Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Aernnovak eta Lanbidek antolatutako egitura aeronautikoei buruzko ikastaroak 103 ingeniari eta lanbide heziketako tituludun prestatu ditu

2015-05-08
  • Horietatik, 91k bi urteko lan-kontratua bete dute eta 78k aeronautikako enpresan dihardute oraindik

 

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Angel Toña, eta Aernnovako presidentea, Juan Ignacio López Gandásegui, Zamudion izan dira gaur, Lanbidek eta Aernnovaren ingeniaritza-sailak (AED) antolatutako «Egitura aeronautikoen diseinua, kalkulua, prozesuak eta materialak» prestakuntza-programaren azken promozioko 27 ikasleei diplomak banatzeko ekitaldi baten buruan.

2012an hasiera eman zitzaionetik, kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza aurreratuko programa honetan, zeinean Eusko Jaurlaritzak 3,4 milioi euro baino gehiago inbertitu dituen, prestakuntza teorikoko eta praktikoko 270.000 ordutik gora irakatsi zaizkie lau ikasle talderi, 17 hilabeteko prestakuntza-alditan. 

Denbora horretan, 103 ingeniari eta lanbide-heziketako tituludun gazte aritu dira Arnnovako instalazioetan euskal enpresa horrek Airbus, Embraer eta Bombardier-entzat egiten dituen hegazkin-eredu berriak ezagutzen. Horietatik, 91k bi urteko lan-kontratua bete dute eta beste 78k enpresa aeronautikoan dihardute oraindik. Gainerakoek nahiko erraz aurkitu dute lana beste enpresa batzuetan, prestakuntza-maila altua dutela medio.

Diplomak banatzeko ekitaldian esku hartu duenean, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak, hain zuzen, prestakuntzaren balioari egin dio erreferentzia, esanez «etorkizuna lantzeko oinarria dela». Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela balioen alorrean prestatzea eta ez soilik teknologian edota hizkuntzetan.  «Hori ez dagokio enpresa eta gobernuei; zuek zeuen buruarekin hartu beharreko konpromisoa duzue hori», nabarmendu du Toñak, eta han zeuden gazteei konpromiso pertsonala eta hobetzeko gogoa eskatu die.

Angel Toñak gogorarazi du euskal administrazioa kontratazioa sustatzeko eta ekonomia suspertzeko jarduera-planak bultzatzen dabilela. Zentzu horretan, «Enpleguaren eta Suspertze Ekonomikoaren Esparru Programa»ren emaitza onak aipatu ditu: izan ere, programak 1.435 milioi euro baino gehiago bideratu ditu laguntzetarako eta 620 milioi euro enpresentzako abaletarako.

Inbertsio ekonomiko horrek 11.843 lanpostu berri sortzeko aukera eman du, eta 343 enpresei, atzerriko merkatuetan sartzeko eta euren lehiakortasuna hobetzekoa. «Pertsonekin hartu dugun konpromisoaren parte da hori guztiori: azken finean, pertsonen bizi-kalitatea, lan-baldintzak eta aukera-berdintasuna hobetzeko jarduerak sustatzea gure betebeharra delako» esan du Toñak amaieran.

Bestalde, Juan Ignacio López Gandáseguik poza adierazi du egitura aeronautikoei buruzko ikastaroaren emaitzak direla-eta. «Halako programak gure konpainiaren estrategiaren barruan sartzen dira; hain zuzen, Euskadin balio erantsi handia duten jarduerak txertatzea, Aernnova moduko multinazional bat kudeatzeko jarduerekin batera», esan du Euskadiko aeronautikako enpresaburuak.

Prestakuntza espezializatua eskaintzeaz gain, Lanbiderekin sinatutako programari esker, Aernnovako ingeniaritza-sailaren (AED) Zamudioko bulegoa finkatu da: bertako langileak, 293 izatetik, 404 izatera igaro dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)