Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Gascok eta Azkunak Bilboko Tranbiaren Basurtu-La Casilla luzapenaren lehen harria jarri dute.

2010.eko uztailak 07

Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordeak, eta Iñaki Azkuna Bilboko Alkateak, Bilboko Tranbiaren Basurtu-La Casilla luzapenaren lehen harria jarri dute gaur. Ibilbide berrian, tranbiak 10 minutuz behingo maiztasuna izango du

Ekitaldia La Casillako plaza ezagunean burutu da, eta bertan hartu dute parte, baita ere, Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako zinegotziek eta Euskal Trenbide Sareko, Euskotraneko eta Bilbao Ría 2000ko zuzendaritza taldeetako kideek, besteak beste.

Ernesto Gasco Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuordeak adierazi du Casillan jarritako tranbiaren lehen harriarekin aspalditik Bilbon asko espero zuten lan bat abiatu dutela.

Halaber, azpimarratu du tranbia apustu handia dela bai Bilborentzat baita Eusko Jaurlaritzarentzat ere. Gainera, azkenean akordio batera heltzea lortu dutela esan du, hitzarmenetara iristeko amore guztiek eman behar baitute.

Bilbon tranbiaren alde lan asko egin behar dela azpimarratu du Gascok, eta azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, baita beste erakundeek ere, Bilboko Udala kasu, proiektu honekin jarraitzeko apustua egingo duela. Horrela, gaineratu duenez, lan egin behar da tranbia Hurtado Ametzagara ere iristeko, eta tranbiaren eraztuna ixteko.

Garraio sailburuordeak esandakoaren arabera, oraindik haratago joan behar dira hirak duen amets bat betetzeko, tranbia Zorrozaurrera eramateko, hain zuzen ere.

Tranbiaren tarte berria

2006ko martxoan Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailaren eta Bilboko Udalaren artean sinatutako finantzaketa hitzarmenak ezartzen duenez, proiektuaren %65 Eusko Jaurlaritzak ordainduko du, eta gainerako %35 Bizkaiko hiriburuko udalari dagokio. Lanak 5 milioi euroko aurrekontua du, eta burutzapenerako epea urte batekoa izango da.

Gaur egun, EuskoTranek ustiatzen duen Bilboko tranbiak 12 geraleku ditu (Atxuri, Erribera, Arriaga, Abando, Pio Baroja, Uribitarte, Guggenheim, Abandoibarra, Euskalduna, Sabino Arana, San Mames eta Basurtu) eta trazatua 4.870 metro da luze. 2002ko abenduan inauguratu zen EuskoTranek hiru milioi erabiltzaile inguru ditu urtean.

Zati berria Basurtuko geralekuaren ondoren hasten da, Gurtubai kalean, eta ondoren Montevideo Etorbidetik eta Autonomia kaletik doa, 700 metro dituen trazatua osatu arte. Eraikiko den zatiak bi geraleku berri izango ditu. Lehenengoa Basurtuko Herri Ikastetxearen aurrean egongo da, Sabino Aranako Bidezubiaren azpitik igaro baino pixka bat lehenago. Bigarren eta azken geralekuari dagokionez, La Casillako plazaren parean egongo da.

Montevideo Etorbidetik zein Autonomia kaletik, tranbiaren trazatua galtzadaren erditik joango da. Bi geralekuek alboetako nasak izango dituzte, hau da, noranzko bakoitzean bat. Tranbiaren plataforma eta geralekuak bat etorriko dira inguru horretan ibiltzen diren zerbitzu publikoko hiri barruko autobusen plataformarekin eta geralekuekin.

Tranbiaren ezarpenaren ondorioz, Autonomia kaleak, Etxetxoa eta Aita Donostiren artean, errail bakarra izango du noranzko bakoitzean gurpil gaineko trafikorako. Montevideo Etorbidean ere murriztu egingo dira bideak, eta, ondorioz, baita ibilgailuen joan-etorria eta horrek sortzen duen kutsadura ere, hots kutsadura zein kutsadura atmosferikoa. Tranbia Bilboko inguru horretara heltzearen ondorioz, inguru guztia berrantolatu egingo da hiritargoaren onurarako, bizitzeko gune egokiagoak sortuz.

Horrela, Montevideo Etorbidean, Gurtubai kalearen eta Luis Briñas eta Aita Donosti kaleen arteko bidegurutzearen artean, hirigintza lanak burutuko dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Bilbao Ría 2000ren artean sinatutako hitzarmenari esker. Lanen aurrekontua 900.000 eurokoa izango da, eta Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, besteak beste, osatzen duten erakundeak ordainduko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Garraio eta Herri Lan Sailburuordea