Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Kultura sailburuordeak Eusko Jaurlaritzaren lan-ildoak azaldu ditu Bruselan, ikus-entzunezko sektoreari arreta berezia eskainiz

2015.eko maiatzak 05

-       Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, Joxean Muñozek, eta Kultura Sustatzeko zuzendariak, Clara Monterok, bilera bat egin dute Europako Parlamentuko Kultura Batzordeko presidentearekin, Europako Batzordeko ordezkariekin eta Europako CineRegio sareko ordezkariekin

-       CineRegio sareak eta Europan herrialde eleanitzetan garatutako zinematografientzat eremu bat sortzeko ekimenak ardaztu dute harremana

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea, Joxean Muñoz, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria, Clara Montero, lan-eginkizunetan ari dira Bruselan, gaur eta bihar, Europako erakundeekin bilerak egiten. Helburua da Eusko Jaurlaritzak kultura sustatzeko bultzatzen dituen Europako ekimenak jorratzen jarraitzea, bai eta jarraitutasuna ematea ere Jaurlaritzak Europako beste filmografiei espazioak irekitzeko eta Donostia Zinemaldiaren gisako nazioarteko foroen dimentsio europarra indartzeko abiarazitako lan-ildoei.

Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin lankidetza hertsian, laneko agendak barruan hartzen ditu Europako Batasuna eta Europako Batzordea, bai eta Eusko Jaurlaritza kide duten Europako sareen ordezkaritza ere. Joxean Muñoz eta Clara Montero Silvia Costarekin, Europako Parlamentuko Kultura Batzordearen presidentearekin, bildu dira gaur eguerdian.

Lan-eginkizuna gauzatu, Parlamentuko Kultura Batzordearen presidenteak berak Eusko Jaurlaritzaren Europa-mailako ekintzei buruz agertutako interesari erantzuteko gauzatu da, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak, Clara Monterok, iaz Europako konferentzia batean esku hartu ondoren.

Halaber, Euskadiko ordezkariek bilerak egingo dituzte bihar, asteazkena, Europako ikus-entzunezko politikak eta Creative Europe Programako finantza-tresnak kudeatzen dituzten Europako Batzordeko kideekin eta Eusko Jaurlaritza partaide duen CineRegio Europako sareko ordezkariekin.

Aurten, Europar Batasunak kultura alorrerako zehaztutako politika bi ildo nagusik markatzen dute: batetik, Creative Europe Programa ezartzen jarraitzekoak; bestetik, kulturaren eta sorkuntzaren industriaren –eta, oro har, kulturaren– ahalmen ekonomikoa eta lurralde- eta gizarte-garapena babestekoak.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak adierazi du premiazkoa dela Europako agendan espazioak irekitzea ikus-entzunezko materiala beste hizkuntza batzuetan sortzeko, eta Euskadi sare eta ekimen interesgarrietan kokatzea, sorkuntza eleanitzaren balio erantsia babestuz, Europa-mailan kokagune egokia bilatzeko, Europako eragile eta erakundeekin kultura arloko lankidetza eta sinergiarako aukera sortzeko, Europan euskal kulturgintzarako espazio bati bide emanez.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritza buruan, lan-ildo horiek Euskadiko Desk Creative Europe Mediarekin eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin batera ari dira garatzen.

Zentzu horretan, eta Eusko Jaurlaritzarekin, Etxepare Institutuarekin eta Desk Euskadi Creative Europerekin lankidetza hertsian, hainbat ekimen antolatu dira Europako agendaren, finantzazioaren (Creative Europe Programa, etab.) eta Europako proiektu-proposamenen gaineko aholkularitza emateko euskal kultura- eta sorkuntza-sektoreari, agintari publikoei eta Donostia 2016 proiektuari. Aholkularitza emateko ekimenek emaitza onak izan dituzte eta nabarmen hazi dira Europako finantzazioa eta euskal kultura- eta sorkuntza-sektorearen nahiz euskal eragileen partaidetza duten proiektuak: izan ere, Creative Europe 2014-2020 Programan, Europako finantzazioa jasotzeko guztira hautatu diren Europako 21 proiektuetatik, bost, euskal bazkideak dituzten lankidetza-proiektu kulturalak dira.

Parlamentuko Kultura Batzordeko presidentearekin bilera

Kultura Sustatzeko zuzendariak eta Kultura sailburuordeak Eusko Jaurlaritza egiten ari den ekintzen berri eman diote Europako Parlamentuko kultura-batzordeko presidenteari. Hain zuzen, jakinarazi diote zer lan gauzatzen duten, Cine Regio Europa-mailako sarearekin batera, bai eta Europar Batasuneko beste eskualde eta estatuekin batera ere, ikus-entzunezko esparruan lan eta trukerako espazio bat eskaintzeko. Era berean, Europako Batzordeak finantzatuko dituen proiektuak hautatzeko erabiltzen diren baremoak berrikusteko premia defendatu dute.

Sailburuordeak Costari nabarmendu moduan, beharrezkoa da Europan beste filmografientzako espazio bat irekitzea, eta orain sustatzen den ekimenak, hain zuzen, horretarako bidea urratu dezake.

Beste filmografia-zirkuitu batzuk bultzatzeko ekimena

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak lan-ildo berri bat abiarazi zuen, Europako hainbat bazkiderekin eta Cine Regio Europako Sarearekin (EBko estatu eta eskualdeen ikus-entzunezko funts europarrak biltzen dituen Europako sarea) erkatu ondoren. Helburua hau zen: beste filmografiekin edo EBko estatu txikiagoekin harremanetan, zirkuitu edo harreman-sare bat martxan jartzea, eta baterako lana sustatzea tradizioz filmografia sendoagoa duten herrialdeetatik (Frantzia eta Erresuma Batua) desberdintzeko. Halaber, bide ematea, Europako beste bazkide batzuekin elkarlanean, Europako erakundeen aurrean Euskadiko kulturaren eta ikus-entzunezko sektorearen eta berau nazioartekotzeko esparru positiboaren ezagutza handitzeari.

CineRegio sareko lantaldeak helburu hauek ditu: besteak beste, baterako komunikazio-lerro bat sortzeko aukera planteatzea, periferiako filmografiak –maiz, hizkuntza ez hegemonikoetan ekoiztuak– ikusarazteko eta haien balioa nabarmentzeko; eta herrialde eta eskualdeen artean filmak trukatzeko lan-ildoak aztertzea, bai eta eskualdeen arteko koprodukzioak sustatzeko aukerak ere.

Lan-ildo hori Frankfurteko liburuaren azokan abiarazi zen (literatur-ekoizpenari buruzko lan-saio bat eta eztabaida-konferentzia bat egin ziren, Suitzako bazkideekin eta Suediako gutxiengo finlandiarrarekin), Berlinaleko zine-jaialdian jarraitu zen, eta datozen Zinemaldiaren edizioetan ere jorratuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)