Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika

Eusko Jaurlaritzak onartu du Ordunte Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzea, Natura 2000 Sarearen baitan

2015-05-12

Ordunte esparruak ingurumena zaintzeko neurri bereziak ditu gaurtik aurrera, zeren aurrerantzean Konsterbazio Bereziko Eremutzat hartuko baita, Europako naturgune babestuen 2000 Natura sarearen baitan. KBEaren kalifikazioa Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak jakinarazi du gaur.

 “Ordunte KBE izendatzeko arrazoia da europar Zuzentarauetako zerrendetan sartutako espezie eta habitat batzuk dituela eta Euskadin horiek babestu behar ditugula, Europar Batasuneko kideak garelako”, adierazi du Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuak.

 Ordunteko Mendiak Bizkaiko Lurralde Historikoaren mendebaldeko muturrean daude kokatuta. 10 kilometroko luzera gainditzen duen gailur-lerro bat da, eta mendien altuerak 1.000 metrotik gorakoak dira eta nahiko berdintsuak elkarren artean. Ordunteko goi-eremuetan, azpimarratzekoa da larre, txilardi eta otadiz osatutako paisaia. Haranetarantz jaitsiz, mendi-hegal malkartsuen gainean eta erreka gehienen burualdeak okupatuz, pagadiak agertzen dira.

 Mendi-hegalen beheko partean, ugariak dira baso-sailak, landekin eta bertan sakabanatuta agertzen diren haritz-unadekin tartekatuta. Gune batzuetan sortzen diren baldintza bereziei esker, turba izaerako hezegune txiki baina garrantzitsuak daude. Hezegune txiki horiek flora interesgarria eta urlehortarren komunitate garrantzitsu bat hartzen dituzte. Mendez mende, artzaintza estentsiboa izan da mendi horietan egon den erabilera nagusia.

 Ana Oregiren arabera, “gune horren isolamendu mailak eta eremu batzuen kontserbazio egoera onak fauna interesgarria hartzea ahalbidetzen dute. Besteak beste, espezie hauek azpimarratu daitezke: sai arrea, belatz handia, sai zuria, hontz handia edo okil beltza; badira, halaber, ornogabeen espezie batzuk, hala nola Rosalia alpina, Euphydras aurinia edo Callimorpha quadripunctaria. Flora interesgarriari dagokionez, beste batzuen artean azpimarratzekoa da espezie hauen presentzia: Eriophorum vaginatum, Bartsia alpina, Gentiana lutea, Menyanthes trifoliata, Trichomanes speciosum edo Woodwardia radicans. Halaber, EBk interesgarritzat hartzen dituen 13 habitat mota daude; horien artean, lauk lehentasunezko izaera dute”.

 Ordunte KBE izendatzeak berekin dakar Bizkaiko Foru Aldundiak landutako kontserbazio-arau batzuen aplikazioa.

  Zer da KBE

 Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) ingurumen-balio garrantzitsuak dituen eta biodibertsitatearen galera eragozteko babestu behar den eremu bat da. KBEen multzoak Europako Naturguneen Sare bat osatzen du, “2000 Natura” izenekoa. KBEen Sare hori tresna nagusitzat jotzen da biodibertsitatea Europa osoan pairatzen ari den galera gero eta handiagoa gelditzeko.

 Euskadin, 52 KBE daude 2000 Natura Sarean, eta horiei Hegaztien Babes Bereziko 6 Eremu gehitu behar zaizkie. Eremu horiek ibaiak eta mendi-aldeak hartzen dituzte barne, eta baita lautadak eta kostaldeko eremuak ere. Gaur egun, Euskadiko azaleraren % 23 2000 Natura Sarean dago sartuta.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)