Berriak
Eu

#Aitak+ konklusio amaiera kanpainak

2015.eko maiatzak 07

Aitak+ kanpaina  Emakundek bultzatu du, Gizonduz programaren barruan. Kanpaina horren bidez, argi eta garbi esaten da zein garrantzitsua den aitak guztiz inplikatzea umearen hazieran eta zaintzan. Beharrezkoa da gizarte-eztabaida hedatzea emakumeei eta gizonei tradizioz  irakatsi dizkiguten rolen eta estereotipoen inguruan; izan ere, rol eta estereotipo horietan oinarritzen da gure gizarte sexista, non gizonek eta emakumeek zeregin desberdinak egiten ditugun. Halaber, beharrezkotzat jotzen da lanaren, hezkuntzaren eta gizarte-baliabideen sistemak berregituratzea eta berrantolatzea, rol eta estereotipo tradizionalak eraisteko neurri zehatzak sartu ahal izateko.

Azken hamabost urteetan, gizonak gehiago inplikatu dira eremu pribatuko jardueretan, hala nola etxeko lanetan eta zaintza-lanetan; hala ere, joera hori gorabehera, gure gizartean lana sexuaren arabera banatzen da, oraindik ere.

Etxeko lanetan, emakumeek denbora gehiago ematen dute: 9,4 ordu, batez beste; gizonek, berriz, 6 ordu; eta lanaren munduari eta bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzeari dagokionez ere, handiak dira aldeak. Amatasun-prestazioei buruzko datuek erakusten dutenez, kontziliazio-neurriak emakumeek baliatzen dituzte, batez ere; alde handiaz gainera. Gizon gutxik baliatzen dituzte laneko bizitza eta familiakoa uztartzeko neurriak: 2013an, % 4,4 izan ziren, prestazio horiek jaso zituztenen artean. Senitartekoak zaintzeari dagokionez, mota horretako eszedentzia baliatzen duten gizonen ehunekoa handixeagoa da: 2013an,  % 17,5 izan ziren eszedentzia hartu zutenen artean; hori hala izanagatik ere, genero-arrakala oso da handia, oraindik ere.

Emakumeek gizonek baino askoz denbora gutxiago ematen dute laneko eta prestakuntzaren arloko jardueretan, aisialdi pasiboan (irakurketa, telebista, ikuskizunak, jokoak eta zaletasun artistikoak) eta aisialdi aktiboan eta kiroletan (Internet, txangoak eta kirol-jarduerak).

Lanaren mundua eta bizitza pertsonala eta familiarena uztartzeko, gehiago egin behar dute gizonek; etxeko lanak eta zaintza-lanak egitea gizonen erantzukizuna ere badela ulertu behar dute. Aitatasun-baimenak, lanaldi-murrizketak eta eszedentziak erabiltzea izan daiteke aldaketa horren aldeko konpromisoari ekiteko modu bat. Horri buruz sentsibilizatzea izan da Aitak+ kanpainaren helburu nagusia. Kanpaina hori Irekiaren bidez hedatu da, eta Twitter sare sozialaren bidez jendarteratu da, nagusiki. 

Kanpainaren irismenaren laburpen bat eransten dugu, herritarrek kanpainan nola parte hartu duten erakusteko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko