Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Eusko Jaurlaritzak espainiako beste Errege Lege-Dekretu baten aurkako helegitea jarriko du, enpleguko politika aktiboen eskumena zapaltzen duelako. (2015-05-12(e)ko Kontseiluan hartutako erabakiaren laburpena)

2015.eko maiatzak 12

Erabakia, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-kargaren murrizketari eta gizarte arloko bestelako neurriei buruzko otsailaren 27ko 1/2015 Errege Lege Dekretuaren zenbait arauren aurka konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzeko baimena emateko.

LABURPENA

Espainiako Gobernuak gizarte-kuoten zenbait hobari abiarazi ditu berriz ere, baina Euskadin LANBIDEri dagozkio eskumen horiek, 2010ean transferitu zitzaizkionetik.
Gainera, alor material eta finantzarioan, Estatuak bere Enplegu Zerbitzu Publikoaren bitartez kudeatzen ditu bere neurriak: hala, nahita, bete gabe uzten du laneko legeria betearazteko eskumenen eskualdatzea; zehazkiago, enplegua sortzera bideratutako politika aktiboei dagokiena.
Eusko Jaurlaritzak nekea adierazi du, Espainiako gobernuak behin eta berriz urratzen duelako eskumen hori: legegintzaldi honetan, laugarren aldia da honezkero.

Gobernu-kontseiluak konstituzio-kontrakotasuneko helegitea jartzea onartu du gaur, otsailaren 27ko 1/2015 Errege Lege-Dekretuaren, bigarren aukeraren mekanismoari, karga finantzarioaren murrizketari eta beste neurri sozial batzuei buruzkoaren, zenbait artikulu direla eta. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 8. artikuluko 9. eta 11. paragrafoen, 9. artikuluaren eta azken xedapenetako lehenaren aurka jarriko du helegitea. Izan ere, artikulu horietan jaso dira Gazte Bermea Sistema Nazionalean izena emanda duten pertsonak kontratatzeko hobariak, bai eta langile autonomoek familia eta lana bateratzeko pizgarriak ere.

Eusko Jaurlaritzak salatu du Espainiako gobernuak bi muga gainditu dituela berriz:

Alde batetik, legez kanpo bereganatu ditu 2010 urtean Euskadiri transferitutako enpleguko politika aktiboen eskumenak (*).
Bestaldetik, neurri horien finantzazioa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aurrekontuetan sartu duenez, ez du errespetatu sistema ekonomikoan adostutako politika aktiboen eskualdatzea, hain zuzen, Euskadiko Autonomia Erkidegoari eskualdatu baitzaizkio halakoak.

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du errege lege-dekretu horrek barruan hartzen dituen Gizarte Segurantzako enpresa-kuotek ez diotela eragiten ez Gizarte Segurantzaren ondareari, ez haren kutxa bakarrari. Aitzitik, enplegu egonkorra sortzeko eta, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko, familia eta lana bateratzeko ekintzak dira, eta kontu horiek enplegu-politika aktiboko eskumenei dagozkie, argi eta garbi.

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak salatu du Espainiako gobernuak hobari horiek Gizarte Segurantzaren ekonomia-erregimenari dagozkiola sinestarazi nahi duela. Nahiz eta ondo jakin enplegu-politika aktiboak direla eta, beraz, Euskadiko Autonomia Erkidegoa dela eskudun, Espainiako Gobernuak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari egotzi dizkio halakoak finantzatzea, kontrolatzea eta berrikustea.

Bigarrenik, eta aurrekoaren eraginez, Espainiako Gobernuak bere aurrekontuetan aurreikusi ditu neurri horiei erantzuteko baliabide ekonomikoak; hala, nahita alboratu du aurrekontuen araubidea, EAEri egozten dizkiona bere lurraldean aplikatzekoak diren hobarien ardura finantzarioa, eskualdatzeen dekretuan taxutu den moduan.

ESKUMENAK BEHIN ETA BERRIZ URRATZEA

Eusko Jaurlaritzak enplegu-politika aktiboen arloko eskumena behin eta berriz urratzen dutela salatu du. Izan ere, legegintzaldi honetan konstituzio-kontrakotasuneko lau helegite jarri ditu arrazoi berengatik:

16/2014 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena. (Enplegua suspertzeko programa)
18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, Hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzekoa (ez ikasten ez lanean ari ez diren gazteentzako laguntzak).
1/2013 Errege Lege-dekretua, urtarrilaren 25ekoa, langabeziagatiko prestazioa agortzen zaien pertsonen lanbide-prestakuntza eguneratzeko programa luzatzen duena. 6199/2013 konstituzio-kontrakotasuneko helegitea. (Prepara Planaren luzapena), bai eta ekainaren 29ko 2/2012 Legea eta abenduaren 27ko 17/2012 Legea ere, non kreditua erreserbatzen baita SPEEk zuzenean kudeatzeko Prepara Planeko funtsak.

ALDEBIKO BATZORDEA

Errekurtsoa jarri aurretik, Eusko Jaurlaritzak bere ustez eskumenak inbaditzen dituzten artikuluak sei hilabetez Euskadiren eta Estatuaren arteko Aldebiko Batzordean negoziatzea proposatuko du, Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoaren 33.2 artikuluan xedatutako moduan.

1441/2010 Errege Dekretua, azaroaren 5ekoa, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak burutzen dituen lan-arloko legeria betearazteko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzekoa. Transferentzien Batzorde Mistoak 2010eko urriaren 28an hartutako erabakia.

B2b) paragrafoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkio enplegua sustatzeko eta babesteko eginkizun guztiak, bai eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak, laneko legerian ezarritako enplegu-politika aktiboko programen inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten dituenak eta honako hauei buruzkoak ere:

b) Kontrataziorako pizgarriak, gizarte-kuoten hobarien erregimenaren bitartez, Estatuko legerian aurreikusitakoari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietako langileei dagokienez, bai eta EAEko langile autonomoei dagokienez ere. Gizarte Segurantzako sistemaren printzipioak aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzari konpentsatuko dizkio hobari horiek, akordio honen G).3.b) atalaren arabera.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau