Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Simply supermerkatuekin hitzarmena sinadura aurkezteko prentsa aurrekoa

2015.eko maiatzak 14
  • Hitzarmenak nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta elikagaien industrian du eragina eta produktu berriak merkaturatzeko zein nekazaritzako elikagaien euskal sektoreko enpresa eta ekoizleei laguntzeko ekintza zehatzak identifikatzen ditu  
  • Hitzarmen honekin, Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio bertako ekoizleei laguntzeko asmoz Euskadiko merkaturatze kate nagusiekin lankidetzan aritzeko duen estrategiari 
  • SIMPLYrentzat bere zentroak kokatuta daudeneko inguruneko kalitateko produktuen salmenta da komertzializaziorako ardatz nagusietako bat, bertako 120 hornitzaile baino gehiagorekin lan egitera eraman duen ardatza, zehazki 
  • SIMPLYk lehen sektorearen NIREA mugimenduarekin bat egiten du eta bertako produktuen alde apustu sendoago egiten du 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak eta Simply Supermerkatuek lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute Euskadiko nekazaritzako elikagaien eta arrantza ekoizpenaren sustapenerako, erakunde biek indarrak batu eta aurretik bakoitzak bere aldetik jada egiten zutenari eutsiz. 

Hitzarmena gaur goizean izenpetu dute Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozek eta Simply Supermerkatuen zuzendari nagusi Enrique Garayk, Mungiako SIMPLY hipermerkatuan egindako ekitaldi batean. Ekitaldian SIMPLY supermerkatuetan egunero lanean diharduten ekoizleen ordezkaritza zabala egon da.

Oroz sailburuordearen hitzetan, “erabaki hau herri gisa pentsatu da. Euskadiko ekonomia produktiboaren oso zati esanguratsua ordezkatzen duen sektore profesional eta lehiakor baten alde egiten dugun apustua da”. Orozek gizarteari dei egin dio zera adieraztean: “Gure herrialdeak lehen sektore estrategiko, lehiakor eta bizia izango badu, gu denon ahalegina, erantzukizuna eta konpromisoa beharko da erosteko eta kontsumitzeko ohituretan” 

SIMPLY Supermerkatuen zuzendari nagusiak, ordea, hau baieztatu du: “gure irudiarentzat, bi zutabe dira egunero-egunero egiten dugun lana bultzatu dutenak eta bultzatzen ari direnak, bezeroarenganako hurbiltasuna eta produktu freskoa, bezeroek kalitateko eta bermerik handieneko produktuak izatea nahi dugulako. Eta hemengo enpresa garelako, konprometitua…hurbil dugun jendearekin lan egiten duena”.

Hitzarmenak alde biek produktu berriak merkaturatzen eta nekazaritzako elikagaien euskal sektoreko enpresei eta ekoizleei laguntzen elkarlanean aritzeko hartzen duten konpromisoa jasotzen du.   Era berean, Zentro Teknologiko Publikoen sarearekin batera Elikagaien Kalitatea eta Segurtasunaren alorrean ikerketak egitea bultzatuko da. 

Lankidetza honi esker, 3 urteko iraupena izango baitu, SIMPLY supermerkatuetan Euskadiko elikagaiak gehiago saltzea eta horien presentzia areagotzea ahalbidetzeko plan berezi bat ere garatuko da.  Plan horretan Euskal Autonomia Erkidegoko elikagaien sustapenerako urteko egutegi bat zehaztuko da, bai eta produktuak kalitatearen bereizgarri batez behar bezala seinaleztatzea eta prestakuntza eta informazio alorretan jarduerak egitea ere, kontsumitzaile eta langileentzat, kalitate eta iraunkortasuneko ikurren babespeko ekoizpenak zabaldu eta haiei ospea emateko.

Bertako produktuen alde

Bertako ekoizleei laguntzea da SIMPLYren zutabeetako bat, duela 40 urte baino gehiago sortu zenetik duen erronka, eta helburu bikoitza du: produktuen kalitatea eta freskotasuna bermatzea, saltoki kateak bezeroekin hartutako konpromisoa baita, eta bertako ekonomiari eusten laguntzea.  

Apustu horren ondorioz, markarekin batera gorantz joan baita, gaur egun bertako 65 ekoizle txiki baino gehiagorekin egiten du lan, Euskadin dauden ia elikagai industria guztiekin ez ezik.  

SIMPLYk NIREArekin egiten du bat

SIMPLYk bertako produktuekin hartutako konpromisoari esker eta haien alde egindako apustuari esker, bere establezimentuek Eusko Jaurlaritzak bultzatutako  lehen sektorearen NIREA mugimenduarekin bat egiten dute. “Erosketa erabakiek inguruneko eredu ekonomiko, sozial eta kulturalean eragin zuzena dutela ikusita, NIREAk bertako produktuen erosketaren alde egiten du, bertako ekoizleak bultzatuta, aldi berean ekoizlea eta, beraz, Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasbazterreko ingurunea ere balioesten dituen eredu bati eusten lagunduta”, adierazi du Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikoko sailburuordeak.

Zer da NIREA? 

 NIREA programa bat da, Lehen Sektorearen sustapena eta Landa eta Itsasertzaren Biziberritzea azken helburu duena eta Euskadiko lehen sektorea eta landa eta itsasertzeko ingurunea osatzen duten pertsonak protagonista dituena. Ekimen horren bitartez ezagutzera eman nahi da Landa ingurune biziak bere ingurunean duen garrantzia, daukagun gizartearen ereduaren oinarri den heinean, eta, era berean, lehen sektoreak eta landa eta itsasertzeko inguruneak gaur egungo gizartearen ereduaren barruan duten zeregina eta beroiek osatzen dituzten pertsonak balioestea. Hitz batean, NIREAk ekosistema zaintzea eta landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen iraunkorra sustatzea defendatzen du, eta ingurune horrek Euskadiko garapen ekonomiko eta soziala orekatua izaten laguntzen duela onartzen du.

SIMPLY-RI BURUZ

SIMPLY Auchan barruko banaketa talde handi bat da, Euskadin 40 establezimendu dituena, horietatik 30 Bizkaian. Gaur egun, gainera, Euskadin 1.200 pertsona baino gehiago ari dira lanean SIMPLYn

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)