Berriak
Eu

Euskadi eta euskaldunak protagonista Buenos Airesen

2015.eko maiatzak 13

Beste urte batez, Buenos Aireseko Avenida de Mayo historikoa euskaldunez bete zen joan zen igandean, Buenos Aires Celebra al País Vasco-ren 2015eko edizioan. Egun guztian zehar, euskaldunen ondorengo milaka argentinarrek euskal kulturak, gastronomiak eta hizkuntzak bizi-bizi dirautela erakutsi zuten. Laurak Bat euskal etxeak eta Buenos Aireseko Hiriko Gobernuak antolatuta, Argentinako hiriburuko bihotzean izaten den urteroko ekitaldi hau bertako euskal komunitateak bere kulturaren adierazpide nabarmenenak zabaltzeko erakusleiho paregabea bilakatu da. Azken urteetan bezala, Eusko Jaurlaritzak ere hartu zuen parte jaialdian Euskadik Argentina-Mercosurren duen Ordezkaritzaren bitartez.

Igande goiz-eguerdian zehar gustu guztietako erakustaldiak izan ziren eszenatoki nagusian, Euscal Echea ikastetxeko txikien desfilearekin hasi, Lagun Onak abesbatzaren emanaldiarekin jarraitu eta Maral eta Ixilik musika taldeekin bukatzeraino. Tartean Arrecifes, Cañuelas, Chacabuco, Chascomus, Chivilcoy, Ekin, Euskaltzaleak, General Rodriguez, José C. Paz, La Plata, Lomas de Zamora, Maipu, Pergamino, Rosario, Villa Maria eta Laurak Bateko neska-mutilen dantza emanaldiez gozatzeko aukera izan zuen bisitariak. Donostiako danborrada izan zen txalo zaparrada beroena jaso zuen ekitaldia.

Eguneko momenturik gogoangarriena Argentinako euskal komunitateak Jose Maria Gutierrezi egin zion omenaldia izan zen. Berrogei urtean zehar ibili da Gutierrez Argentinako herri batetik bestera bere txistu eta danbolinarekin bazterrak alaitzen.

Zalantzarik gabe, gastronomia izan zen eguneko protagonista. Batetik, Itziar Aguirre eta Takehiro Ohno sukaldariek euskal sukaldaritza klaseak eskaini zituzten zuzenean eszenatoki nagusitik. Bestetik, Sagardi Jatetxeak, Txindoki taldeak, Koko Egozkuek eta Laurak Bat, Euskaltzaleak eta San Nikolaseko euskal etxeetako lagunek jaki gozoak prestatu zituzten bakoitzak bere gunean.

Herri kirolak ere izan ziren jaialdian. Las Heraseko euskal etxekoak trontzan aritu ziren inguratu ziren turista guztien harridurarako.

300 metrotan zehar, kirola, euskara, hezkuntza, genealogia, argitalpenak, bitxigintza eta eskulangintzako produktuak egon ziren bisitariaren eskura. Basque Country gunean, Euskadiri buruzko informazio orokorra eta turistikoa eskaintzeaz gain, bertaratutako orok oparitxo bat jaso zuen Ordezkaritzarekin kolaboratu duten HAZI, Donostia-San Sebastián 2016, HABE, Erreala eta Athleticen laguntzari esker.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)