Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Kantabria-Toloñoko mendilerroa eta Arabako hegoaldeko mendilerroak KBE eta BBE gisa izendatzeko proiektua jendaurreko informazioan jarri da

2015.eko maiatzak 08

Gaur, ostirala argitaratu dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Araba hegoaldeko mendilerroak, horien artean, Kantabria-Toloñoko mendilerroa, KBE eta BBE gisa izendatzeko dekretu-proiektuaren aurretiazko onespena. Leku horien ezaugarri bereziak direla eta, bi eremuak kontserbatzeko tresna bakarra onartu du aipatutako onespenak.

Arabako hegoaldeko mendilerroek, horien artean, Kantabria-Toloño mendilerroak, eremu berezi bat osatzen dute, eskualde atlantikoa eta mediterraneoa banatzen dituen muga biogeografiko baitira. Mendilerroen norabidea ekialde-mendebaldea denez, itsasaldeko klimaren eragina geldiarazten dute. Ondorioz, bertako landaretza iparraldean itsasaldeko motakoa da eta hegoaldean, berriz, mediterraneo erakoa. Batasunaren intereseko 20 habitat baino gehiago daudela egiaztatu da eta horietatik bederatzi lehentasunezkoak dira. Eremu honetan, gutxienez, 43/92/EEE zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetako 47 espezie eta 2009/147/EE zuzentarauaren I. eranskineko 33 espezie daude.

Eremuko zatirik handienean Batasunaren intereseko habitat basotsuak daude: pagadi azidofiloak iparraldean eta erkameztiak zein artadiak hegoaldeko isurialdean. Era berean, mendi-magaletako haginadi eta baso mistoak ere nabarmentzekoak dira, Batasunaren lehentasunezko intereseko habitatak osatzen baitituzte. Larreak ere garrantzi handia dute eremu honetan, Batasunaren lehentasunezko intereseko hainbat habitat eratzen dituztelako.

KBE eta BBE eremuetako baso-baldintzak aproposak dira anfibioentzat; interes handieneko espezieen artean hauek nabarmentzen dira: gailurretako uhandrea (Ichthyosaura alpestris), uhandre marmolairea (Triturus marmoratus), hegoaldeko apo pintatua (Discoglossus jeanneae), zuhaitz-igel arrunta (Hyla arborea) eta baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina). Ugaztunen artean, berriz, bereziki aipatzekoak dira kiropteroak, adibidez, hauek guztiak: saguzar handia eta ferra saguzar mediterraneoa (Rhinolophus ferrumequinum eta R. euryale, hurrenez hurren), Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii), Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii) edo mendiko saguzarra (Hypsugo savii). Horiek guztiak habitatei buruzko zuzentarauko II. eta IV. eranskinetan jasota daude; horrez gain, EAEren intereseko gisa katalogatuta daude.

Eremu honetan hegaztien ehun espezie baino gehiago daude eta horietatik 2009/147/EE zuzentarauko I. eranskinean jasota daude eta EAEren interesekoak dira. Harrapari errupikolak ere nabarmentzen dira, batez ere, espezie hauek daude: sai arrea (Gyps fulvus), hontz handia (Bubo bubo), belatz handia (Falco peregrinus), arrano beltza (Aquila chrysaetos) eta sai zuria (Neophron percnopterus). Basoko hegaztiak eta basoaren ertzeko hegaztiak ere aipatzekoak dira; hala, okil ertaina (Dendrocopos medius) eta okil txikia (Dendrocopos minor) aipa daitezke horien artean. Baina eremu hau, batez ere, BBE gisa izendatzea proposatu zen Bonelli arranoarengatik (Hieraaetus fasciatus) eta ugatzarengatik (Gypaetus barbatus) −biak galzorian dauden espeziak baitira EAEn− eta eremu honek berreskuratzeko duen pontetzialtasunarengatik.

Zer da KBE bat eta BBE bat?

Natura 2000 Sarea eremu batzuetako biodibertsitatea kontserbatzeko Europako sare ekologiko bat da. Sare horretan, habitatei buruzko zuzentarauaren araberako Kontserbatzeko Eremu Bereziak (KBE) eta hegaztiei buruzko zuzentarauaren araberako Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziak (BBE) daude.

Horien helburua Europan espezieen eta habitat moten epe luzerako biziraupena bermatzea da, biodibertsitatearen galera geldiaraziz. Naturaren kontserbaziorako tresna nagusia da Europar Batasunean.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)