Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hiesaren diziplina arteko espainiako elkartearen 2015eko Teresa Pelayo saria erdietsi du arlo horretan egindako lanagatik

2015.eko maiatzak 06

Jon Darpón sailburuak gaur jasotako sariaren bidez «Sailak abian jarri duen programa eta proiektu andanari errekonozimendua agertu nahi izan diogu; horietako asko aitzindariak izan dira eta beste erkidego batzuei bidea erakutsi diete» adierazi dute sustatzaileek

 

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Jon Darpónek Teresa Pelayo saria jaso du gaur arratsaldean. Hiesaren Diziplina arteko Espainiako Elkarteak (SEISIDA) urtero ematen die sari hori GIBen aurkako borrokan nabarmendu diren pertsona, organizazio edo erakundeei, eta aurten Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eman diote.

Sustatzaileek esan duten moduan: «Osasun Sailak abian jarri duen programa eta proiektu andanari agertutako errekonozimendua» izan nahi du Gaur Donostian hasitako Hiesari buruzko Espainiako XVII. Biltzarra inauguratzeko ekitaldian emandako sariak. «Horietako asko aitzindariak izan dira eta bidea erakutsi diete beste erkidego batzuei», nabarmendu dute, eta, besteak beste, hauek ekarri dituzte gogora: «xiringak, bai farmazietan bai espetxeetan, trukatzeko programa; HIESAren aurkako kita, semen-garbiketa egoera serologiko desberdineko bikoteetan, lipoatrofiaren kirurgia, farmazietako test azkarrak eta abar».

SEISIDAk, halaber, «seropositiboen giza eskubideen defentsa» nabarmendu du, «1986an ikastetxetik seropositiboa zelako bota zuten Durangoko ume harekin hasi zen, Osasun eta Hezkuntza Sailek zein Eusko Legebiltzarrak nabarmendu beharreko jokabidea izan baitzuten. Harrez geroztik, zuk zuzentzen duzun erakundeak ildo beretik jarraitu du» azpimarratu dute.

 

«ERNE EGOTEARI UTZI GABE»

Jon Darpón sailburuak saria eskertu du, baina erne egoteari ez uzteko deia egin du, «asko aurreratu dela ukaezina bada ere, HIESA ez baita oraindik iragana, eta oso gogoan izan behar dugu». Horregatik, gogorarazi du, Euskadi alor horretan oraindik prebentzio-programak garatzen ari den autonomia-erkidego gutxietako bat da, zehazki 2015-2018 aldirako Hiesa eta Sexu Transmisiozko bestelako Infekzioak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Plan Estrategikoa, helburu bikoitzekoa: batetik, GIBren eta sexu-transmisiozko infekzioen (STI) kasu berriak prebenitzea, horien eragina are gehiago gutxituz, eta bestetik, birusek erasandako pertsonei arreta ematea, terminoaren zentzu guztietan. Horrela, pertsona horien bizi-kalitatea hobetuko eta infekzio horiei lotutako komorbilitateak aurreikusiko dira, baina GIB duten pertsonei zoritxarrez gaur egun ere eragiten dieten estigma eta diskriminazioa alde batera utzi gabe.

Era berean, Euskadin HIESAri emandako erantzunean lortutako aurrerapenak «profesionalen, GKEen eta administrazioen etengabetko ahaleginari» egotzi dizkio, bai eta erretrobirusen kontrako tratamenduan dauden seropositibo kopuru handiari ere, ia 6.000 Euskadin, horiek ia ez baitute birus-kargarik, eta ondorioz, GIB kutsatzeko ahalmena ere txiki-txikia da.

Nolanahi ere, sailburuak nabarmendu duenez, GIBen bilakaeraren emaitza onekin batera ez da STI klasikoen beherakadarik egon; horregatik, prebentzioa, diagnostiko goiztiarra eta sex-heziketa nabarmendu beharrekoak dira oraindik.

 

 Donostia, 2015eko maiatzak 6

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)