Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzari buruzko Europako Elkartearen bileran buru izan da Cristina Uriarte

2015.eko maiatzak 06

Berrikuntza, gizarteratzea eta herritartasun aktiboa dira Cristina Uriarte sailburuaren aburuz, bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren politiketan funtsezko elementuak

Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak gaur goizez EARLALL elkarteak (European Association of Regional and Local Authorities for Lifelong Learning- Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzarako Eskualdeko eta Tokiko Agintarien Europako Elkartea) Donostian egin duen bileran parte hartu du, elkarte horretako presidente karguan.

EARLALL irabazi-asmorik gabeko nazioarteko elkartea 2001ean sortu zen, bizitza osoan zeharreko ikasketaren arloan lankidetza sendoak gauzatzea xede duten Europako gobernuen ekimenez. Hiru helburu nagusi betetzeko sortu zen EARLALL: Europa mailako bizitza osoan zeharreko ikaskuntzari eragiten dioten politika garrantzitsuetan eragina izatea; kideen arteko lankidetza bultzatzea, esperientzien eta jardunbide egokien trukea sustatzeko; eta jarduera eta proiektuak elkarrekin gauzatzea

Eusko Jaurlaritzaren presidentetzapean dago 2014ko maiatzetik, eta gaur egun 33 kide ditu bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloan lan egiten duten eskualdeko agintarien eta erakundeen artean. Haren helburua elkarrekin lan egitea eta Europa mailako bizitza osoan zeharreko ikaskuntzaren arloko eskualdeko eta tokiko erakundeen rola eta ikusgarritasuna indartzea da.

Gaurko bileran, Cristina Uriarte sailburuak bizitza osoan zeharreko ikaskuntza bultzatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du. “Gero eta gehiago ezagutzan oinarritzen den gizarte batek, eta gure ekonomien garapen teknologikoak, gaitasun pertsonal eta profesionalen etengabeko eguneratzea eskatzen dute. Horregatik etengabeko ikaskuntza gero eta premia handiagoko beharra da”. Eta zera gehitu du: “Bizitzako arlo askotan desberdintasuna handituz doan garaian, hezkuntzak eta prestakuntzak amildegi horiek gainditzen lagun dezakete. Aspalditik da ezaguna, gaitasun pertsonal eta profesionaletan berdintasuna hobetzea funtsezko faktorea dela integrazio sozialerako, eta desabantaila sozioekonomikoak murrizteko”.

Cristina Uriartek azpimarra egin nahi izan du kualifikazio maila apala duten pertsonei eman behar zaien arreta berezian. “Kualifikazio apala duten pertsona helduei dagokienez, beste behi ere aholkularitza eta orientazio profesionalerako zerbitzuekin zerikusia duten neurriak funtsezko ageri zaizkigu pertsona hauek ahalduntzeko, euren gaitasun eta interesekiko kontzientzia har dezaten, eta euren prestakuntza-ibilbidea kudeatzeko gai izan daitezen. Horrela, lan munduan txertatzea edo daukaten lanpostua mantentzea errazten zaie”

Gazteei dagokienez, sailburuak azaldu du ahaleginak inon ipintzekotan honako arlo hauetan ipini behar direla: eskola-uzte goiztiarraren aurkako borrokan, prestakuntzatik enplegurako trantsizioan, eta ikasketa garaiko mugikortasuna bultzatzen. “Gure herritarren prestakuntza eta gaitasun maila igotzeko ahalegin honetan –esan du Uriartek- informazio eta komunikazio teknologiek aukera bikainak eskaintzen dituzte, bai ikasketa emaitzak hobetzeko, baita prestakuntza aukerak pertsona guztiengana hurbiltzeko ere. Teknologia berriek eta hezkuntza-bitarteko irekiek eragin ikusgarria izan dezakete prestakuntza arloko eraginkortasuna, irisgarritasuna eta ekitatea hobetzeko orduan”

Sailburuak EARLALL elkarteko kideekin izan duen bilera baliatu du hauek egiten ari diren lana eskertzeko, eta Europako erakundeekiko elkarrizketan eta lankidetzan sakondu beharra azpimarratzeko, bereziki Europako Batzordearekin, eta batez ere Hezkuntza eta Kultura, eta Enplegua, Gizarte Gaiak eta Inklusioa Zuzendaritza Nagusiekin, aipaturiko hauekin baitu dagoeneko EARLALL elkarteak harremanak eta elkarlana. Era berean, elkarlan horretarako aipatu ditu Eskualdeen Batzordea eta Europako Parlamentua ere, erakunde hauetan eskualdeetako ordezkari ari diren pertsonen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)