzen zuen taldea desegin du

2015.eko maiatzak 14

Otsailean taldeko kide bat atxilotzeak aukera eman du beste taldekideak identifikatzeko eta delituzko sare konplexu bat desegiteko

Ertzaintzak amaiera eman dio iragan urtarrilean, Araban diru-sarrerak bermatzeko errenta iruzurrez kobratzen zuen taldea desegiteko, hasitako operazioari. Otsailean taldekideetako bat atxilotzeak aukera eman du ikerketak bideratzeko, harik eta beste inplikatu guztiak identifikatu eta taldearen modus operandi landua argitu dituzten arte. Sei pertsona atxilotu eta iruzurrezko 35 espediente aurkitu dituzte: guztira, 375.000 euroko iruzurra.
 
Iragan urtarrilean, Lanbidek DBEaren zenbait onuradunek aurkeztutako dokumentazioan irregulartasun-sorta bat aurkitu zuela jakinarazi zion Ertzaintzari: zehazki, datu susmagarriak zeuden errolda-ziurtagirietan. Salaketaren eraginez, Ertzaintzaren Arabako Lurralde Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuak ikerketa bat zabaldu zuen, eta, ikerketaren ondorioz, otsailaren 9an azpijoko horretan sartutako pertsona bat atxilotu zuten.

Atxiloketak aukera eman zuen ikerketak aurreratzeko, egiaztatu baitzen taldearen faltsutzea ez zela mugatzen errolda-ziurtagirietara (eskatzen den hiru urteko gutxieneko egoitza-epea itxuratzeko); haatik, DBEa eskatzeko eta kobratzeko behar diren agiri guztiak hartzen zituen. Izan ere, delitugileek Pakistaneko pasaporteak erabiltzen zituzten faltsutzeko oinarri moduan, eta horrek nabarmen areagotu du ikerketaren zailtasuna.

Nortasun faltsuak

Faltsututako dokumentuekin, delitugileek existitzen ez ziren nortasunak hartzen zituzten eta beharrezko akreditatze-izapideak egiten zituzten laguntza-zerbitzuen eta banku-erakundeen aurrean. Azpijokoa etxebizitzen alokairu- eta azpialokairu-sistema sofistikatu batekin osatzen zen, hala, are gehiago zailtzen baitzuten onuradun faltsuen datuen egiaztapena.

375.000 euro iruzurtuta

Gaur, osteguna, Ertzaintzak sei pertsona atxilotu ditu –lau Gasteizen eta bi Ordizian (Gipuzkoa)–, taldearen parte direlakoan. Orobat, lau etxe miatu ditu eta, zeregin horretan, askotariko dokumentazioa eta material elektronikoa atzeman du. Orain, Ertzaintzaren ikertzaileek material hori guztiori aztertuko dute. Atxilotu guztiek familia-loturak dituzte, bai eta lotura geografikoak ere (jatorrizkoak).

Ertzaintzak iruzurrezko 35 espediente aurkitu ditu orain arte; halakoek 375.000 euro arte ere iruzurtzeko aukera eman diote taldeari.

Une hauetan, aurrera doa ikerketa; bien bitartean, atxilotuak epailearen esku utziko dituzte, behin polizia-eginbideak amaiturik.

Segurtasuneko sailburuaren balorazioa

Poz handiz hartzekoa da Ertzaintzaren operazioaren emaitza eta zorionak eman behar dizkiegu Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Zerbitzuei prestasunez eta eraginkorki jokatu dutelako. Lanbiderekin elkarlana erabakigarria izan da, ikerketa hasi zen unetik, eta baita hari amaiera emateko garaian ere» adierazi du Segurtasuneko sailburuak, Estefanía Beltrán de Heredia Arrónizek. Sailburua berehala jarri da harremanetan Lanbideko Zuzendaritzarekin, gaur goizean gauzatutako polizia-operazioaren azken emaitza jakinarazteko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @gananzia
    2015.eko maiatzak 15

    Comentario de Twitter:
    ¿Han censurado la nota de prensa de la Ertzaintza? "Tienen vinculaciones familiares y geográficas de procedencia" http://t.co/fPs7kEmndZ