Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna

Eusko Jaurlaritzak Errioxa Jatorri Izendapen Kontrolatuak Arabako ardogintzarekin duen jarrera salatzen du

2015-05-08

Ikusita Errioxa Jatorri Izendapen Kontrolatuak Jatorri eta Kalitate Izendapenerako duen Araudiaren Batzordeak Arabako Errioxako ardoak ABRA eta UAGA erakundeek proposatu moduan bereizteari ezetz esatea erabaki duela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailak hau jakinarazten du:

  1.  Bi urte hauetan, Eusko Jaurlaritzak sendo eta era leialean eutsi dio Arabako Errioxako azpizonaldea Errioxa Jatorri Izendapen Kontrolatuarekin hitzartutako baldintzetan bereizteko hartutako konpromisoari. 

 

Gogoratu behar da 2013ko uztailean Eusko Jaurlaritzak eta Errioxa Jatorri Izendapen Kontrolatuak publikoki hitzartu zutela “Izendapenaren babespeko ardoak azpizonaldeen izenez izendatzeko indarreko erregelamenduak eta Europako araudiek ematzen zituzten aukerak sakon aztertzeko konpromisoa, kontuan hartuta azpizonalde horien barruan Arabako Errioxa zegoela, eta solaskide biek adierazi zutela Izendapenaren baitan egiteko prest zeudela”.

 

Akordio horrek, halaber, azpimarratzen du aztertzeko den edozein ekimen sektoreak bultzatutakoa izan behar dela.

 

Horrenbestez, eta kontuan izanda Erregelamenduaren Batzordeak onartu ez duen proposamena ABRA eta UAGA elkarteek egindakoa zela, Eusko Jaurlaritzak organo horrek sektorearen beharrekiko sentsibilitaterik ez duela salatzen du.

 

  1. Era berean, eta ikusita Errioxako arduradun politikoek Arabako Errioxa sektoreari Jatorri Izendapen Kontrolatutik ateratzera gonbidatuz egin berri dituzten adierazpenak, beraien upategietarako egokitzapen erosoagoa egiterik ote dagoen aztertzeko aukera eman gabe, Eusko Jaurlaritzari behin eta berriz errepikatu den jarrera zentralizatzaile eta kontrolatzaile hori salatzea baino ez zaio geratzen. Baita, aurrekoetan gertatu moduan, erakunde sektorial batean politikatik izan den esku sartzea salatzea ere.

 

Eusko Jaurlaritzaren ustez adierazpen hori ez datoz bat nazioarteko merkatuan erreferente izan nahi duen Jatorri Izendapen Kontrolatu bat kudeatzeko modu eta estiloekin, izan ere, denok dakite munduan posiziorik hoberenak dituzten Jatorri Izendapen Kontrolatuek hainbat mekanismo izaten dituztela, zehazki, JIK bereko markek/azpizonaldeek erreferentzia leku bat izan dezaten, etiketa eta beste hainbat elementuri dagokienez leku berezi batekin.

 

  1. Bukatzeko, Eusko Jaurlaritzak, Arabako ardogintzaren sektoreari lehiakorragoa izaten laguntzen jarraitu nahi duenez, konpromisoa hartzen du, berriro ere, Arabako ardoek Errioxa Jatorri Izendapen Kontrolatuaren baitan posizionamendu hobea izan dezaten lanean jarraitzeko.

 

Halere, Gobernu honen erantzukizuna da sektoreak egiten dituen proposamen eta ekimen guztiei arreta egitea eta erantzutea, beraz, sektorearen zati adierazgarri batek bereizketa handiagoa eta berezko Jatorri Izendapen Kontrolatu bat behar dela uste badu, Eusko Jaurlaritzak, dagoen araudiak eta dagokion eskumen eremua errespetatuz, alternatiba hori babestu egingo du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan