Berriak
Eu

Terrorismoak hildako biktimen ehun senidek baino gehiagok beren lekukotasuna grabatuko dute Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza-eskubideen Institutuan jaso dadin

2015.eko maiatzak 07

Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak aurtengo bigarren bilera egin du gaur arratsaldean, kontseiluko presidentea, José Luis De la Cuesta, buruan. Kontseilukide guztiak egon dira buruan. Eusko Jaurlaritzatik, Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkari nagusia, Jonan Fernández, eta Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria bertaratu dira.

Jorratutako gaien artean, Jaurlaritzak Gertu Programaren bigarren fasea abiaraziko dela jakinarazi du; hain zuzen, hala nahi duten terrorismo-biktimen lekukotasuna grabatzean datza Gertu Programa. Grabaketak ekainean hasiko dira. Grabazioetatik ateratzen diren bideo eta audioak Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan jasoko dira. Ustez, biktimen ehun senidek baino gehiagok emango dute testigantza.

Ekimena 2014ko maiatzean abiarazitako Gertu Programaren baitan kokatzen da. Gogoratuko duzuenez, Programaren lehen fasean, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza, telefonoz edo aurrez aurre, zuzenean jarri zen harremanetan terrorismoak eraildako biktimen Euskadiko senide guztiekin. Bi ziren helburuak:

  • Bakoitzaren egoeraren inguruan galdetzea.
  • Haien lekukotasuna grabatzeko aukera eskaintzea, Oroimenaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuan jaso dadin.

Kontseiluak arratsalde honetan egindako bileran, Gertu Programako lehen fasean ateratako ondorioak aztertu eta honako puntu hauetan laburbildu dituzte:

  • Atentatua 70eko edo 80eko hamarkadan jasan zuten biktimen familien kasuan, banan-banako arreta eta aintzatespen eskasa egon dela antzeman da.
  • Igarri da, halaber, biktima askok ez dutela beste biktimarik ezagutzen, ezta antzeko bizipenak bizi izandakorik ere. Biktimen kopuru adierazgarri batek begi onez ikusiko luke biktimen arteko elkarrizketa-guneetan parte hartzeko aukera, betiere, topaketak segurtasun- eta diskrezio-esparru batean egingo balira eta haien ingurunetik hurbil.
  • Biktima ugarik –elkarrizketatuen herenak, ia– adierazi dute oroimena eta bizikidetza eraikitzeko zereginean parte hartzeko eta ekarpenak egiteko borondatea dutela eta lekukotasuna grabatzeko prest daudela.
  • Hein txikiagoan, kalte-ordainak jasotzeko eskabideak oker izapidetu zituzten pertsonen kasuak ere antzeman dira; programari esker, egoera hori konpondu ahal izan da.

 

Estatu guztiko biktima-elkarteekin bilera-txanda

Bestalde, Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak bileran jakinarazi duenez, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako aholkularia, Enrique Ullibarriarana, terrorismo-biktimen elkarte guztiekin bilerak egiten dabil: hala autonomia-mailako elkarteekin nola estatu-mailakoekin. Bilera-txanda Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak terrorismo-biktimen elkarteekin aldian behin egiten dituen zuzeneko topaketen barruan sartzen da. Besteren artean, topaketek ekaina hasieran lan-jardunaldi bat adosteko aukera ari dira ematen. Dena dela, jardunaldia behin betiko zehazteari, elkarteekin bilera-txanda bukatzen denean ekingo zaio.

 

Terrorismo-biktimei arreta, elkartasuna eta babesa ematea sustatzen duten elkarteentzako laguntzak erregulatzeko dekretua.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartuko du terrorismoaren biktimei arreta, elkartasuna eta babesa eskaintzea bultzatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautzeko. Dekretuak orain arte kontu hori arautzen zuen agindua ordezkatuko du. Aurretik, diru-laguntzen deialdi Barne Sailaren mende zegoen. Behin Biktimen Zuzendaritza Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren egituraren baitan txertatu zenean, deialdia dekretu bidez arautzeko betebeharra sortu zen. Edukiei dagokienez, antzekoak dira lehengo aginduan eta dekretu berrian jasotako aurreikuspenak. Nolanahi ere, nahitaez helarazi behar zaio jakinarazpena Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluari, Kontseilua bera sortzeko 55/2010 Dekretuaren 4. artikuluan ezarritakoa betez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)