Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskadiko Jokoen Katalogoa eguneratzea onartu dute

2010.eko uztailak 06

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Jokoen Katalogoaren bigarren aldaketarako Proiektua onartu du gaur. Herrizaingo Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak proposatuta onartu da Katalogoaren gaurkotzea, azken urteotan agertutako joko mota berriak jasotzeko eta, halaber, gaur egungo jokoaren errealitateari egokitzen diren arau eraginkorragoak eta funtzionalagoak izateko.

Euskadiko Jokoen Katalogoak jokoen arau orokorrak jasotzen ditu. Horrez gain, arautegi sektorialak ere barne hartzen ditu; hortaz, joko zehatz bat (makinak, bingoak eta abar) arautzeko Katalogoan jasota egon behar da. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoan Jokoa arautzen duen 1991ko Legearen oinarrizko elementu bat da Katalogoa.

Halere, egungo Katalogoa 1996koa da eta, orain dela bost urte partzialki berritu bazuten ere, hamalau urtetik gora igaro dira dagoeneko eta erdi zaharkituta geratu da, jokoaren sektoreak etengabeko aldaketak eta berrikuntza teknologikoak bultzatu baititu, betidanik dinamismorako izan duen joerari helduta.

Katalogoaren eguneratzeak hiru alderdi nagusi ditu oinarri:

Lehenbizi, joko berriak jasoko ditu, Trijoker eta Zirkuluko Pokerra izenekoak besteak beste. Azken hori bost karta estalita eta karta-uzteko aukerarekin jokatzen da, eta Seven Stud, Omaha, Hold'em eta Five Stud izeneko aldaerak ditu. Texas Hold´em Zirkuluko Poker jokoa Katalogoan jasotzea bereziki azpimarragarria da, izan ere, kasinoaren parte-hartzerik gabe zenbait jokalariren artean jokatzen den poker mota hau oso arrakastatsua da, telebistaz ere ematen dutelarik. Erreformarekin Euskadiko kasinoetan poker mota hau jokatu ahal izango dute, joko zein txapelketa modalitateetan.

Bestalde, erreformak beste alde bati ere helduko dio; gaur egungo kasino-jokoetako batzuen funtzionaltasuna indartuko du, gizartearen dinamika berriari egokituz eta jokatzeko modua edo horiek sustatzeko beharrezko langileen prestakuntza hobetuz.

Erreformak Poker txapelketen arauetan ere eragingo du. Kasinoetako ohiko jokoetan ez bezala, topaketa horietan ez da diru-kopuru handirik jokatzen, helburu bakarra lehiatze hutsa baita. Modan dagoen jarduera izanik, eta lege-hutsune bat dagoela kontuan hartuta, gardentasuna eta erabiltzaileen babesa bermatu beharreko erregulazioa erabat beharrezkoa zen.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan