Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Euskadik Expovacaciones azokan jarritako stand-ak barne-turismoaren portaera positiboa indartu nahi du

2015.eko maiatzak 08

Itziar Epalza sailburuordeak azokari hasiera eman dio BECen eta espero da maiatzaren 10era arte 100.000tik gora pertsonek egitea bisita

  • Hoteletara eta landa-etxetara sarrerak % 7,9 goratu dira eta gau-igarotzeak % 9,7. Aurtengo lehen hiruhilekoan, helmuga guztiek joera gorakorra erakutsi dute.
  • Euskaldunak (barne-turismoa) liderrak dira Euskadi barruan aisia kontsumitzen.
  • Euskadiren stand-ean esperientziak merkaturatuko dira zuzenean asteburu osoan zehar, gune beroa denez (salmenta ugarikoa) turismo-enpresei babesa emateko

Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, Itziar Epalzak, Euskadiren stand-a aurkeztu du gaur goizean BEC-en, Expovacaciones 2015 azokaren inaugurazioan. Eusko Jaurlaritzak aurtengo lehen hiruhileko turismo-datuen joera positiboa indartu nahi du: izan ere, % 7,9 hazi da etorri den bisitari kopurua (452.013 turista), eta % 9,7 gau-igarotzeena.

Epalzak adore eman die euskaldunei, lurraldeko aisiako kontsumitzaileen buruan jarraitu dezaten: Euskadiko helmugetara datozen bisitari guztien % 21 barne-turismoari dagokio. Hala, Expovacaciones azoka, non 100.000tik gora bisitari espero baitituzte maiatzaren 10era arte, ezagutzera gonbidatu die.

Eusko Jaurlaritzak garrantzitsutzat jo du helmuga guztien joera positiboa nabarmentzea. 2014ko lehen hiruhilekoaren aldean, gora egin dute: Donostiak (% 15,4), Euskadiko kostaldeak (% 9) eta Bilbok (% 8,3). Halaber, Vitoria-Gasteizek (% 7,6), Arabako Errioxak (% 2,9) eta Euskadiko barnealdeak (% 0,2).

Bisitarien jatorriari gagozkiola, 2015eko lehen hiruhilekoan gora egin dute bai Estatutik datozen bisitariak, bai atzerritik datozenak ere: Kataluniatik datorren turista kopurua nabarmen hazi da (+% 15,5); eta nazioarte-mailan, aipagarria da Erresuma Batuko (+% 15,6), Italiako (+% 37,7) eta Amerikako Estatu Batuetako (+% 23) turisten gorakada.

Euskadi Expovaciones azokan

Beraz, Expovacaciones gogo beroz ireki ditu ateak, sektoreak une honetan izandako portaera ona dela-medio, eta Euskadik 300 m2-ko stand batean ardaztu du bere presentzia.

FITURen saritu zutenaren, eta Sevatur eta Btravel 2015ean erabili zenaren antzekoa da (1 Pabiloian, A 03 Standa).

Han, hiru informazio-gune egongo dira: Euskadi, Hiri-txangoak (Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz) eta Euskading (Euskadiko kostaldea, Mendi eta Haranak, eta Arabako Errioxa). Guneak zurezko kutxekin taxutu dira: kanpoaldean, Basque Style-a islatzen duten irudiak (nortasun handiko irudiak, txuri beltzean); standaren barrualdean, helmugaren aniztasuna islatzen dutenak.

Euskadiko gunean Euskadiko Turismo Sareko (Itourbask) eta Turismo Agentziako (Basquetour) profesionalek emango dute arreta; laguntzaile gisa, Deustuk Bilboko kanpusean duen Turismo Unibertsitateko praktiketako ikasleak egongo dira.

Erakusketari gisa egongo dira, orobat, hiru hiriburuak, hiru foru aldundiak eta Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidea.

Expovacaciones azokara joaten direnentzat, gai hauei buruzko informazio-liburuxkak argitaratu dira:

2015eko AGENDA, EUSKADI GASTRONOMIKA, GIDA PROFESIONALA, NATURA (MAPA OROKORRA), NATURA (MAPA TOLESTUAK: PASEALEKUAK, BIDE BERDEAK, URDAIBAI, NATURA PARKEAK, DONE JAKUE BIDEA, IGNAZIO BIDEA, GEOPARKEA, BTT, SURFING, BIRDING), EUSKADIKO KOSTALDEKO MUSEOAK, GUGGENHEIM MUSEOA, ESPERIENTZIEN MAPA, EUSKADI ORO HAR (ingelesez), HIRI TXANGOAK (gazteleraz, euskaraz eta ingelesez), GASTRONOMIA ETA ENOTURISMOA (gazteleraz, euskaraz eta ingelesez), EUKADIKO KOSTALDEA (gazteleraz, euskaraz eta ingelesez), ERREPIDE MAPA (gazteleraz eta euskaraz), NEKATUR (mapak), KANPINAK, XARMA eta HAZI (errezeta-liburuxka).

Gainera, Euskadik Expovacaciones azokan duen standeko indargune izango dira jarduerak ere. Horien artean, aipatzeko modukoa da Esperientzien Merkaturatzea: ostiral, larunbat eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.

Aipagarria da, hain zuzen, Euskadiko standan bertan merkaturatuko direla Basquetourrek sektoreko enpresen laguntzaz abiarazitako esperientzia edo plan turistikoak. Merkaturatzea urrats garrantzitsua da enpresek bertako turistei eskainitako zerbitzuen balioa nabarmentzeko.

Merkaturatzearekin, amaiera ematen zaie helmuga turistikoen kudeatze-faseei: produktua sortzea, sustatzea eta, azkenik, merkaturatzea. Horiek horrela, eta merkaturatzea eraginkorra izan dadin, Basquetourrek babesa ematen die tarteko turismo-enpresei. 2013az geroztik, online ere merkaturatzen dira esperientziok, Euskadiko Turismo Atarian: www.euskaditurismo.eus

Beste jarduera batzuk:

Albaola. Larunbata 9, 11:00etatik 19:30era.

Albaolako arotz batek San Juan galeoiko pieza bat landuko du zuzenean. Standera hurbiltzen direnek euskal itsas historiari buruzko erakusketaz gozatu ahalko dute, informazioa eta liburuxkak eskuratu, sustapen-bideoak ikusi, etab.

Txotxongilo-tailerra. Topic. Igandea 10, 11:00etatik 14:00etara.

Txotxongilo pilotariei buruzko tailerra, Tolosako Topic museoko begiraleek irakatsia.

Standera joaten diren haurrek aukera izango dute, batetik, euskal kulturaren zati bat eta, bestetik, txotxongilo-teknika zaharrenetako bat ezagutzeko; ondo pasatzeaz gainera, eurek egindako txotxongilo pilotari bat eraman ahalko dute etxera.

Txotxongilo horiek badute ezaugarri erabat berezia: hain zuzen, eskuaren mugimendua, kirolariek berek pilotari ematen dioteneko mugimendua antzeratzen duena. Hala, pertsonaiei bizitza emateko eta euren istorioak kontatzeko aukera ematen zaie haurrei.

Gasteizko Magialdia. Igandea 10, goizean.

Magia erakustaldia standean, Gasteizko Magialdia bultzatzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)