Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Gobernuak 40.000 euro inbertituko ditu Zuzenbide arloko profesionalak Euskadin Doako Laguntza Juridikoa eman dezaten prestatzeko

2015.eko maiatzak 11
  • Diru-laguntzak hiru lurralde historikoetako abokatu elkargoen bitartez kudeatuko dira eta doako zerbitzu horren kalitatea hobetzen lagunduko dute.
  • 2015ean, Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi eurorekin finantzatuko du kalteberatasun-egoera berezian dauden pertsonek Euskadin Justizia Administrazioa dohainik eskuratu ahal izateko aukera.

Gobernu-kontseiluak bihar onartuko du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatu-elkargoei bideratutako zuzeneko diru-laguntza, 40.000 eurokoa, doako laguntza juridikoa ematen duten pertsonak prestatzeko eta espezializatzeko aurten: 

 

Arabako Abokatu Elkargoa

8.200 euro

Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkuna

19.200 euro

Gipuzkoako Abokatu Elkargoa

12.600 euro

GUZTIRA

40.000 euro

Laguntzon bitartez, Eusko Jaurlaritzak Euskadin doako laguntza juridikoaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzen laguntzen du, bai eta Jaurlaritzak berak kalteberatasun-egoera berezian dauden taldeei arreta emateko finantzatzen duen zerbitzu publiko hori sendotzen ere.

DOAKO JUSTIZIA 2015

Eusko Jaurlaritzak 14,5 milioi euro inbertituko ditu aurten Euskadin Doako Justizia finantzatzeko. Zenbateko horrekin, abokatu eta prokuradore elkargo profesionalen ekintza guztiak finantzatuko dira: 

  • Baliabide ekonomikorik ez duten eta ondorioz Doako Justizia jasotzeko eskubidea duten inputatu, atxilotu eta espetxeratu guztiei zuzenbide-arreta ematekoak.
  • Arauetan jasotako arrazoi bereziengatik (hala nola genero-indarkeria, sexu-erasoak, etxe barruko indarkeria, terrorismoaren biktimak, adingabeak, atzerritartasuna, tratu txar edo abusuaren biktima izan diren ezgaitu psikikoak...) babes bereziko talde bateko kide diren eta ondorioz automatikoki Doako Justizia jasotzeko eskubidea duten inputatu, atxilotu eta espetxeratu guztiei laguntza juridikoa ematekoak.
  • Orientazio Juridikoko Zerbitzuen (OJZ) funtzionamendu-gastuak finantzatzekoak; izan ere, zerbitzu horiek doako aholkularitza eta orientazioa eskaintzen dituzte, prozesu judizialaren aurretik, Euskadiko espetxe eta justizia-jauregietan.

Gobernuaren zenbatespenen arabera, aurten:

  • 18.960 pertsonari eskainiko dio Doako Laguntza Juridikoa.
  • Horietatik, 4.200 genero-indarkeriaren edo sexu-erasoen biktima izandako emakumeak izango dira.
  • Gainera, beste 5.000 lege-laguntza gauzatuko ditu Euskadiko espetxeetan. 
Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko