Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak eta Innobasque agentziak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Euskadirako Demokraziaren eta Parte Hartzearen Liburu Zuria jendarteratzeko

2015-05-13
  • Horrenbestez, hasiera ematen zaio 400 pertsonak baino gehiagok eta 150 erakunde publiko eta pribatuk baino gehiagok urte betez prestatu duten agiri hori garatzeko eta ezartzeko bigarren faseari.
  • Ideien lehiaketa bat abiaraziko da, herritarrek eta gizarte-eragileek baterako parte-hartzezko eta ikaskuntzako proiektuak proposatu diezazkioten Euskadiko herri-administrazioari.
  • 20.000 euro bideratuko dira herritarrek parte hartzeko hiru proiektu berritzaile finantzatzeko. 2016 urtea amaitu baino lehen abiarazi beharko dira.
  • Hitzarmenari esker, Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek lankidetza publiko-pribaturako itun estrategiko bat adostu dute, aukera emango duena Gobernantza Onaren balioen alorrean –hain zuzen, gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta publizitate aktiboa– hartutako konpromisoan aurrera egiteko.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak, Josu Erkorekak, eta Innobasque - Berrikuntzaren Euskadiko Agentziaren presidenteak, Alberto García Erauzkinek, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute Euskadirako Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria jendarteratzeari ekiteko.

Eusko Jaurlaritzak uste du Innobasquek bigarren faseari heltzeko behar diren eskarmentua eta esperientzia dituela, bai eta baliabide materialak ere, gizarte-berrikuntzari dagokionez; hortaz, eraginkorki erantzun diezaieke herritarrek agiria prestatzeko prozesuan egindako eskaerei.

Jaurlaritzak lan honekin erdietsi nahi duen azken helburua hau da: aurrera egitea Gobernantza onaren balioen alorrean –gardentasuna, herritarrek parte-hartzea erabakiak hartzean, publizitate aktiboa, kontu-ematea, etab.– hartutako konpromisoan.

LANKIDETZA HITZARMENA

Hitzarmenari esker, Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek elkarrekin egin dezakete lan, estrategikoki, eta berrikuntza publiko eta pribatuan adituak diren teknikari-taldeak partekatu ditzakete, herritarren parte-hartzearen alorreko proiektu pilotuak eta esperientzia berritzaileak prestatzeko. Hala, konpromiso hauek hartu dituzte bi erakundeok:

  • Ideien lehiaketa bat abiaraztea, hala nahi duten herritarrek eta gizarte-eragileek gai publikoetan batera parte hartzeko eta ikasteko proiektu pilotuak proposatu ahal izateko Euskadiko herri-administrazioari.
  • 20.000 euro bideratzea herritarren parte-hartzezko hiru esperientzia berritzaile finantzatzeko. Kanpo-eragileek prestatuak izan behar dute, 2016eko abenduaren 31 baino lehen prestatuak ere.
  • Herritarren parte-hartzezko prozesuak diseinatzeari eta martxan jartzeari buruzko gidaliburu praktiko bat prestatzea.
  • Prozesu horiek tokiko mailan abiarazteko erabil daitezkeen tresna guztiak biltzea jardunbide egokien agiri batean.
  • Parte-hartzezko prozesuon eragina egiaztatzeko ebaluazio-eredu bat diseinatzea.
  • Jaurlaritzako zuzendari eta teknikariak herritarren parte-hartzearen inguruan sentikortzea eta prestatzea.

LIBURU ZURIA

Eusko Jaurlaritzak Euskadirako Demokraziaren eta Herritarren Parte-hartzearen Liburu Zuria aurkeztu zuen 2014ko abenduaren 19an. Lehen aldia da Euskadiko herri-administrazioak halako liburu zuri bat prestatzen duela. Agiri hori mota guztietako 400 pertsonek eta 150 erakundek urte betez batera egindako lanari esker sortu da:  udalak, aldundiak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, adineko pertsonak, kultura-elkarteak, unibertsitateak, ikastetxeak, GKEak, gizarteratze-elkarteak...

Hasierako sei hilabete hauetan, Eusko Jaurlaritzak agiria hedatzeko eta argitzeko lehen fase bat jorratu du. Denbora horretan, ekintza hauek gauzatu ditu:

  • Liburu Zuria aurkeztu die Eusko Legebiltzarreko taldeei. Aurten aurkeztu du, otsailaren 4ean. Legebiltzarrean egon ziren Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, eta liburu zuria prestatzen parte hartu zuten bi aditu hauek:  Ana Viñals, Deustuko Unibertsitateko Aisiazko Ikaskuntzen ikertzailea eta online komunikazioan eta gizarte-sare digitaletan aditua; eta Pedro Ibarra, EHUko katedraduna, politika-zientzien esparruan aditua eta Parte Hartuz parte-hartzezko demokraziari buruzko EHUko ikerketa-taldearen sortzaile eta zuzendaria.
  • Barne-saioak eta sentikortzeko eta jendarteratzeko aldebiko bilerak egin ditu, Euskadiko herri-administrazioko kargu publiko eta teknikariei zuzenduak.  Bilerotan, kudeaketa publikoan ardura duten langileen artean kultura aldaketa bat eragitea bilatu da, horrela identifikatzeko zer esparru pilotutan abiarazi daitezkeen parte hartzeko prozesuak eta prozesuon eragina aztertzeko ebaluatze-ereduak.
  • Osasun Sailak Jaurlaritzaren Sustapen Taldea sortu du (lehenengoa), eta lanean dihardu honezkero, herritarrek osasunaren euskal sistema hobetzeko parte hartu dezaketen gai-zerrenda prestatzen. 
  • Jaurlaritza, halaber, parte-hartzeari buruzko gidaliburu praktiko bat prestatzen hasi da; bertan, parte-hartzea diseinatzeko eta ezartzeko gakoak jasoko dira, bai eta berau sustatzeko tresnen kutxa bat ere, Eusko Jaurlaritzako politikari eta teknikarientzat.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko