Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Uriarte gure hezkuntza sistema hobetzeko euskal ikasleei azterketa diagnostikoak egitearen alde agertu da, eta LOMCEn ezarritako errebalidak gaitzetsi ditu berriz ere

2015.eko maiatzak 06

Maiatzean, hasiera emango zaie Euskadiko zenbait ikastetxetan Lehen Hezkuntzako 3. mailako ikasleei esperientzia pilotu gisa egingo zaizkien azterketa diagnostikoei. Ikastetxeek berek diseinatuko dituzte probak; Cristina Uriartek, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak, Onda Vascan goizeko elkarrizketa batean adierazi duenez, «gureak, eta gure hezkuntza-sistemaren eta ikasleen mesedegarri» izango dira.

 

Uriartek desberdindu egin nahi izan ditu, batetik, Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2.ean dagoeneko egiten diren azterketa diagnostikoak eta, bestetik, LOMCEk ezarritako errebalidak. Azken horiek azkenean indarrean ez sartzea espero du. Sailburuaren ustez, «bidea egin» behar da Euskadiko ikasleek ez dezaten Madriletik prestatutako eta inposatutako errebalida batzuk egiteko betebeharra. 

 

Orobat, Madrilen egindako sektore-bileran, Kulturako Ministerioarekin izandako desadostasunean agertutako jokabidea defendatu du Uriartek. Euskadik bilera uztea erabaki zuen, beste erkidegoekin batera, ez zirelako onartu elkarrizketarako egin zituen deialdiak eta «bi urtez inposatu» delako Legea. 

 

Matrikulazioak

 

Irratirako elkarrizketan, Hezkuntzako sailburuak haurreskoletan eta batxilergoko zentroetan matrikulatzeko prozesuari buruzko xehetasunak eman ditu. Haurreskoletan, matrikulazioek maiatzaren 13ra arteko epea dute; batxilergoko zentroetan, berriz, egun bat beranduago itxiko da epea. Uriartek haurreskoletako kuotetan eta beketan aldaketak egon direla nabarmendu du: hurrengo ikasturtean, «familien errentaren araberakoagoak izango dira».

 

Halaber, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketaren aldeko apustu sendoa egin duela, LOMCEk ahaleginak egin baditu ere bigarren mailako hezkuntzaren kategoriara baztertzeko. Euskadiko Lanbide Heziketako sistema «Europan aintzatetsi dute» eta, sailburuaren arabera, berau egokitzen jarraitu behar da euskal enpresen gaur egungo eta etorkizuneko premiei aurre egiteko. 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)