
Euskadiko Lanbide Heziketaren Astea: maiatzaren 6tik 17ra ikastetxeetan
Ikastetxeetan eta ikastetxeetatik antolaturiko 250 jardueratik gora burutuko dira, Lanbide Heziketa gizarteari hurbiltzeko
Lanbide Heziketako ikastetxeen inguruan eta ikastetxeek eurek antolaturiko 250 jarduera baino gehiagorekin asteazkenean abituko da, maiatzaren 6an, Euskadiko Lanbide Heziketaren Astea. Euskadiko 50 zentro inguruk hartuko dute parte ekimenean, Lanbide Heziketa gizarteari hurreratzea helburu hartuta, eta horretarako institutuetako eguneroko jarduna kalera ateraz. Lanbide Heziketak gurasoengana eta DBHko nahiz Batxilergoko ikasleengana gerturatu nahi du, bai eta Euskadiko prestakuntza zikloak bertatik bertara ezagutu nahi dituen edonorengana ere.
Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasle, irakasle era zuzendaritza taldeak buru belarri murgilduko dira 12 egunez jardueraz gainezka datorren egitaraua gauzatzeko. Erakusketak izango dira, jardunaldi tekniko eta teknologikoak, Lanbide Heziketako ikastetxeetan bisitak eta ate irekiak, proiektu eta esperientzia berrien aurkezpenak, gizarte-konpromisozko eta ekintzailetza jarduerak... Denak ere, azken finean, Lanbide Heziketako familia profesionalen espezialitateekin zerikusia duten jarduerak. Hasi robotikarekin edo modarekin eta nautikarekin amaitu, tartean gastronomia, ile-apainketa, mekanizatzea, energia berriztagarriak, haur hezkuntza edo 3D inprimaketa direla. Jarduera hauetako asko gizarteari irekiak izango dira, eta beste batzuk berriz Lanbide Heziketako ikasle, irakasle nahiz inguruko enpresei zuzenduak.
“Lanbide Heziketako esperientziak”
Lanbide Heziketaren Astea laburbiltzeko moduko goiburua izan liteke hau, baina ez da horrela. “Lanbide Heziketako esperientziak” Mungiako Institutuak martxan ipiniko duen ekimenaren izena da. Ondorengo egunetan, Lanbide Heziketako ikasleek Batxilergokoei egingo diete bisita, eta aurrez aurre azalduko diete Lanbide Heziketako ikasketetan nolako esperientzia izaten ari diren. Informazioa eta inpresioak, zuzen zuzenean igorriko dira ikasle batzuengandik besteengana.
Elgoibarko Meka Lanbide Eskolak antolatu dituen ekintzak ere Lanbide Heziketa gizarteari hurbiltzeko helburu nagusi horren adibide bikainak dira. Ikasleak geletatik kalera irtengo dira herritarrei ikasitakoa erakustera, eta herritarren mesedetan aplikatzera. Automozioko ikasleek, kasu, hurbiltzen zaizkien herritarrei kotxearen autodiagnosia egingo diete; Erizaintzaren Laguntza ziklokoek tentsioa hartuko diete herritarrei Elgoibarko plazan; Administrazio eta Finantzetako ikasleek etxeko gastuak murrizteko gakoak azalduko dizkiete (aseguruak, gasaren, argiaren edo mugikorraren fakturak…); eta Soldadura eta Galdaragintzakoak berriz, zartagin, lapiko aitzur eta bestelako tresnak konpontzeko prest azalduko dira, eraman nahi izanez gero.
Andoingo La Salle Berrozpe Institutuak ere horixe egingo du ondorengo egun hauetan, eta kalera aterako du bere eguneroko jarduna herritarrei hurbiltzeko: 3D inprimagailuen teknologia erakutsiko diete andoaindarrei. Pasaiako Itsas Arrantza Institutuak, “Nautikan urperatu” leloarekin, itsasontzian irteerak eta urpekaritza erakustaldiak antolatuko ditu, eta Gasteizko Egibide zentroan berriz, enpresa-proiekturen bat martxan jarri duten bertako ikasle ohiek euren esperientzia partekatuko dute egungo ikasleekin, hitzaldien bidez.
Erakusketak
Asko dira egun hauetan zehar erakusketaren bat eskainiko duten ikastetxeak. Guztietan aipatzekoak dira honako hauek: Bizkaiko zenbait ikastetxetan ikusgai egongo den “Ikastunen eskoletatik egungo Lanbide Heziketara” erakusketa; “Eraikuntza iraunkorra”, Barakaldoko Nicolas Larburu ikastetxean; edo “Emakumeak eta lan teknikoa” argazki erakusketa, Bergarako Migel Altunan. Bestalde, Zarauzko Oteiza Lizeo Politeknikoko Robotika zikloko ikasleek euren robot humanoideekin osatuko dute erakusketa.
Euskadiko Lanbide Heziketaren Asteak, bestetik, ikasle ohiak elkartzeko ere balio izango du. Irungo Bidasoa Institutuko lehen promozioetako ikasleek, kasu, maiatzaren 9an dute hitzordua Logroñora irteera gastronomiko eta kulturala egiteko. Garai bateko oroitzapenak freskatzeko aukera bikaina!
Gorago aipaturiko horiek guztiak maiatzaren 6tik 17ra bitartean Lanbide Heziketako ikastetxeek burutuko dituzten jardueretan batzuk baino ez dira. Euskadiko Lanbide Heziketaren Astearen egitarau osoa ondorengo blog honetan ikus daiteke:
-
2015-05-04
Comentario de Twitter:
Semana de la FP de Euskadi: del 6 al 17 de mayo en los propios centros de FP. http://t.co/oksJgACWYj @FPeuskadi http://t.co/od24wPWXvM